Gela batekin hasi ziren eta lehen andereñoa Txaramako Joxepi Agirrezabala izan zen, ezkondu zenean utzi zuena. Handik gutxira Cristina Arozena tolosarra hasi zen lanean. Poxpolin ikastola handitzen hasi zen, 2-6 urte arteko ikasleekin, lau gela izatera iritsiz, eta handik urte gutxira Mari Jose Zabala lizartzarra sartu zen andereño. Bi irakasle hauek izan ziren urte gehienak egin zituztenak. Bertatik pasatu ziren beste andereño batzuk ere aipatu dituzte: Gema eta Mari Jose Franco elduaindarrak, Marian Olano lizartzarra, Izar Lasa alegitarra…
«Garai hartan herriko ikastetxeek ez zituzten bi urteko haurrak hartzen. Hutsune hori bete zuen Poxpolinek», diote bi andereñoek. Eliza aurreko plazatik, beste sarrera zuen ikastolak. Eskailerak igota, ikasgelez aparte, patioak eta terraza ere bazituen. Alde Zaharreko ume asko bildu zituzten, baina baita urrutiagokoak ere, Amarotz eta Ibarrakoak, besteak beste. Haurtxoa liburua gogoratzen dute eta geroago, Ikastolen Elkartean sartu zirenean, beste material batzuk ere erabili omen zituzten. Hala ere jolasak eta psikomotrizitateak leku asko hartzen omen zuten. «Oso oroimen ona daukagu. Familia giroa zen eta gurasoek parte hartze handia zuten», azaldu dute. Urtero egiten zituzten festak, ibilaldiak Uzturrera, asteburu pasak Leitzako baserrian…, aipatzen dituzte. «Aita Barroetak asko laguntzen zigun. Beti zegoen haurrekin jolasten edo futbolean entrenatzen», diote. Apaiz euskaltzale eta bertsozale bezala gogoratzen dute. Donostian dagoen Mariaren Bihotza ikastolarekin harremana zuten.
Sei urte beteta, haurrak herriko beste ikastetxeetara joaten ziren Oinarrizko Hezkuntza egitera. Denborarekin, ikastetxeak ikasle gero eta adinez txikiagoak hartzen hasi zirenean, Poxpolingo ikasleria gutxitzen joan zen pixkanaka eta 1997. urtean ikastola itxi egin zen behin betiko.