ERREPORTAJEA

Ilusioa ereiten denean

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita

'Baserriak eta Amezketa, elikadura baino +' proezesuaren bilera bat. J.O.

Amezketako Udala bertako ekoizleekin batera baserriari balioa emateko proiektua martxan du: Baserriak eta Amezketa, elikadura baino +. Etorkizuna bada, oraina errealitate delako.

Begiak ametsen ispilu izan daitezke, gogo berezi baten indarraren erakusle. Telefono deiak gurutzatzen ari dira, zerbait berezia komentatzeko kafetxoak: iraultza txiki baterako gonbitak. Elkarrizketak eta bilerak. Amezketan zerbait egosten hasi da... su baxuan, poliki, baina usaina zabalduz, herria elikatuko duen ekimen goxoa.

Mugimendu berezi bat sortzen ari da, ia mila biztanle dituen herrian. Kanpotik, Tolosaldeko herri arrunt bat ikusi daiteke, Txindokiren magalean, baserri giroa eta paper fabrikako jardunak uztartzen dituena. Azken urteetan, mondeju kulturak herrian izan duen garrantzia erakusten ari dena. Gerturatzen bagara, ordea, beste bizi bat ere topatuko dugu.

Euskal Herriko mendialdeko herri askotan bezala, Amezketan ere, baserritar askok bere jarduera uzten ari dira, kasu askotan, adina tarteko. Ordura arte, jarduera mistoan aritu dira asko, etxeko lana eta produkzioa, kanpoko laneko soldatekin uztartuz. Baserri batzuk, diru sarrera izan dute baserriko jarduera, beste batzuk, aldiz, etxerako elikadura oinarriak landu izan dituzte: baratza koskor bat, ganadu pixka bat, oilasko eta oiloak... eta etxeko lurrak txukun mantentzea helburu. Diagnostiko hau, tendentzia da Euskal Herrian: garai bateko baserrien jarduna, itzaltzen ari da, modu isilean.

Hala ere, herri batzuetan bestelako joerak ere badaude, eta horietan fokoa jartzea ere garrantzitsua da. «Esaten dugu lehen sektorea kinka larrian dagoela, baina gazte dezente barneratu gara azken urteetan, eta horri esker bizia sortzen ari da Amezketan, halako mugimendu bat sortzen ari da», Uxue Artolak, Aralarèko proiektuko kideak, irakurketa hau jartzen du mahai gainean. Eladi Balerdi erlezainak ere badu sentsazio hori: «Zerbait egin nahian dabilen jendea, borrokan ari dena, gogoarekin aurrera egiteko. Baserri tipo bat bukatzen joan da. Orain gauza berriak sortu dira: erleak, txerriak, moxalak, txekorrak, haragia zuzenean saltzea… lehengo eredua amaitu da». Banakako elkarrizketak egin badira ere, ikuspegi batek harilkatzen ditu Amezketako baserritarrak: «Gaur egun, pronostiko askoren kontra, gazte jende asko baserriko jarduerara gerturatzen ari da, gehiengoa haragi mundukoa. Eta ez hori bakarrik, XXI. mendeari egokitzen ari dena, lehengo moduari utzi gabe. Zuzeneko salmenta bidez, adibidez», Aintzane Garmendiak hala ikusten du egoera: Amezketa, 2025. urtea.

Mikel Arteaga: «Elikadura burujabetza lehenetsi behar dugu; Amezketatik eta Euskal Herritik»

 

Udaleko kideek ere, mugimendu horretaz jakitun, bere proiektuen lehen lerroan ipini dute gaia. «Baserriak ditugu, elikaduraz haratago, bestelako eraginak ere badituena herrian. Zaindu egin behar ditugu, bultzatu, bene-benetan sinesten dugulako, hori egin behar dugula sentitzen dugu, diskurtsotik haragoko praktikak gauzatuz. Elikadura burujabetza lehenetsi behar dugu; Amezketatik eta Euskal Herritik», Mikel Arteaga alkateak ilusiotik hitz egiten du, konbentzimenduz. Herrian bertan, gaztak, txekorkia, oilaskoak, txerrikiak, moxal haragia, orein haragia, eztia, esnea, ogia, gozoak, barazkiak... sortzen dira, eta honek, aukera asko ematen ditu, zaindu beharreko altxorra.

‘Baserriak eta Amezketa, elikadura baino +’ prozesuaren aurkezpena. I. GARCIA LANDA

Alkatea eta zinegotziak motibaturik daude, politikaren zentzua azalean biziz. Herriko baserritar batzuk diskurtso positiboekin, amestu duten ekimena gauzatzera doan esperantzarekin. Herritar batzuk batu zaizkie, ekimen hau bultzatzera, herrigintza dela pentsatzen dutelako. Hala, politikari, baserritar eta herritar, mahai berdinean, elkarrekin hausnartzeko eta ekiteko gogoz. Baserriak eta Amezketa, elikadura baino + parte-hartze prozesua burutu da azken hilabeteetan herrian, baserritarrei entzun, eta haien iritzi, bizipen eta hausnarketak jaso dira, etorkizunera begira jartzeko. Ondorio nagusia izan da elkartu beharra, eragiteko.

Sukaldeko tertuliak

Baserriz baserri ibili gara elkarrizketak eginez, Joxe Miel Barandiaran antropologoaren tankeran. Gure kasuan, ez ditugu garai bateko lanbideak galdu aurretik jaso nahi izan, edo mitologia eta kondairak bildu nahi izan; gaurko errealitatea eta etorkizuneko gakoak identifikatzeko helburua zehaztu ditugu honako erreportajean. Etxe guztietan ate irekiak topatu ditugu. Hasierako urduritasunak laster apaldu dira, eta gustura aritu dira beraien bizimodu den jardueraren ingurukoak kontatuz. Kafetxoak, gazta puskaren bat... eta errotan egin ditugun elkarrizketetan, Agurtzane Garmendiak mimoz prestaturiko talo goxoak izan dira laguntzaile.

Pello Zabala Gunea. L. CARRASCO

Hamahiru baserritarrekin egon gara berriketan, gehiago ere izan zitezkeen. Izan ere, Amezketan ez da arrotza baserriko jarduera, kaleko bizimoduarekin batera. Eneko Karrera Lizeagako baserritarrari, herriko jaietan piztu zitzaion alarma: «Herritar batek zera galdetu zidan: 'Herrian geratzen al da ba baserritarrik?'». Bere ustez, baserri guztiak kontuan izanda, lanpostu dezente dira. Esne behiak dituzte etxean, hirugarren belaunaldia, eta oraintxe bertan hiru soldata ateratzen dira bertatik. Aitona-amonek bost behi zituzten, gurasoek hogei, eta bera hasi zenetik, ehun behi baino gehiago dituzte. Hala ere, oso garbi izan du beti lurrari loturiko ganadugintza egin behar dela, eta behi kopurua igo ahala, herriko belaze gehiago kudeatu eta mantendu dituzte. Ohikoa da herrian Karrera traktorearekin hara eta hona ikustea. «Komunikazioa landu behar da, eta jendeak jakin behar du, egunean hiru aldiz egiten duela politika, ahoan zerbait sartzen duen momentu bakoitzean. Herri bezala pentsatu behar dugu». Baserriko izaera maite du, eta horrek, lan ordu amaigabeak arinago izatea dakar berarekin.

Eneko Karrera: «Jendeak egunean hiru aldiz egiten du politika, ahoan zerbait sartzen duen momentu bakoitzean»

Bizipoz hori sentitzen du Ainhoa Zurriarrain Oteiza Goikoa artegiko kideak, gazta dastatu eta bezeroek zoriontzen dutenean. Belarretik hasi eta gaztarainoko prozesua burutzen dute bertan. Ez gazta soilik, baita gazta manteka eta gaztanbera. Lehen, mendira joaten ziren, baina orain etxe inguruko belardietan ibiltzen dira. Esnea ez dute saltzen, sortzen dutena gaztetarako erabiltzen dutelako. Gazta egiteak betetzen ditu, azken produktu hori sentitzen dutelako, jendeak balioa ematen diolako. «Gaztak diferenteak dira. Ardiak zer jaten duen eragin handia du. Zapore desberdina, belarraren arabera. Martxoan eta apirilean kanpora ateratzen hasten gara ardiak, eta nabaritzen da», dirdira bereziarekin dio Ainhoa Zuriarrainek. Senar-emazteak ari dira, eta alabak ere laguntzen die egun.

Etxebarri Handiko Lukas Artano artzainak 300-400 ardi zituen, eta hauen mami eta gaztak Bretxan saltzen zituen. Haren ondorengoek, Iñaki Artano eta Maria Jesus Garaikoetxea senar-emazteek jarraitzen dute artzaintzan. Batik bat ardi esnearen salmentatik bizi dira, bi egunez behin etortzen den esnezaleari esnea salduz. Aurretik, Artano kamioilari ibili zen, baina 2017an kamioia saldu eta biak ardiekin bizitzea erabaki zuten. Mendiko gazta batzuk ere egiten dituzte Burruntzuntzi txabolan, familian urte osoan jateko. Beraien ustez, mendiko gazta diferentea da, belarra ere diferentea baita. Gazta ketu ere egiten dute bertan, pago egurrei su emanda, esperientziaren bidez neurria hartua duelarik. Ezin esan zenbat ardi dituzten egun, artzainei hori galdetzea errespetu falta delako.

Loila baserrian ere, ardi esnea saltzen dute, behi esnearekin batera. «Nire birraitona ardi zalea omen zen. Eta nire aitona, bere semea, behi zalea —haragitako—. Horretan segi dugu. Bideak egin zirenean hasi zen esnetako behien booma. Eskea egon zen. Orduan baserri asko ziren, agian 40», oroitzen da Martina Ulacia. Gaur egun, emazteak behiak, eta gizonak ardiak. Zaletasun horiek ditugu. «Ez ginen atrebitu baserri hutsetik bizitzera, paper-fabrikan aritu da senarra. Ez ginen ausartu, eta ez da bide onena: ezin iritsia. Soldata finkoa uztea kosta egiten da». Hala ere, bera beti bizi izan da baserritik. Ganadua izanda, 5-6 etxetako lurrak garbitu eta mantentzen dituzte. Arkumeak ere saltzen dituzte, batez ere Larsabi elkartearen bitartez.

Joseba Altunak 8 urte zituela, duela 26 urte, oilaskoak jarri zituzten bere etxekoek. Ikasketak amaitu ostean, galdera jarri zitzaion etxeko proiektuaren etorkizunaren inguruan. Jarraitzea edo eustea erabaki zuen, beti ere, aldaketa batzuk eginez. Mantentze hutsa ez zen aukera, aurrerapauso batzuk eman behar zirela argi zuen. Zabalpena egin zuen, eta kudeaketa modernizatu. Gaur egungo bizimoduarekin uztartzeko, teknologia ezinbestekoa dela iruditzen zaio Altunari, eta asko lagundu dio bide horretan. Mobilean ikusi dezake oilaskoek zenbat jan duten, zein tenperatura dagoen, zenbat ur duten... Lumagorri elkartean dago. Bertako oilaskoa desberdina da: haragia trinkoagoa da, kanpoan libre bizi dena, bestelako denbora batzuekin... denboraz, gehiago behar du gizentzen, baina kalitate handiagoa du. Bestetik, dibertsifikazioa ere lantzen ari da, kiwi landaketa eginda. Gustatuko litzaioke zuzenean etxetik saltzea, eta baita hainbat eratorri egitea ere: marmelada... Honekin batera, sektorearekin harremana duen kanpoko lan batekin uztartzen du. Zaintzan ere oinarritzen da bere lana. Ozpinarekin eta berbenekin hainbat tratamendu burutzen ditu: «Azidifikatu egin behar da hestea? Ozpina. Bronkitis harrapatu dute? Berbena ura eta pasmo belarra. Sulfato kaltzikoa sekante bat da: hori botatzen dut. Harri bat txikituta da, mineral bat. Pentsuan ere erabiltzen da hau. Antiparasitarioa ere bada».

Ganadu eta oilaskoez gain, bestelako abereak ere badaude Amezketan. Lantokia utzi eta baserrian hastea erabaki zuen Eladi Balerdik duela ia 20 urte. Erleekin batera egiten du lan, eztiaz gain, polen, erregina jalea eta propolia salduz, Azkonita izenarekin. Seguruenik, bera izango da Gipuzkoan erlezain bakarra, bertan soilik egin eta erlezaintzatik bizi dena. Honekin batera, proiektu berritzaile batekin buru-belarri dabil: Erleen airea. Bi etxola jarri ditu bazkide batekin batera Ikaztegietako belardi batean: apiterapia jarduera. Bi etxola, belaze batean. Batean, bi erlauntza eta bi hodi musukoarekin, aulkian patxadan egoteko eta arnasteko. Ordu erdiko saioa. Bestean, bi etzaleku, eta azpian, sei erlauntza. Erleak, han, betiko martxan, belazeetara joan-etorriak eginez. Erleterapia, erleak lagun. Parkinson, asma, alergia eta estresa zein lo egin ezinarentzat ona omen da.

Erleen aire proiektuko etxola. A.A.

Eladi ez da erlezain bakarra Amezketan. Aspalditik, belaunaldiz belaunaldi, Unanbide baserrian ere, erleekin aritu dira. «Ni hemen jaiotakoa naiz. Nik betidanik ezagutu ditut hemen erleak. Nire atta zenak erleak zituen. Bere attek ere erleak zituen. Baserri gehienetan izaten ziren 3-4 kaxa. Ezti pixka bat ateratzen zuten, eta polinizatzeagatik», modu oso argian azaldu du Arantza Karrerak erlezaintzaren historia Euskal Herrian. Ia baserri guztiek zituzten erlauntza pare bat. Duela bi urte arte 50 erlauntza zituzten. Orain dela bi urte erle asko galdu zituzten, eta jada beheranzko joera du jarduerak. Ez dute lan hau egin diruagatik, baizik eta «guztion ongiaren» ikuspegitik. Eta mundu hau asko gustatzen zaielako. Eztiaz gain, aromiela ere egin izan dute, eztia, propolia eta olio esentziekin nahastuta. Erleen munduak hori dena eman die: «Bizipoza ere bai. Udaberria iritsi eta irrikan ziztada bat edo beste hartzeko. Alergiarik ez dudanez, pixka bat aktibatzeko edo…».

Amezketako azoka berezian, Arantza Karrera eztia saltzen. L. CARRASCO

Iraregi baserrian ere, duela 25 urte hasi ziren oreinekin, etxe inguruko lurrak txukun mantentzeko, eta Juana Barandiaranen senarraren ilusioa horixe zelako. Lan handia egin behar zuten, batez ere itxiturekin. Animalia nahiko basatia denez, ia bi metroko altura dute, eta beraien kasuan, ia bost kilometroko luzeran jarrita dituzte. Terrenoen artean, animalia honen izaeragatik, konexioak behar dira, bestela alde egiteko arriskua dutelako. 60 buru dituzte egun. Belar bola onduak egiten dituzte, baina batez ere kanpoan jaten dute. Komertzializazioari dagokionez, ehiza-barrutietara joaten dira batez ere.

Iraregi baserrian oreinak hazten dituzte. N.R.A.

Zuzitza behekoa baserria ere, ohiko baserria da, baina baratzeak ere protagonismoa izan du, Maite Odriozolak azaltzen duen moduan: babarrun asko, babarrun txiki ale zuria, patata, ilarra, porrua, aza, azalorea, brokolia, eskarola, zerba, perrexila, piperrak, piper morroak, bainak, txorizeroak, tipulina, kalabaza, tipula, tomatea —klase asko—... eta baita sagarra, mizpira... Kuriositate moduan, Amezketa tomate barietatea omen dago, Ibarrako Montesek eta Peñak saltzen dutena. Tomate gozo eta mamitsua da, hazi gutxirekin. Ilargiari asko begiratzen diote hazia botatzerakoan.

Zuzitza beheko Maite Odriozola, Amezketako azokan. L. CARRASCO

Ez ditugu baserri guztiak bisitatu, baina diagnostiko bat egiteko lagin bat hartu dugu. Baserri hauez gain, bertako elikagaien inguruan lanketan gogotsu sartu da ekoizle talde bat, herritar eta udalarekin elkarlanean: aurrerapauso bat emanez. Lau proiektu, beraien bereizgarriekin, etorkizunera begira daudenak. Lau proiektu txiki, alor ekonomikoaz gain, balio kualitatibo nabarmena dutenak, gaur egungo beraien aktibitateaz gain, eredu direlako beste hainbatentzat.

Argaia Goena, Loidi, Zuzitza goikoa eta Eguzkileireko kideekin egon gara berriketan, iritziak elkarbanatzeaz gain, herrian ekimen hau bultzatzeko ilusioa azaldu dutelarik. Emakumeak dira proiektu hauen liderrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!