Santos Aldasoro Iriarte Galtzaundi (Etxarri Aranaz 1831-Tolosa 1899) pertsonaia aztertu du Francisco Tuduri Esnalek (Tolosa, 1945) bere azken liburuan. Abokatua lanbidez, historia du zaletasun eta aurretik ere argitaratu ditu eskualdearekin erlazionatutako hainbat lan, Ski Club Tolosano, zezen plaza, Oria paper fabrika eta bera bazkide den Kabila elkarteari buruzkoak, besteak beste.
Nola sortu zen liburu honen ideia?
Galtzaundiren bertsoak, testamendu modura eginak izanda, misterio bat ziren niretzat. Protagonistaren ondorengoren bat aurkitzen saiatu nintzen, baina ezin izan nuen. 1870era arte elizako artxiboetan bilatu behar da, erregistro zibilik ez zegoelako. Bestalde, umetan hil ez zen alaba bakarra Madrilera joan zen bizitzera, bilaketa oso zaila eginez. Udal erroldak hor badaude. Industria erregistroak ere badaude, baina zapatarien kasuan denda zutenak agertzen dira, ez Galtzaundi eta Ramos Azkarate bezala kalean aritzen zirenak lanean. Urteak pasatu ditut, erabat horretan ezin naizelako aritu. Bilaketa erakargarria da, baina pazientzia handia eta denbora asko behar da.
Nola definituko zenuke Galtzaundi?
Abestiaren testuaren arabera, mozkor eta parrandazalea zela pentsa daiteke, baina gizon xumea zela esan daiteke, Juan Garmendia Larrañagak definitu zuen bezala. Bizimodu zaila izan zuen: kalean lan egiten zuen, sei seme-alabetatik bost umetan hil zitzaizkion, emaztea ere egoera bitxian hil zitzaion, etxez askotan aldatu zuen, Miserikordian bizitzen bukatu zuen… Mitifikatuta dago, inauteriarekin duen erlazioarengatik. Ramos Azkarate bezala, abestiaren letraren egilea.
Orain bere irudia jartzen dute kultur etxeko balkoian eta kanpaina baterako ere erabili dute irudi hori.
Ez dut uste panpina horrek Galtzaundi ordezkatzen duenik, janzkera eta estilo hori ez zuen izango.
Zergatik aukeratuko zuen Ramos Azkaratek pertsonaia hau bertsoak idazteko?
Zalantza hori daukat: Azkarate bera bere testamendu propioa egiten ari ote den, erdi brometan, edota ondoan duen lankideari jartzen dion, pertsonaia zerbait mozorrotuz. Une batean Goñi abizena duela esaten du, eta ez zen hala. Eta Galtzaundi deitzen dio, galtza motzegiak erabiltzen zituelako nonbait, barregarriak.
Nolakoak ziren gerra aurreko inauteriak?
Garai batean Plaza Zaharrean egiten zen inauteria eta baserri girokoa zen, txistuak paper nagusia hartuz. Plaza Berria egin zenean, hara pasatu zen festa, inauteri hiritarragoa bihurtuz. Jendea ez zen mozorrotzen orain bezala, pierrot eta domino jantziak bakarrik izaten ziren. Maskara desfilea zen ekitaldi nagusiena, Korreo kalean. Inork ez ezagutzea eta ondo pasatzea zen helburua. Jende askok hartzen zuen parte, leihoetatik konfeti ugari botaz. Eta kanpoko jendea etortzen zen. Donostiara Kasinoren desfile dotoreak ikustera joaten zen jendea, gero Tolosara etortzen omen zen ondo pasatzera. Liburuko azalean 1920 inguruko argazki bat jarri dut: hiru pertsona maskarekin. Bada hirurak emakumeak dira. Orduan maskararen babesean parte hartzen zuten. Gero galdu egin zen parte-hartze hori. Plaza Berrian bukatzen zen desfilea, bertan zezen festa izanik. Musika bandak jartzen zuen musika, plaza Zaharretik abiatuta. Rufo Montilla zen bandaren zuzendaria XIX. mende amaieran, gaur egun jotzen den errepertorioa jaso zuena. Villabonako banda ere etortzen zen laguntzera, bertakoak lan handia baitzuen: kalejirak, dantzaldiak Berdura plazan, zezenak... Horregatik daude errepertorioan habanerak, polkak, balsak eta erritmo lasaiagoak, dantzaldiak izaten zirelako. Txarangak, karrozak eta konpartsak askoz beranduagokoak dira, gerra ondorengoak.
Garaiko musika giroa islatu nahi izan zenuten liburuaren aurkezpenean, udaletxeko areto nagusian.
Bai. Orduan emanaldi asko egiten ziren plaza Berrian zegoen antzokian, gero merkatua egon zen tokian. Gorriti antzokia baino lehenago. Orfeon Tolosanok han kantatzen zuen. Eta zarzuela eta antzezlanak han egiten ziren. Hor sortu ziren gero Donostiara eraman ziren Cultura Musical izeneko jardunaldiak. Eta kafetegietan, batez ere, Cafe de la Amistaden, Korreo kalean, pianoa izaten zen eta haren inguruan musika emanaldiak izaten ziren, garaiko doinuak abestuz edo beste instrumenturen batekin lagunduz. Jose Rogelen El último figurín zarzuelak arrakasta izan zuen eta batez ere habanera hori, La perdiz bezala ezagunagoa, estreinatu eta lau hilabetera bereizita argitaratu zutena. Doinu hori hartu zuen Ramos Azkaratek Galtzaundiren letra idazteko.