Kale Kantoitik

Nazka haundia

Erabiltzailearen aurpegia Joxemari Iturralde 2017ko mar. 13a, 16:47

Jendea nazka-nazka eginda dago honezkero. Nahiko aspertuta, guztiz gogaituta eta pertsona asko eta asko lur jota. Izan ere, jende askok daukan irudipena horixe baita: politikariek, alderdi politikoek adarra jotzen diote jendeari, burla egiten diote etengabe.

Gauza bat esan orain, eta beste bat egin gero. Gauza bat agindu gaur eta guztiz kontrakoa egin bihar. Eta ez da ezer gertatzen… Nola ez da ba jada jende asko nazkatuta egongo?

Esaten ari naizen honen guztiaren adibideak nonahi aurkituko ditugu eta noiznahi gainera. Jendeak inoiz espero bazuen Urdangarin, Infanta bere emaztea, Blesa, Barcenas, Rodrigo Rato eta halako hainbeste eta hainbeste kartzelan sartuta ikustea, ezusteko ederra hartuta geratuko zen ohartuta denek libre eta kalean jarraitzen dutela.

Justiziak ez duela ongi eta behar bezala funtzionatzen jende askoren ustea da, eta herri hau ez dela batere serioa ere jende askok uste du, are gehiago, erabat sinetsita daude herri honek gehiago duela Hego eta Erdi Ameriketako errepublika bananeroetatik Ipar Europako demokrazia sendo eta aski errotuta duten nazioetatik baino. Izan ere, Espainian gertatzen ari dena oso gutxitan ikusiko baitugu gertatzen Ipar Europako demokrazia finkatuetan.

Azken hilabeteetan askotan entzun diegu agintari politikoei esaten onbideratu, birsortu egin behar dela sistema instituzionala. Ustelkeria hain nabarmena denez zerbait egin beharra dagoela gaitz hori errotik erauzteko. Eta ikusirik ustelkeria praktikatu dutenak libre geratzen direla jende askok uste izan du garbiketa horrek hasi beharko lukeela sistema juridikoa garbituz, hau da, epaileak aldatuz, tribunalak berrituz. Eta berriro ere jende hori, guztiz harrituta, guztiz txundituta geratu da ohartu denean zer egin duten Espainiako bi alderdi politiko nagusiek. Eta zer egin dute ba PPk eta PSOEk?, galdetuko du orain entzule (edo irakurle) despistatu batek. Ba oso erraza da erantzuna: akordio azkarra lortu dute bi alderdi politiko horiek Tribunal Konstituzionaleko magistratuak euren artean banatzeko, kromoak balira bezalaxe. Hau da, bi magistratu PPekoak eta beste bi PSOEkoak jarri dituzte. Horrela badakite zerbait larria gertatzen denean magistratu horiek ez dutela alderdi politiko horien kontra epaiketarik emango. Tribunal Konstituzional horretan daude, esate baterako, Conde Pumpido ezaguna, PSOEk hortxe jarritakoa eta, adibidez, Andrés Ollero, PPko diputatu hamazazpi urtez izandako indibiduo ezaguna.

Horrela guztiz ezinezkoa da justiziak ondo, behar bezala eta behar den inpartzialtasunez jokatzea. Eta kromo trukaketa hauek, kargu hau zuretzat, beste kargu hau niretzat, hau zuretzat eta hori niretzat, ez da bakarrik gertatzen, zoritxarrez, Tribunal Konstituzionalean, ez horixe. Gauza bera gertatzen baita Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrean, Banco de España delakoan, Balore Merkatuaren Komisio Nazionalean, Konpetentziaren Komisioan, Herri Defendatzaile edota Radio Television Españolaren kasuetan ere…

Ederki gaude

Ondo izan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!