«Orain hasi naiz pixka bat faltan botatzen espedizioetako urte haiek»

Erabiltzailearen aurpegia

Hamarkada betetzen da gaur Edurne Pasaban Lizarribarrek munduko hamalau tontor altuenen zerrenda osatu zuenetik. Iraganera, orainera eta geroaldira begiratzen dio tolosarrak ondorengo elkarrizketan mendizale, ama eta hizlari gisa.

Hamar urte beteko dira maiatzaren 17an Edurne Pasaban Lizarribarrek (Tolosa, 1973) Sisha Pangma igo zuela, zortzimilako 14 mendietan falta zitzaion azkena. Munduko gailur handienetara iristeko hamar urte behar izan zituen eta lehen emakumea izan zen erronka hori betetzen. Goi mendizaletasunaren historian urrezko hizkiz sartu zen tolosarra. Bizitzen ari garen egoera berezian ospakizun handirik ezingo da egin, baina berarekin hitz egiteko aukera izan du ATARIA-k, lorpen hura gogoratzeko.

Zer moduz doa itxialdia?

Ondo. Aran bailaran harrapatu gaitu. Urte erdia Euskal Herrian pasatzen dut eta beste hiru-lau hilabete hemen pasatzen ditut eta hemen harrapatu gintuen itxialdiak. Ez gaude gaizki, hemen mendiak leihotik ikusten ditugu. Ondo egoten da. Eguzki ederra eta elurra etxe atarian izan ditugu egun batzuetan, tentazio handia eskiak hartu eta abiatzeko.

Max txikia zer moduz moldatzen da?

Lehen asteak ondo, baina bosgarren astetik aurrera oso gaizki, ume guztiak bezala, hiru urte bete ditu oraintxe, eromena izan da. Eskerrak azken egun hauetan atera garela. Izugarrizko aldaketa egin du, onera.

Hamar urte igaro dira azken zortzimilakoa igo zenuenetik, Sisha Pangma. Ibilbide luzea izan zen hamalau gailurrak lortu arte. Orain, hamar urte ondoren, nola oroitzen duzu igarotako garai hura?

Oso azkar pasatu dira hamar urte hauek. Atzo bertan Sisha Pangmako gailurrean nengoela iruditzen zait. Urte hauek zeharo azkar pasa dira. Beste bizitza bat bizitu dut. Hamar urte buru-belarri aritu nintzen proiektu hartan eta gero dena aldatu eta gaur egungo bizitza beste modu batekoa da. Bi Edurne bezala egon dira. Faltan botatzen dudan gauza ere bada eta urteak pasa ahala, gehiago. Hamar urte hauetan gauza asko pasa dira nire bizitzan eta orain hasten naiz pixka bat faltan botatzen espedizioetako urte haiek.

«Dhaulagirira joateko herriak babes handia eman zigun. Hori ez dugu sekula ahaztuko»

Urte bete-beteak, gorabehera askokoak, denak ez ziren berdinak izan eta espedizio mota desberdinak ezagututakoak: alde batetik lagunekin, bestetik jende adituarekin, TVEko 'Al filo de lo imposible'-koekin ere ibili zinen… Zertan bereizten dira espedizio mota horiek?

Hiru etapa desberdinetan sailkatzen ditut. Alde batetik hasierakoa, Oargi mendi elkartean 1998an lehen espedizioa antolatu genuen, adibidez, bertako bost lagun elkartuta. Elkarrekin eskalatzen genuen Alpeetan, Pirinioetan eta Euskal Herrian zehar. Zortzimilako batera joateko ilusio hori genuen, etxera lorpen hori ekartzeko. Oso oroitzapen politak ditut espedizio hartaz, Dhaulagirira izan zen. Kamisetak egin genituen, Inauterietan taberna jarri genuen eta horrela bildu genuen dirua. Herriak babes handia eman zigun. Hori ez dugu sekula ahaztuko. Emozio hori ez da galdu, azken momentura arte eduki dut. Hortik aurrera, atzerriko jendearekin eskalatzen hasten naiz, lagunak baita ere. Eta 2003an beste etapa bat hasten da, Al filo de lo imposible telebista programakoekin eskalatzen hasten naiz, oso mendizale indartsuekin: Juan Vallejo, Juanito Oiarzabal, Mikel Zabalza, Ferran Latorre... Oso etapa polita izan zen. Eta gero, azken txanda, buru-belarri hamalau zortzimilakoak bukatzera sartzen naizenean, ordura arte ez nuelako horretan pentsatzen, 2008tik aurrera. Eta horretarako nire taldea egin nuen. Hor sartzen da nire lehengusua Asier Izagirre eta beste jende bat.

Asier Izagirrerekin, lehengusua eta konfiantza handia eman dion kidea.

Mendizaleak aipatzen dituzu. Tarteka emakumeekin ere ibili zara mendian: Esther Sabadell, Marianne Chapuisat… Zer oroimen duzu espedizio horietatik?

Gutxi izan dira zoritxarrez. Goi mendizaletasunean ez da emakume asko izan eta gaur egun ere ez dago asko. Ez dut aukera handirik izan emakumeekin espedizioak egiteko. Egindako horiek bere berezitasuna bazuten. Neska bat izatea espediziokidea eta kanpamendu orduetan erlazio hori izatea ez da gizon batekin duzun berdina. Oroimen polita daukat. Pena sentitzen dut gehiago ez izatea.

Zortzimilakoen lasterketan sartu zinen une batean lehen emakumea izateko. Nola sartu zinen horretan?

Zortzimilako guztiak bukatu zuen emakumerik ez zegoen garaia tokatu zitzaidan bizitzea, aukera hori izan nuen. Bagenbiltzan batzuk horren atzetik: Nieves Meroi italiarra, Gerlinde Kaltenbrunner austriarra, eta Oh Eun-Sun korearra. Komunikabideek sortutako lehia izan zen gehiago. Kirolean ematen du beti irabazle bat egon behar dela. Goi-mendizaletasunean ere bazegoen hori, ea zein zen lehena bukatzen. Ez nuen lehia edo presio handirik sentitu. Gerlinderekin edo italiarrarekin ez nuen hori sentitzen. Gerlinderekin izanda nengoen Dhaulagirin eta Broad Peaken, italiarrarekin ere bai, lagunak ginen eta antzeko momentua bizitzen ari ginen: lagunekin hasita, urteak eskalatzen… Pausoz pauso gindoazen. Eta bat-batean, 2007 urtean, azaldu zen Koreatik etorritako emakume ezezagun bat, Himalaiako munduan inork ez zuen ezagutzen, baina oso indartsu zetorren, gehien bat espedizio oso handiak egiten, oso prestatuak, eta oso azkar egiten zortzimilakoak. Eta hor bai sortu zen lehia, argi esan behar dut, gehien bat korearraren kontra. Guk hainbeste urtez lan egin ondoren eta ahal genuen bezala, pausoz pauso, bai italiarra, bai austriarra eta ni, eta orain Koreatik datorren neska bat, guk baino aurrekontu ehun aldiz handiagoekin… «Honek ez ditu bukatuko hamalau zortzimilakoak guk baino lehenago». Hori pentsatu genuen horretan ari ginenok. Hor bai sentitu nuen lehia bere kontra.

Orain berriz, emakumeen presentzia komunikabideetan asko gutxitu da. Nola dago gaur egun emakume alpinisten egoera?

Egia da zeharo aldatu dela. Mendizale lagunekin (Alex Txikon, Ferran Latorre) lehengoan komentatzen genuen han dena aldatu dela. Lehen espedizio asko egiten genituen, 90. hamarkadan eta 2000ko hamarkadan pentsa zenbat espedizio ateratzen ziren Euskal Herritik, ez bakarrik gureak, baizik eta Hernanitik bat, Iruñetik beste bat… Eta espedizio haietan neskak ere joaten ziren. Hori dena bat-batean geldituta dago. Ez dira ateratzen, zailagoa delako gaur egun babesleak bilatzea. Emakume gutxiago dabil himalayismoan eta zortzimilakoetan. Bestalde, beste mendietan eta eskaladan emakume dezente daude gauza interesgarriak egiten dituztenak. Beharbada ez dute guk izan genuen ospe hori orain.

«Zortzimilakoetan ez, baina beste mendietan eta eskaladan emakume dezente daude gauza interesgarriak egiten dituztenak»

Hamar urte luze horietan zurekin ibilitako mendizale batzuk hil dira. Nola oroitzen duzu?

Azkenean mendiak bere aurpegi txarra ere erakutsi digu. Himalaian hamar urtetan ibilita, mendiak asko eman dit, lagun asko ezagutu, baina lagun asko ere galdu ditut. Hori da mendiaren alde txarrena. Momentu gogorrak dira horiek, zer pentsa ematen du gertu tokatzen zaizunean, baina azkenean pentsatzen duzu bizitzan aurrera egin behar dela eta guk ere aurrera egin behar genuela.

Lasterketa hori amaituta, buelta bat eman zenion zure bizitzari beste esparru batzuetan sartuz. Nola izan da aldaketa hori?

2010aren ondoren deseskalatzea hasi zen, bertigo pixka batekin, hamar urtetan buru-belarri proiektu batean sartuta ibili nintzelako. «Horren ondoren zer egingo dut?», galdetzen duzulako. Momentu hartan beste bi zortzimilako atera izan balira perfektoa izango litzateke guretzat, baina ez zen hala izan. Gauzak beste alde batetik begiratzea pentsatu nuen, mundu horretatik atera eta nire bizitza handik aurrera nola ikusten nuen aztertzea. Zortea izan nuen, coaching ikasketak egiten hasi nintzen, eta ikasketa horiek ez dira bakarrik besteentzat, norberarentzat ere balio dute. 2011n horrelako ikastaro batean ariketa bat bazen begirada hamar urte geroago jartzea eskatzen zuena, zeure burua nola ikusten duzun pentsatzea, alegia. Horrelako eskema txiki bat, sinplea egin nuen. Mendia da nire bizitza, mendiarekin erlazionatuta jarraitu nahi dut, gustatzen zait hitzaldiak ematea eta jendea, ama izan nahi dut, hori ere argi nuen. Momentu onean etorri zen ariketa hura. Eta hori gertatu da hamar urte hauetan. Jarraitzen dut mendiarekin harremanetan, urtero joaten naiz Himalaiara nire gauzak egitera. Ama izan naiz. Eta gaur egun nire ogibidea hitzaldiak ematea dela esan daiteke. Enpresa desberdinetan motibazioa, lan taldeak egiten, zenbait unibertsitatetan lidergo klaseak ematen ditut…

«Duela hamar urte pentsatutako eskema betetzen ari naiz: mendiarekin harremanetan jarraitzen dut, ama izan naiz, hitzaldiak ematen ditut…»

Ama izatearena aldaketa handia da goi mailako edozein kirolarirentzat, eta are gehiago mendian. Zer suposatu du zure bizitzan, alde onak eta oztopoak ekarriko dituela jakinda?

Ama izatea desiratzen nuen gauza bat zen, izugarria eta oso polita da, baina egia da mendizaletasunarentzat oztopoa dela horrelako espedizioak egiteko, hilabete edo hilabete t'erdi kanpora joatea gehiago kostatzen zaizu eta arriskuaren gestioa askoz ere zailagoa da. Lehen arriskua ez zenuen ikusten, zuk bakarrik hartzen zenuen arriskua, dena zure inguruan zegoen. Orain, ume txiki batekin gauzak desberdin ikusten dituzu, eta gauzak askoz gehiago pentsatzen dituzu. Aukera batzuk izan ditut azken urte hauetan gauzak egiteko, Alex Txikonekin eta, baina egia esan erabakia hartzea asko kostatzen zait ume txiki batekin.

Nepalera joaten zarela esan duzu, Montañeros para el Himalaya fundazioarekin zerikusia du? 

Duela urte batzuk sortu genuen fundazio hori, gehienbat bertako haur eta gazteei ikasketak emateko aukera sustatzeko, horrelako herrialdeetan laguntzarik onena gazteei edo umeei ikasketak izaten laguntzea da. Katmandun beste jende batekin ehun ume ditugu ikasten unibertsitatera bideratzeko. Eta duela bi urte emakume batzuekin espedizio bat egiteko aukera izan nuen, Nepalgo leku urrun batera, emakumeak oso diskriminatuta bizi dira bertan, tradizio zaharren menpean bizi dira emakumeak, chaupadi izeneko ohitura bat sufritzen dute: emakumeok hilerokoa izandakoan ezpuruak garela uste dute, ezin dugula beste jendearekin egon, eta etxetik bidaltzen dituzte lau egunez basora edo txabola batzuetara, eta asko hil egiten dira. Haiek ezagutzeko aukera emateko eta beraiei beste mundu bat dagoela ezagutzera emateko espedizio bat egin genuen, 2018ko udazkenean eta haren ondorioz bailara horretako emakume horiekin ari gara lanean eta zortzi emakume gazte Katmandun ditugu ikasten. Pentsatzen dugu horrelako ohiturak gaizki daudela esanez ezin dugula hara joan, baina beraiei beste mundu bat dagoela ikusteko aukera eman behar diegu, eta ikasketak ematea da horretarako bide egokiena.

'Ataria'-ko azken elkarrizketa hain zuzen ordukoa da, Saipal mendira joan zinetenekoa. Han aipatzen zenuen dokumentala eta emakumeen trekking agentzia sortzeko asmoa zenutela. Zertan da hori?

Dokumentala egin dugu eta Bilboko Mendifilm jaialdian aurkeztu genuen. Gauzak bere lekura itzultzen direnean gustura ekarriko nuke Tolosara. Trekking agentzia sortu baino lehen, neska horiei aurrena ikasketak eta ogibidea ematea hobe zela pentsatu eta horretan ari gara orain.

Nepalgo haurrei eskola ematen dien fundazioa gidatzen du gaur egun.

Egun hauetan bizitzen ari garen itxialdiak aldaketa asko ekarriko ditu bizimodura. Mendizaletasunean zer eragin izango du?

Handia, gauza guztietan bezala. Orain Nepalen egon behar zuten espedizio guztiak ez daude noski, itxita dago, herrialde guztiak bezala. Ezin da bidaiatu eta espedizioak buruan dituenak aurten ezingo ditu bete. Zenbait lagunekin hortaz hitz egiten nuen, bere bizimodua hori da, espedizioak egin eta hitzaldiak ematea. Bere bizimodua akabo, beste hainbat jenderena bezala.

Bidaiatzeari beldurra hartuko diogula uste duzu?

Ez diogu beldurrik hartu behar, birusa etxean ere harrapatu daitekeelako. Nepalera edo Patagoniara joateagatik lehenago ez dugu harrapatuko. Bidaiatzean hegazkin batean sartzeak arazo batzuk ditu, distantzia aldetik eta. Baina horri ere irtenbide bat bilatu beharko zaio, bestela munduko ekonomiak behera egingo du, ez delako egongo turismorik, hegazkinik eta gaizki ibiliko gara orduan. Argi daukagu beldurrarekin ez garela inora joango. Errealitate bat da hau, errespetua eduki behar zaio eta horrek beldurra sor dezake, baina panikoa ez dugu eduki behar. Jakin beharko dugu bizitzen egoera honetan. Seguruena gure seme-alabek horrelako beste pandemia bat bizituko dute eta ezin dugu esan guk urte bukaeran ere berriz biziko ez dugunik. Kontuz ibili beharra dago eta luzatzen dizkiguten gomendioak errespetatu behar ditugu.

Everesteko beheko kanpamenduan inor gutxi egongo da egun hauetan.

Egoerari alde positiboak bilatzen hasita, Himalaian azkenaldian zeuden jende pilaketak desagertuko dira, natura berrindartuko da, Everesteko oinarrizko kanpamendua garbiago egongo da…

Oraintxe bertan Everesteko beheko kanpamenduan beste edozein urtetan ia mila pertsona egongo lirateke, sukaldari, mendizale, sherpa artean, eta ez da inor egongo. Horrek mendiari nolabaiteko arnasa emango dio. Lauzpabost aste etxetik atera gabe izan gara eta zenbait herrialdetan ikusi dugu animaliak kalera ateratzen. Badugu lagun bat hemen aterpe batean bizi dena eta hartza ikusi du. Izugarria da, oso ona.

Erlazionatuak

Tolosa munduan zabaltzen

Erabiltzailearen aurpegia Tolosa

Munduan zehar Tolosa herriaren izena zabaldu duten pertsonai ospetsu batzuk badira. Horien artean Edurne Pasaban aurkitzen da. Zortzimilako guztiak...

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!