Orduan, begiak ireki, eta grafikoan ikusten nuena egiazkoa zela sinetsi nahi nuen. Hain zuzen, gazteek internet bidez irakurtzeko joera handiagoa izaten dutelako. Eta joera hori oraindik mantendu egiten da, ATARIA, gazteen artean, erreferente baita interneten. Bisita eta jarraitzaile gehiago, eta guk, ezin gehiago eskatu. Sarean dabiltzanen erdienganaino iristen omen gara. Eta berriro ere, «ño!».
Baina, bada agian hobetu edo behintzat gehiago zabaldu beharreko puntu bat. Irratia. Uhinak ez baitira entzule guztiengana iristen. Bestelako irrati kateak nahiago dituzte. Baina, ez gaitezen kezkatu. Orain, jende gehiagok entzuten du irratia, eta gu ere publiko zabalago batengana helduko gara. Ez daukat zalantzarik.
Eta telebista? Galdetuko duzue askok. Ez naiz hedabide honen inguruan luze jardungo, orain gutxiago ikusten dudalako. Ez dudalako lehengo ohitura bera, eta harrituko bazarete ere, etxeen %20tan ez omen da telebistarik ikusten. «Ño!»
Ondorioz, esan dezaket, euskal hedabideen kontsumoak gora egin duela hainbat alorretan, baina erdarazko telebistak oraindik lekua duela familia euskaldunen egongeletan. Gaur, ATARIA-ri buruz aritu naiz. Euskal hedabideen inguruko ondorioak beste baterako utziko ditut. Bitartean, Itzea Urkizuren artikulua baliagarri duzue gogoetarako. Izan ere, hau guztia inkestetatik ateratakoa da, eta jakin badakizue inkestak nolakoak izaten diren...