Oier Araolaza: "Zizurkilen baratzetan kalabazak hartu, hustu, kandelak jarri eta jendea beldurtzen ibiltzen zen gure aita lagunekin"

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2015ko urr. 30a, 13:34

Oier Araolaza (Elgoibar, 1972). Kazetari, antropologo eta blogaria. Eta hiru osagai hauek nahastuta, jarri du Halloween edo Arimen Gauaren gaia gure kulturaren mahai gainean. Artikulu interesgarri batzuk idatziak ditu eta bera elkarrizketatzea gaian barneratzeko bidea izan da.

Zer da 'Halloween' edo zer esan nahi du? Euskal Herrian zein izen hartzen zuen egunak?
Halloween laburdura bat da, All Hallows Evening, alegia, Arima Guztien Gaua esan nahi du. Euskaraz ere berdin izendatu izan da festa hori: Arimen Gaua.

Urriaren 31n ospatzen al zen?
Halloween azaroaren 2an, Domu Santu Egunaren biharamunean, alegia Arimen Egunean ospatu ohi da, baina Arimen Gaua, Euskal Herrian, Domu Santu Egunaren inguruko edozein gauetan ospatzen zen.

Zergaitik uste dugu irlandar jai bat dela, Ameriketako Estatu Batuetara eraman zutena?
Europatik hainbat herrialdetik joan ziren Ameriketara, eta horietako askok ospatzen zuten joan aurretik eta ospatzen jarraitu zuten Ameriketan ere bai. Etorkin irlandarrak komunitate handi eta batua osatzen zuten, eta haien artean ohikoa izan zen Halloween ospatzen jarraitzea.

Nola ospatzen zen lehen Europan?
Etxez etxe eskean ateratzen diren ume eta gazte taldeen ohitura oso zabaldua zegoen. Gaur egun ere, neguko festa gehienetan ageri da hori, hasi sanmartinetatik hasi eta Inauterietara, Olentzero eta Santa Ageda tarteko. Bestalde, Arimen Gauean arbiak eta kalabazak hustu eta kandelak jarrita bide bazterretan jendea beldurtzen ibiltzea ohiko kontua zen hainbat herritan.

Zein funtzio zuen?
Eske errondek (oilasko biltzeak, arrautza eskeak...) adibidez, komunitatea elkar ezagutu eta batzeko bidea ematen dute. Kalabaza hustuekin jendea beldurtzen ibiltzean, heriotzaren inguruko sinbologiak ere izango dira ziur aski, baina horretan aritzen ziren gaztetxoek nahikoa izango zuten ongi pasatzearekin, ingurukoak beldurtzearen truke izanda ere...

Nolatan hasi zinen 'Halloween'-en inguruan arakatzen eta hausnartzen?
Nik festa hau bakarrik telebista eta zinematik ezagutzen nuen hemen, eta halako batean, konturatzen hasi nintzen dendetan hasita zeudela mozorroak eta plastikozko kalabazak saltzen. Euskaldunok gure tradizioekin dugun jokabidea agerian uzten zuela pentsatu nuen. Gure aiton-amonek ospatzen zuten. Hori baztertu eta ahaztu dugu. Orain AEBtik etorritako festa berritzat jo dugunez, hala denok Halloween ospatzera! Gero esango dugu gure tradizioak ezagutu eta mantentzen ditugula, baina justu kontrakoa da!

Kontatu zure aitaren bizipena, Zizurkilen haurtzaroan bizi zuena…
Gure aita hamaika urte bete arte bizi izan zen Zizurkilen, eta berak gogoratzen du mutil koskorretan ibiltzen zirela baratzetan kalabazak hartu, hustu, kandelak jarri eta jendea beldurtzen.

Nola bizi zuen zure aitak? Gustuko al zuen? Eta gaurko 'Halloween' festari buruz zer dio?
Nik uste dut gaztetxoen barrabaskeriatzat jotzen zela garai batean, eta ez zaiola inoiz garrantzia handirik eman izan. Ziur aski horregatik ez da askorik ikertu izan. Gaur egun ere ez dakigu askorik 10-14 urte bitarteko gaztetxoek egiten dituzten jolas eta bihurrikeria buruz. Beraiek dakizkite, eta gainontzekook ez ditugu ezagutzen.

Duela urte gutxi jaso zenuen ospakizunaren kontakizuna. Zergatik egon da etendura hori? Zein da zure hipotesia?
Horrelako kontakizun bat batzeko bi gauza behar dira. Norbaitek kontatu nahi izatea eta beste norbait entzuteko prest egotea. Uste dut, kontatu behar zuenak ez zuela motiborik aurkitzen kontatzeko, galdutako, ahaztutako zerbait zelako. Eta entzun behar zuenak ere ez zeukala nagusien gaztetako festa txoroei buruz entzuten geratzeko astirik.

Zure blogean irakurri daitekeenaren arabera gaiak interes handia piztu du. Nola bizi izan duzu?


Bai, azken batean urte gutxitan sumatu dugu indar izugarriz sartu dela Halloween amerikarra Euskal Herrian. Horren aurrean haserretu egin da jende asko, festa hori ez delakoan hemengoa eta kolonialismo kulturalari beste behin men egiten diogula ikusita aztoratu da jendartea. Nik interes handiz eta kontraesanez beteta bizi dut. Interesgarria da aukera izan dudalako sumatu nuen olatua iristen ikusteko, uholdea izan baita. Kontraesana, noizbait gurea ere izan zen festa izanik, guk ez dugulako mantendu, eta orain, merkataritza industriaren nahietara zein otzan makurtzen garen ikusteak pena handia ematen didalako.

Euskal Herriko zein tokitan ospatzen zen?
Iparraldeko testigantzarik ez zait agertu, baina hegoaldean probintzia guztietan ageri dira.

Zein zen bere forma?
Etxez etxeko eske errondak, Domu Santu Egunean egiten zirenak, gaur egun arte iraun dute zenbait tokitan. Ume-gaztetxo talde bat, baserriz baserriko bidean jartzen da, eta etxe bakoitzaren aurrean esaldi errimatu edo berezi bat erabiliz gaztainak, txanpon batzuk edo zerbait eskatzen dute. Bestalde, gauetan, toki ilunetan jendea beldurtzen saiatzen dira gazteak, arbi eta kalabaza hustuetan kandelak jarrita, edo zuzenean maindire eta trapu zaharrez beren buruak mozorrotuta.

1887an Toribio Etxeberria eibartarrak dio, tabernan mozkortu arte jan-edanean ibiltzen zirela, eta baserrietara gaztain janean ibili… Zer diozu honen inguruan?
Gaztainerre festarekin lotzen da hau guztia, eta Gaztainerre festa oso ezaguna eta zabaldua izan da Eibar, Soraluze eta Elgoibar inguru hauetan. Hain zuzen Domu Santu Egunetik bi astelehenetara izaten da Eibarren Gaztainerre, eta lotura agerikoa da.

Gaur egun nola ospatzen da?
Afariak egiten dira etxe eta elkarteetan, eta afari horietan gaztainak eta barraskiloak izaten dira jatordu nagusiak.

Haur eta gaztetxo askok ezagutzen dute festa hau, eta ospatu nahi dutela dirudi, baina, helduek eta kulturak mugak jartzen dizkiete. Zer esango zenuke honen inguruan?
Nahiko bagenu ere, ez dakit gai izango ginatekeen olatu erraldoi honi aurre egiteko. Nik proposatzen dudana gutxienez gurera ekartzea da, ez dezagun irentsi saldu nahi diguten guztia. Batetik, gure gazteei eskaini diezaizkiogun truco o trato horren ordezko euskaldun eta jatorrak. Adibidez, nik nire seme-alabei proposatu diet eskean ibiltzeko erabili dezatela euskarazko hau, hain zuzen ere Beasoiain-Egillorren erabiltzen zena, eta Bidadorrek jaso zuena: «Xanduli, manduli, kikirriki..... eman goxokiak guri!». Bestetik, mozorroak erosi beharrean, etxeko trapu zaharrak erabili ditzatela.

Elgetan eta Mutrikun modu antolatuan burutzen dute? Nola? Zein helburu bilatzen dute antolatzaileek, zure ustez? Zein balore ditu erritu honek?
Mutrikun 20 urtetik gora dira Gau Beltza ospatzen dutela, Halloween-en erauntsia hasi aurretik ospatzen zuten, bertako ohiturari bultzada eman nahirik. Oso interesgarria iruditzen zait esperientzia hori.

Zizurkil, Elduain… eta Tolosaldeko beste herri batzuetan ospatzen zen. Zure ustez, gaur egun bultzatu beharko litzateke?
Ez dakit. Nire kezka da, bultzatu gabe etorriko dela, aurten ez bada datorren urtean. Beraz, guraso, irakasle eta hezitzaileak prest egon beharko genuke, badatorrela sumatzen dugun unean ekarpena egin ahal izateko.

Euskal Herrian geroz eta presentzia handiago du. Txertatuko al da festa hau?
Bai, nik uste dut baietz. Mozorrotzea oso dibertigarria da gaztetxoentzat. Asko gustatzen zaien jolasa da, eta Inauteriez gain beste egun batean mozorrotzea erakargarria da. Bestalde, merkataritza industriak garbi ikusi du mundu mailan urriko kanpaina Halloween-ek bultzatzen duela, eta hori urtero etorriko zaigu, nahi eta nahi ez.

Zein balore eta ideia zabaltzen ditu gaur egun 'Halloween'-ek?
Ba ospatzen duenaren arabera izango da, baina adibidez, ikuspegi marxista batetik, kapitalismoak gure festa egutegia ere ederki kontrolatzen duela erakusten digu. Plastikozko Halloween-ek zabaltzen duen balore nagusia da ongi pasatzeko erosi egin behar dela...

Santu Guztien Eguna, zerbait serio, elegante eta oroitzape nekin lotua bizi izan nuen. Oso ezberdina da 'Halloween'-ekin alderatuta, ezta? Zergatik?
Beno, nik esango nuke hain zuzen ere hor dagoela jokoa, kontrapuntuan. Gaztetxoek heriotza urrun ikusten dute, beraz, haientzat jolasa da. Adinean aurrera joan ahala heriotza gero eta presenteago dago denon bizitzan, eta horren inguruan barre egiteko gogo gutxiago izaten da.

Santu Guztien Eguna ez al da indarra galtzen ari? Zer diozu honen inguruan?
Kristautasunaren jaitsierarekin lotzen dut hori. Santu Guztien Eguna, igandetako mezak, Aste Santua eta oro har erritual erlijioso gehienak ari dira indarra galtzen, pixkanaka pixkana.

Erritu askori atxikimendua kentzen ari gara, batik bat kristau errituak baztertuz. Zein iritzi duzu honen inguruan?
Gizartea sekularizatzen ari da eta gero eta gehiago dira kutsu erlijiosoa duten errituak ospatu nahi ez dituztenak. Horrek kontraesanetan erortzera garamatza, izan ere, kristautasunaren eraginak eta zantzuak gure kulturaren alor guztietan ditugu.

Errituak behar al dira? Zein funtzio dute?
Gizakiak etengabe bilatu eta sortzen ditu behintzat. Esango nuke gaur egun askorentzat futbolera joatea erritu bihurtu dela, eta beste askok ere erritu ez kristauak dituztela beraien bizimodua olioztatzen laguntzen dutenak.

Erriturik gabeko gizarterik posible al da?
Ez dakit, nik ez dut ezagutzen. Eta posible balitz ere, aspergarriagoa litzateke, ezta?

Zer egingo duzu urriaren 31ko gauean?
Kaleko giroa ikustea gustatzen zait. Zenbat gaztetxo dabilen mozorrotuta ikusi, zein formula erabiltzen duten eskerako, jendeak nola erantzuten duen... Urtean behin gertatzen da, eta begiak eta belarriak erne izan beharra dago!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!