Alkiza eta Hernialde ezagutzera

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2020ko eka. 17a, 12:01

Anoetaldeko bi herrira gerturatzeko aukera izango dugu. Gaurko ibilbide proposamena ez da haur txikiekin joateko aproposena, Alkizara eta Hernialdera igotzea kosta egiten da eta.

Anoetaldeko bi herri bisitatuko ditugu gaurko txangoan: Alkiza eta Hernialde. Altura dezentean daudenez (Alkiza 342 m, Hernialde 302 m) esfortzu handiagoa eskatuko digu ibilbideak, pinoi handiagoak erabiltzera behartuz. Ez da, beraz, haur txikiekin egiteko moduko ibilaldia.

Ibilbidearen lehen kilometroak aurreko bi txangoetakoak dira: Tolosatik Anoetara eta Villabonara trenbide eta Oria arteko bidetik, tarte erabat laua. Behin Villabonako Zubimusura iritsita, ezkerraldera jo, Asteasuko bidera. Errepidean trafiko handia izaten denez, Zizurkil-Asteasu bidegorria har daiteke, errepidetik paraleloki doana, industria pabiloien artean.

Bi kilometro eta erdi eginda ezkerraldera jo behar da, Alkizara joateko (GI-3630). Handik gutxira, Sarasola sagardotegira joateko errebuelta itxian hasten da aldapa handia.

ASTEASU

Aurreraxeago Asteasuren ikuspegi ederra izango dugu, goitik behera begiratuta. Aldapak jarraitzen du, baina bada atseden hartzeko zelaigune txiki bat. Koldobika Jauregi eskulturagilearen baserri-tailerra pasa eta aldapa handia dugu berriro herriaren kaskoraino. Hemen bidegorria dagoela esan daiteke, errepidea gorriz margotuta baitago. San Martin eliza, udaletxea, eskola berri dotorea, barnetegia eta 1957ko frontoia ikus daitezke Alkizan. Bada artista eta musikari ezagunik herri honetan.

Anoeta aldera hartuta, errepidea jarraituz, berehala hasten da jaitsiera handia, segituan errebuelta itxia topatuz.

SOAITZ AUZOA

Soaitz auzoa pasa eta geroago zelaigune bat dago, berriro aldapa handia hasteko. Garbigunetik pasa eta azkar aurkituko gara Anoetan.

Plaza inguruan, trenbide gaineko zubia pasa baino lehen eskuinera jo eta Hernialdera joateko errepidea hartuko dugu (GI-3411). Santio bideko seinaleak daude. Ikastola eta gurutze bat pasatu eta igoera hasten da. Laster Tolosatik datorren errepidearekin elkartu eta eskuinera joko dugu. Aldapak jarraitzen du, batez ere Elketa jatetxetik plazaraino. Erniozabal frontoia, Jasoneko Andra Mari eliza, ostatua, Erniobide elkartea eta Santa Kruz apaizak balkoitik ihes egin zuen udaletxea aurkitzen dira plazan.

Jaisterakoan Uzturreren ikuspegi ederra dugu, parez pare. Aldapa handia dago. Tolosa gainetik ikus daiteke, ohituta ez gauden ikuspuntutik begiratuta. Hernialdeko bentan GI-3650 errepidera aterako gara eta handik Tolosara itzuliko gara, itzuli ederra eginda.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!