Ikaztegietako San Lorentzoak 2017

Hiru egun ezberdin, jaietarako

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko abu. 8a, 09:30

Abuztuaren 8an lehertuko da San Lorentzo festetako suziria. Egun handiarekin hasiko dira, eta bi egun beranduago, kuadrillek emango diete amaiera festei.

Aurtengo San Lorentzo jaiei, herriko patroiaren ospakizun egunarekin emango diete hasiera, abuztuaren 10ean. Suziria bota ondoren ospatuko da meza nagusia, eta egarria izango dutelakoan, elizatik irten ostean, txakolin dastaketa egingo dute. Arratsaldeko ekitaldien aurretik, musikarien kontzertua entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek, bazkaldu baino lehen. Arratsaldean, pintxo lehiaketaren, toka txapelketaren eta zahagi ardoaren txanda izango da, eta gauean, sabela ondo bete ondoren, dantza erakustaldia egingo dute herritarrek, Zesuma musika taldearen kontzertuaz gozatu aurretik.

Umeen Eguna ostiralean ospatuko dute, eta bizikleta gainean hasiko dute eguna, zinta karrera ospatzearekin bat. Ondoren, Ibiri ganadutegiko zezen txiki eta poney-ekin jolasean aritzeko aukera izango da. Bazkal ondoren, digestioa egiteko astirik izan gabe, askaria egingo dute arratsaldeko pilota partiden eta Tio Teronen Semeak dantza taldearen ikuskizunaren aurretik. Afal ondoren, berriz, ez da musikarik faltako, trikitilariek eta After Lontxak girotuko dituztelako jaiak.

Amaitzeko, festetako azken egunean, kuadrillek hartuko dute protagonismoa. Frontoi Txikiko Txapelketako finalak jokatuko dituzte plazan, kuadrilla guztiek batera bazkaldu aurretik, eta ondoren izango da mus txapelketa. Arratsaldean, berriz, haurrek jolas egiteko aukera izango dute, eta kuadrillek, Elektrotxufla taldearekin trago batzuk hartu ahal izango dituzte, beraien arteko jolasen eta guztiek batera egingo duten afariaren aurretik. Ondoren, berriz, Starlux eta Sukarra 37 musika taldeek eskainiko dituzte kontzertuak, eta horiekin emango zaio amaiera egunari. Festak, berriz, urtero moduan, ikazkina igotzearekin batera amaituko dira, egun horretan bertan.

Brile desafioa, berrikuntza

Ikaztegietar askok, bazuten gogoa festetan parekidetasuna bultzatu eta denek parte hartzeko modukoa izango zen jolas bat proposatu eta egiteko. Horregatik, giza probak alde batera utzi eta edozein herritarrek parte hartzeko deia zabalduz, brile desafioa egingo dute. Ikusmin handia piztu duen saioa, San Lorentzo egunean izango da, 17:30ean.

Ikusi hemen egitaraua.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!