Izan ere, ezinegonak areagotzen jarraitzen du, eta geroz eta gehiago dira presaka eskean ibiltzen diren bezeroak. Gatzaren ordez, pazientzia apur bat gehituko nieke, aurrerantzean, txibiei.
Jada berdin du asteartea, ostirala edota igandea izan. Bakoitza bereari eusten. Barkamenik eskatu gabe ere, «denbora ugari daramat itxaroten» edo «ez al nauzu ikusi?» bezalako iruzkinak, geroz eta gehiago entzuten ditut zuen ahotatik. Niri ere kosta egiten zait, larunbat gauetan, botearen jabe naizela, kuadrilla osoarentzat tragoak eskatzean, itxaroten egotea. Baina orduan, ulerkorra naiz, barrutik bizi dudalako, eta tabernari guztien lana guztiz estimatzen dut. Akaso, zuetako bakoitzak pasa beharko luke beste aldera, oso bestelako egoera delako. Ea kafe bat ateratzeko gai zareten, mosto bat, bi ogitarteko eta hiru pintxo eskatzen dizkizueten bitartean. Orduan bai komeriak. Ene…
«Hau da hau oilategia!» Pentsatu izan dut askotan. Ez diot hori gaueko ordu txikitan gurean biltzen den jendilajeagatik. Izan liteke. Baina horiek badute beren ezizena. Oilategia ere izan liteke oraintxe bertan, berritu ondoren, tabernak duen itxura. «Garai berrietara egokitu baino, zuen tabernako egoerara egokitu zarete». Halaxe da. Argitasuna, erosotasuna, lanerako arropa… dena aldatu da. Dena? Ez, ez. Gu berdinak gara. Beno, gu, eta bezeroak eta beraien ezinegona ere bai. Hori aldatzea ezinezkoa da.
Ikusiko dugu, aipatutako aldaketa horiek, larunbat eguerdietan, lasaiago ibiltzeko aukera ematen diguten, edo behintzat, zuen gozamenerako lan egiteko kapazak garen. Kostako zaigu, bai. Aurreko batean, adibidez, inoiz atera dudan erronda onena atera nuen. Azkar? Ez. Akatsik egin gabe? Ezta ere (pintxoa ahaztu zitzaidalako). Baina estimatua sentitu nintzen. «Bi ardo zuri eta irribarre bat, mesedez». «Hara!», egin nion buruarekin. Noski gezurretan esan zidala. Baina, horrela zerbitzatu daiteke.
Atzo, pintxo-potea. Gaurkoz, honaino. Etorriko dira oilategi gehiago…