Oilategia dirudi!

Kolaboratzaile, praktiketako laguntzaile, langile....eta berriro ere kolaboratzaile. Halaxe aritu naiz hemen, azken bi hilabeteetan. Hala ere, oraindik idazten jarraituko dut. Praktiketako jarduna gaur amaitu zaidan arren, beste behin, kolaborazio txiki bat egitera nator eta. Halere, ez naiz horri buruz ariko. Gaurkoan, tabernetako barraren bestaldean aurkitzen ditugun bezeroei buruz mintzatuko naiz, zuetako askoz alegia.

Larunbata da, 12:30ak, eta eguzkiak jotzen du terrazan. Barruan, ordea, ez da giro: «Bi kroketa!» «Lau zurito eta marianito bat!» «Ebaki bat eta bi pintxo!» Guztiak batera eskean, eta barran lau tabernari, ahalik eta bizkorren lanean. Ondo irakurri duzue, bizkorren bai. Bai, egia da, askotan irribarre txiki bat egitea ere ez litzaiguke batere gaizki etorriko. Baina, hori erraz esaten du inoiz edalontzi, kopa eta botila artean ibili ez denak. Gustura ikusiko nituzke zuetako asko, taberna bete-bete eginda, hara eta hona ibilian, esku batean bi ardo kopa eta bestean txipi errazioz betetako bandejak dauzkazuela.

Atera kontuak. Amak, astebururo, ia berrogei kilo txipi prestatzen baditu, eta guzti horri, barran saldutako pintxoak gehitzen badizkiogu, zenbat trago atera daitezke lau ordutan? Arazoa, ordea, ez da kantitatea, jendeak itxaroterakoan izaten duen pazientzia galera baizik. Aurpegi txarrarekin begiratuz, «ni lehenago heldu naiz» edo «oraindik zain nago» moduko iruzkinek eragiten dute tabernarien ezinegona. Askotan pentsatu izan dut atean zenbakidun tiketak jartzea, arrandegietan bezala, txandak errespetatzeko. Horrela, bezeroek, sartzen diren ordena berean eskatuko lukete; hala ere, egia da horrek, salmentari dagokionez, erritmoa asko jaitsiko lukeela, eta ez zela berdin lan egingo.

Ez, hori ez da irtenbidea. Baina, norberak ikusi beharko du horrelako lekuetan nola jokatu. Aurrez jakin behar du denboraz ibili behar duela; ezin duela presaka eskatu, eta gero, erreguka aritu. Tabernariak, bezeroen iraultza bete-betean bizi gara; batzuetan, oilategia dirudi! Bestalde, tabernan kolpe zorrik jotzen ez dudala pentsatzen duzuenok, arrazoi duzue, noski. Baina, horrelako hainbeste ikusi ditut, eta ez nuen isilik geratu nahi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!