Azaroaren 1ean, kristau tradizioko beste herrialde askotan bezala, Santu Guztien Eguna ospatzen da Euskal Herrian. Hilerrietara joanez, hilobiak apainduz eta otoitz eginez hildako pertsonekin gogoratzeko erritua urtero errepikatzeko ohitura mantentzen bada ere, poliki-poliki indarra galtzen ari den ospakizuna da. Azken urteetan, ordea, jai egun honen bezperako ospakizunak oso era nabarmenean indartzen ari dira. Urriaren 31n Halloween izeneko jaia Euskal Herriko haur eta gazteen artean nabarmenki hedatzen ari da. Tolosaldean, poliki bada ere, geroz eta presentzia handiagoa du festa honek. Zein haur edo gaztetxok ez du ezagutzen Halloween? Ameriketako Estatu Batuetako hedabideen, kultur ekoizpenen eta kontsumo produktuen bidez mozorroz eta kalabazez betetzen dira herri eta hirietako kaleak. Gaztetxoentzat oso ezaugarri erakargarriak dituen jaia da; iluntasunarekin eta beldurrarekin jolasteko aukera ematen du, mozorrotzeko erakargarritasuna dauka eta gozokiak biltzeko eta jateko aitzakia ematen du.
Heldu askok, aldiz, ohitura berri hauek ez dituzte begi onez ikusten eta deserosotasuna eta kritika giroa nabari da data horiek hurbiltzerakoan. Halloween kultur industriaren asmakizun eta amerikar ohitura gisa hartzen da eta guraso askok bertako ohitura eta kulturaren aurkakoa dela uste dute.
Baina Santu Guztien bezperako errituak ez dirudi hain arrotz eta hain berri direnik. Ez behintzat, hainbat bilduma etnografiko jasotako testigantzei eta gaur egungo kontakizunak erreparatuz gero. Itxuraz, urriaren 31n Arimen Gaua ospatzeko ohitura Euskal Herriko txoko askotan oso zabaldua zegoen duela hamarkada batzuk. Iluntzean haur eta gazteak bide bazterretan arbi eta kalabazetan kandelak ezkutatzeaz gain, etxez etxe eske errondak egiten ziren neguan ospatzen diren beste jai ezagunetan bezala, «bide bazterretan arbi eta kalabazak jartzen ziren barruan kandelak sartuta» eta gaur egungo argi eta farolen faltan, izugarrizko beldurra sortzen omen zuten. Martzelino Dorronsoro baliarraindarraren kontakizuna da honakoa, berak bizi ez bazuen ere. «Etxeetan kanposantura ez hurbiltzeko esaten zen, fantasmak egoten zirela eta. Behin maindireekin beldurra zabaldu zuten batzuek». Berak jaso zituen istorio hauek, baina ez da egon jarraipenik. Bere ustez, Baliarrainen ez zen ospatzen erritual moduan. Egun konkretu batean ez zen egiten, baina hara ideia iritsi bazen, beste tokietan egingo zela uste du. Ahotsak.eus ahozko ondarea biltzen duen web orrian Elduaingo Elizalde baserriko Maria Zabalaren (1914-2010) testigantza entzun daiteke: «Behin, Berastegitik bueltan, neska batzuk etorri zitzaizkigun garrasika eta beldurtuta, etsaiak zeudela esanez. Kalabazak ziren, beren begi ahoakin, kandela barruan zutela. Berastegiko mutilak izan ziren…».
Aurreko belaunaldien transmisiotik urrun, gure herrietan barneratuko den ohitura izango dela dirudi, baina telebista eta negozioa ikusten duten merkatariek bultzatuta. Baratzetatik kalabazak hartu edo lapurtzetik urrun, begi eta ahoa egindako kalabazak salgai topatu ditugu merkatal guneetan. «Guk ospatzen dugu haurrengatik batik bat, Londresen bizi izan garelako urte luzez eta han oso errotua dagoelako: etxez etxeko eskea, mozorroak, kalabaza ugari kalean, petardoak…», azaldu du Iñigo Zapirain ibartarrak, «aurten Txaramako elkartean ospatuko dugu, kalabaza bat egin eta mozorrotuz».
Geratzeko datorren ohitura izango dela dirudi, beldurraren emozioa eta mozorrotzearen erakargarritasunak eraginda, batik bat. Orain, herritarren esku dago zein zentzu eman nahi zaion, Oier Araolaza antropologoak dioen bezala, «kontsumismoa edo birziklatzearen sorkuntzatik».
Adibide eta istorioz josiak izango dira Tolosaldeko herriak, eta gu, jakin-minez geratu gara. Gustatuko litzaiguke zure herriko pasadizo eta kontakizunak jasotzea ataria@ataria.info orrialdean:
· Nola ospatzen zen Santu Guztien Bezpera zure herrian?
· Kalabaza edo arbiak kandelekin jartzen al ziren?
· Zein oroitzapen gordetzen dituzte?
· Zergaitik eten zen transmisioa?