Kale Kantoitik

Argazki berria

Erabiltzailearen aurpegia Joxemari Iturralde 2017ko urt. 13a, 13:18

Duela aste gutxi ezagutu du jendeak, hemengo prentsan agertu delako, Joseba Sarrionandia idazleak gaur egun duen aurpegia.

Jakina denez, hogeita hamar urte edo gehiago egon da ezkutuan, eta jendeak ezagutzen zuen bere argazki bakarra garai hartakoa zen. Ez zen egoera, inondik ere, normala, nahiz eta arrazoiak egon horretarako. Orain arte baziren munduan horrelako bizpahiru kasu oso ezagunak, baina arrazoi ezberdinengatik. Idazle famatu batzuek beren irudia, beren aurpegia ederki asko gorde izan dute, inork ezagutu ez ditzan, esate baterako J. D. Salinger edota Thomas Pynchon idazle ospetsuak. Publizitaterik gabe, jendearengandik aparte bizi nahi izan zuten eta, horregatik, euren aurpegiaren argazkirik ezagutu gabe bizi izan dira haien irakurleak urtetan eta urtetan. Hau da, azken finean idazle horiek aukeratutako erabakia izan da horren arrazoia. Eta, aldiz, Sarrionandiaren kasuan arrazoi politikoak izan dira tartean, jendeak aski ongi dakien bezala. Kartzelatik ihes egin zuen egun batean eta harrezkero bere orduko irudia, garai hartako argazkia bere horretantxe geratu zen, kongelatuta balego bezala.

Sarrionandia eta biok elkarrekin hasi ginen idazten, beste idazle batzuekin batera, 1977an Bilbon Pott banda literarioa osatu genuenean. Nire aspaldiko laguna dela eta, batetik eta bestetik galdetu didate nire iritzia eman dezadan bere argazki berri, ezezagun hori kaleratu dela aprobetxatuz.

Euskal literaturan eta euskal gizartean bi unibertso zeuden orain arte kontrajarriak argazki ezagun bat zela medio: mitoa eta errealitatea; asmatutako mundua eta eguneroko bizimoduan oinarritutakoa; ametsa, eldarnioa eta errealismo gordina; begiak itxi eta mundu bat imajinatua eta begiak zabaldu eta eguneroko bizitza kudeatua; irudi izoztua eta irudi animatua…

Argazki berri hori ezagutu du jendeak eta badirudi errealitatea orain arte izoztuta zegoen errealitate bat, berriro ere martxan jarri dela. Eguneroko bizitza berriz hasi dela abian. Eskerrak. Izan ere, jendea irudi zahar bati, aspaldiko argazki bati, lotuta, iltzatuta bizi izan da urte askoan. Urteak aurrerantz zihoazen eta jende baten imajinarioan argazki hori zegoen, erdi horituta honezkero, aspaldiko garai baten ikur eta eredu modura.

Baina bizitzak aurrera egin behar du, hor aurrean dugu etorkizuna, ez da posible beti lehenminez kutsatuta bizitzea. Eta argazki zahar bat, argazki berri batek estali du orain. Oraingo argazkiak balio du hemendik aurrera, pertsona normal, arrunt baten irudia erakusten diguna, erakutsiz sinbolo izatetik argazki arrunt bat izaterako saltoan ez dagoela, zorionez, aparteko misteriorik, bizitzak normal jarraitu behar duela, irudi izoztu hura desagertu dela, urtu dela betiko. Orain, hogeita hamaika urte joan eta gero, etorkizunari begira jarri gara, ez gaude atzera, aspaldiko garai batera begira. Bizitzak, esan bezala, normal darrai, eta irudiak, argazkiak, bata bestearen atzean datoz eta doaz, normaltasunez.

Ondo izan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!