Baliarrain eta Aldaba ezagutzera

Erabiltzailearen aurpegia

Alegia-Ikaztegieta-Baliarrain ibilbidea egitea da gaurko proposamena; Baliarrainera igotzea eta Aldabara joatea norbere nahiaren esku geratzen da.

Bilduma honen hasieratik esan dugu bizikletaz egiteko ibilaldi leunak eta errazak proposatu nahi ditugula, baina gure eskualdean beti ez dela posible bere orografiagatik. Oraingo honetan hiru aukera ematen dituen ibilbidea proposatzen dizuegu: Alegia-Ikaztegieta-Baliarrain, azken herri hau igo gabe leundu daitekeena (ia osorik bidegorritik egiteko modukoa, nahikoa laua) eta Aldaba erantsiz gogortu daitekeena.

Tolosatik abiatuz (distantzietarako beti Trianguloa hartzen dugu abiapuntutzat) bidegorritik joan gaitezke lasai-lasai San Frantzisko pasealekua, Iurreamendi, Usabal kiroldegia, Arzabalza eta Alegiraino. Badu zer ikusia txintxarrien herriak: San Juan bataiatzailearen eliza, udaletxea, Iñaki Begiristain kirol-kultur etxea, Zubi zaharra, Gurutze Santuaren ermita… Gaur egun Iñaki Artola pilotaria izango da herritar ospetsuena.

Alegitik Ikaztegietara ere bidegorria dugu, eta errepidean (GI-2131) oso trafiko gutxi. Beraz, biak erabiltzeko modukoak dira. Ikaztegietan San Lorentzo eliza, udaletxe berria, eskola, Pilarko Andra Mariren ermita eta kiroldegia ikus daitezke.

Aurrerago jarraituta Ibiur urtegiaren horma erraldoiarekin egingo dugu topo. Eraikuntza lan handi honen eraginez, errepide berria eraiki dute aurrerago (GI-3851) Baliarrainera igotzeko, Eredu eta Ederfil enpresen parean. Aukera erosoena hautatu dutenentzat, hemen dute buelta hartzeko lekua, bide beretik itzuliz Tolosara. Baliarrainera igotzea pentsatu dutenek bi kilometro eta erdiko aldapa izango dute herriraino, ia berrehun metro igotzeko, atseden tarte bakarra Ibiur urtegiko zelaigunea izanik. Nahikoa gogorra, beraz. Asuncion eliza, udaletxea eta Atari soro frontoi berri eta ederra ikus daitezke.

Itzulera bide beretik egitea beste aukerarik ez dago. Oraingoan txirringa gainean arin jaisteko izango dugu aldapa gogorra eta ondoren zelaia Tolosaraino. Indarrak soberan izan eta Aldabara igotzeko aukera hautatzen badugu, Alegiara iritsi baino zortziehun metro lehenago hartu behar dugu ezkerrera eta lau kilometro ditugu Tolosako auzoraino, eskualdeko gehienentzat ezezaguna.

Ia hirurehun metroko desnibela gainditu beharko dugu, 370 metrora aurkitzen baita auzo honetako plazatxoa: frontoia, elkartea eta aurreraxeago ezkontzetarako hainbestetan erabiltzen den ermita ikusi ahal dira bertan.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!