Tolosa munduan zabaltzen

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2020ko mai. 17a, 05:59

Munduan zehar Tolosa herriaren izena zabaldu duten pertsonai ospetsu batzuk badira. Horien artean Edurne Pasaban aurkitzen da. Zortzimilako guztiak igotzea lortu zuen lehen emakumea izateak komunikabide guztietako ateak ireki zizkion. Ospe eta goraipamen horiek lortuta, non jaio eta hazi zen ez du sekula ahazten, gaur egun Donostia eta Aran bailara artean bizi bada ere.

Eskalada munduan Alpino Uzturre elkarteko ikastaro batean hasi bazen ere, «monitore eder batengatik» berak aitortzen duenez, Oargi elkartean aurkitu zuen mendirako kuadrilla, giroa eta zaletasuna. Astebururo goizeko zortzietan Dama Berdean nola elkartzen ziren gogoratzen du, Zazpi Iturrira edo Eginora eskalatzera joateko. Asko eskertzen du Oargiko jende helduagoaren eta esperientzia handikoaren babesa, bestela ez zelako seguruenik beste pausoak ematera ausartuko. «16-17 urte genituela 30 urte inguruko jendearekin ibiltzen ginen eta beraiei berdin zitzaien gurekin mendira joatea edo gu Pirinioetara eramatea», aipatzen du.

Lehen eskalada ikastaro hartan zegoen Asier Izagirre lehengusua eta berarekin batera eman zuen pausoa Oargira. «Hamalau urtetik aurrera ikasi ditudan gauza guztiak Asierri esker direla esan dezaket», aitortzen du. Urte bat gehiago bakarrik izan arren, esperientzia zuela, jende asko ezagutzen zuela eta harekin gauza interesgarriak egiten hasi zela onartzen du.

Everest izan zen lortu zuen lehen zortzimilakoa.

Tolosan munduan zehar ibili den mendizale, kirolari, bidaiari asko izateak eta gaztetan giro hori ezagutzeak izan duen eragina aipatzen du eta horretaz «oso harro» sentitzen dela baieztatzen du, «inguruan erreferente asko izan dugulako». Horregatik berak egindako balentria ez omen da hain harrigarria. Azken urteotan horrelako kirolak sustatzeko sortu den Zumardia ekimenak «inbidia eta pena» ematen diotela dio, bere semeak hori ezin duelako bizi kanpoan bizituta.

Mendi elkarteak aipatu ditu Pasabanek eta horien garrantziaz eta etorkizunaz ere galdetzeko aprobetxatu du ATARIA-k. Taldeen egoera oso ondo ez duela ezagutzen onartu arren, eta gorabehera handiak izaten direla jakinda, jende gaztearen falta sumatzen du, beste lehentasun batzuk izaten dituztelako. «Elkarte batek aukera asko ematen ditu sentsazio ikaragarriak bizitzeko, mundu berriak irekitzeko. Eta hori martxan jartzeko motibatuta dagoen jendea behar da, haurrekin, gazteekin… lan egiteko eta horiek erakartzeko», adierazten du.

Ez du ahazten gaztetan Oargiko jende esperimentatuagoak eskalatzera eta Pirinioetara joateko emandako aukera

Tolosaldeko mendi kuttunenaz galdetuta, Txindoki eta Uzturre aipatzen ditu bereziki, askotan izan delako bietan, eta orain, amarengana etortzen denean, batez ere Uzturrera joaten delako semearekin. Hilabete honetan egitekoa zen XIV Orduko Ibilaldia ere mintzagai izan dugu. Aurreko edizioan, 2016an, parte hartu zuen eta aurtengoan ere ateratzekoa zen, baina «penaz» ezingo dela izan seinalatzen du, sekulako giroa sortzen delako martxa horretan.

Tolosarekiko maitasuna eta harremana ez duela galdu ikusten da. «Niretzat beti nire etxea izango da Tolosa. Gurasoak eta anaia bertan bizi dira. Nire bikoteari askotan proposatzen diot Tolosara bizitzera joatea, hor nago borroka batean, ez dut baztertzen azkenean etxean bukatzea berriz. Etxea etxea da, munduan ibil zaitezke, leku polit asko daude, baina etxekoak bezala, eta lagunak bezala inon ez», adierazten du.

Itxialdia amaitzerako dituen proiektuak aipatzerakoan, gauza gutxi erantzun du, Nepalera 6.000 metroko mendi bat eskalatzera joateko gogoa zuen, baina gauzak dauden bezala beste era batera hartu beharko direla uste du, zaila izango delako. «Hau bukatzen denean Euskal Herrira joan nahi dut, etxekoak bisitatzea lehenengo gauza izango da», eransten du. Aurtengo uda Euskal Herria eta Pirinioetan bueltak emateko aprobetxatu behar dugula dio. Eta irailetik aurrera gauzak egiteko zer aukera dagoen ikusten joan beharko dela dio, zaila izango dela jakinda. «Pausoz pauso joan behar dugu. Ez dakigu, ezin dugu gure begiak oso aurrean jarri, epe motzera begiratu behar dugu», adieraziz eta mendi tontorren batean topatzeko desioarekin agurtu da mendizale tolosarra.

Sisha Pangma, igo zuen azken zortzimilakoa, duela hamar urte.

 

KRONOLOGIA

2001. Maiatzak 23. Everest (8.848 m).

2002. Maiatzak 16. Makalu (8.463 m).

2002. Urriak 5. Cho Oyu (8.201 m).

2003. Maiatzak 26. Lotse (8.516 m).

2003. Uztailak 19. Gasherbrum II (8.035 m).

2003. Uztailak 26. Gasherbrum I (8.068 m).

2004. Uztailak 26. K2 (8.611 m).

2005. Uztailak 20. Nanga Parbat (8.125 m).

2007. Uztailak 12. Broad Peak (8.047 m).

2008. Maiatzak 1. Dhaulagiri (8.167 m).

2008. Urriak 5. Manaslu (8.156 m).

2009. Maiatzak 18. Kanchenjunga (8.586 m).

2010. Apirilak 17. Annapurna (8.091 m).

2010. Maiatzak 17. Sisha Pangma (8.027 m).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!