Mariaren Bihotzaren misiolarien kongregazio erlijiosoa San Antonio Maria Klaretek sortu zuen 1849an. Tolosara 1914an etorri ziren eta 1922an eliza neogotikoa eraiki zuten Guillermo Eizagirre arkitektoaren zuzendaritzapean. 2003an erlijio zerbitzua amaitu zen, apaizek egoitza utzi, udalari saldu eta honek enpresa eraikitzaile bati saldu zion.
Zortzi edo bederatzi klaretar izaten ziren Tolosako komentuan, baina guztira asko pasatu ziren urte luze horietan. Txandaka-txandaka beraien arteko nagusia aukeratzen zuten. Tolosan izandako apaiz ezagunenen artean Iruarrizaga anaiak daude, hiruak musikariak: Luis zaharrena, Gervasio gaztexeagoa eta Ruperto. Jose Otano nafarra ere oso musikari ona zela gogoratzen du Claudio Barroeta apaizak, «Parisen ikasitako organista, berak zuzentzen zuen musika eta meza-laguntzaileen koroa», dio. «Euskaltzalea zen, Donostiara joan zen gerra hasi zenean eta handik egun batzuetara fusilatu egin zuten Henanin, Bilbora joateko Eusko Jaurlaritzak jarri zuen trena ez hartzeagatik», gogoratzen du. Santiago Elezkano, Undarga, Aretxaga, Garrido, Les eta beste batzuk ere aipatzen ditu.
Bizkaitar asko izan ziren eta nafarrak ere baziren tartean, baita euskaltzaleak ere. Barroeta bera gazteei, lana bukatu ondoren, euskara klaseak ematen aritzen zela aipatu du. Dantza irakasten ere aritzen omen ziren, Lazkaotik irakasle bat ekarrita. Santa Agedan kantari ere ateratzen ziren. Lurdesera gaixoekin egiten zituzten bidaiak ere aipatzekoak dira.
GAZTERI KORDIMARIANA
Eraikin berean, San Antonio Klaret eta Mariaren Bihotzaren irudien babesean, bizitza handia izan zuen Gazteria Kordimariana biltzen zen. Erlijio, aisialdi eta kultur ekitaldiak antolatzen zituen gazteentzat, Aurelio Garrido eta Francisco Les korazonisten zuzendaritzapean. «Eginkizun askotako elkartea izan zen: kultura (liburutegi aberatsaren jabe), lagunarte zalea (ekonomia, janaria, jantziz…) behartsuei lagunduz, musika eta liturgia jorratuz», azaldu du Barroetak.
Alpino Uzturre mendi elkarteak ere Kordimarianen lokaletan izan zuen lehen egoitza, Tolosa CF elkartetik mendizaleak atera eta 1958an sortu zutenean. Hala adierazi dute Alpinoko sortzaileek. Han urte pare batez egon eta Esteban Larraiozen etxera pasatu zuten materiala gordetzeko eta bilerak egiteko lekua, 1962an gaur egungo Gudari kaleko egoitza egin bitarte.
«Tolosan neukan Jauna hemen ere badaukat»
Claudio Barroeta (Igorre, Bizkaia, 1922) klaratarrak 34 urte egin zituen Tolosako Korazonistetan. Besteak beste, Poxpolin ikastolako sortzailea eta zuzendaria izan zen. Eliza eta komentua itxi zenean, bera izan zen ateratzen azkena. Gaur egun Aguraingo Klaratarren egoitzan bizi da.
Noiz etorri zinen Tolosara eta noiz arte egon zinen?
Hiru egonaldi egin ditut Tolosan. Lehenbizikoa 1953tik 1958ra, bigarrena 1974tik 1997ra, Poxpolin ikastolako zuzendari, eta hirugarrena 1997tik 2003ra, elizako arduradun bezala. Beraz guztira 34 urte.
Nola bururatu zitzaizun Poxpolin ikastola sortzea?
Poxpolin izena Angelatxo Arrue emakume ezagun ospetsuak argitu zidan. Emakume Abertzaleen lehendakaria zen, Iparraldera erbesteratu zen. Bere osaba Patrizio Orkaiztegi Tolosako parrokoa izan zen eta bere bitartez etorri ziren Tolosara korazonistak, Iruñean deitzen zitzaien bezala, ez klaretarrak. Klaret santua gure sortzailearen antzera lan egin nahiak ere eragin zuen sorreran.
Eta zergatik sortu zenuen?
Euskarari indarra emateko. Erdaldun asko etortzen zelako kanpotik Tolosara bizitzera. Ikasle gehienak euskaldunak ziren eta haien artean erraz euskalduntzen ziren. Gurasoek, euskara ez jakin arren, euskararenganako maitasuna erakutsi behar zieten.
Zein ziren ikastolako buruhauste nagusienak?
Andereño-irakasle egokiak eta euskaldunak aurkitzea eta andereño-lana ordaintzeko txanponak biltzea. Angelatxo Arruek bilatu zidan lehen irakaslea, Joxepi Agirrezabala. Asko lagundu zidan ikastola sortzen. Denak ondo portatu ziren beti.
Klaseez gain, zer egiten zenuten?
Ikastolako haur guztiei D ereduko euskara herrikoia eskaini, Gabonetan kaleetan jaiotzaren kantuak abestu, Errege Eguna ospatu ikastolan, Olentzerori kalean ibilian abestu, Inauterietako kanta eta jantzi bereziak erabili, maiatzeko larunbatetan lore sorta eta bertso bereziak eskaini Ama Birjinari, urtean zehar irteerak antolatu Gipuzkoako hainbat herri eta tokitara, ikasturtea burutu ekitaldi ugariren artean futbol lehiaketa eratuz…
Nola eta zergatik itxi zen?
Herrian jaioberria gutxitu heinean, Poxpolin ikastolarako eskariak murriztuta, eta baita goi mailako ikasketak hedatu ezinagatik.
Nola gogoratzen dituzu Korazonisten elizako azken urteak?
Ni gelditu nintzen azkena. Mezak ematen nituen. Nagusiek ere ez zekiten zer egin. Han zeuden gauza batzuk banatu egin nituen, adibidez sarreran zegoen San Antonioren irudia frantziskotarrei eman nien. Aulkiak Donostian eraikitzen ari ziren eliza bati eman nahi nizkion, baina bila etorri zirenean sitsak janda zeudela ikusi genuen. Beirateak oso onak ziren, Frantzian egindakoak. Ez dakit non egongo diren. Organoa berrituta zegoen eta teklatua primeran jarri zuten.
Pena hartu al zenuen Tolosa uztean?
Han neukan Jauna hemen ere badaukat.