Audientzia gazteena, euskarazko hedabideena

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko uzt. 5a, 10:01

TOLOSALDEKO ATARIAko erredakzioan bere gogoeta aurkeztu zuen Garikoitz Goikoetxeak.

'Euskarazko hedabideen kontsumoa Tolosaldean' lana osatu du Garikoitz Goikoetxeak, graduondokoa biribiltzeko

HIZNETeko Hizkuntza Plangintza graduondokoan lanean aritu, eta amaierako lana osatzeko euskarazko komunikabideen gaia aukeratu du Garikoitz Goikoetxea kazetariak (Elduain, 1989). Tolosaldean jarri du begirada, eta datu zaparrada batekin atera ondorioak. Lehena: euskarazko komunikabideek dutela publikorik gazteena.

CIES etxeak audientzien inguruan eskainitako datuekin batera, tabernetako prentsa eta harpidetza kopuruak baliatu ditu Goikoetxeak, oinarri moduan. Horri, gainera, batxilergoko eta lanbide heziketako ikasleei 17 urtekoei egindako 366 inkesta gehitu dizkio, argazki zehatza ateratze aldera. Besteak beste, ondorioztatu ahal izan du euskaldun elebidunek kontsumitzen dituztela gehien komunikabideak, eta euskarazko hedabideak ez direla lehiakide; kontrara, elkar elikatzen dutela.

Goikoetxeak joan den astean aurkeztu zuen, TOLOSALDEKO ATARIA-ko erredakzioan, Euskarazko hedabideen kontsumoa Tolosaldean lana eta, ezer baino lehen, eskualdeko euskalduntasunaren egoera zehaztu zuen: «2011ko datuen arabera, eskualdean euskararen ezagutza altua da, %79koa».

Datuak poztekoa dirudi, baina Tolosaldeko euskararen osasunak badu mehatxu bat, Goikoetxearen ustez: «Orain arte euskararen arnasgune izan diren lekuetan, erabilera behera egiten ari da». Errealitate hori Tolosaldeko komunikabideen eskaintzaren alboan jarriz, Goikoetxeak uste du indarguneak zein ahulguneak daudela: Tolosaldean bada euskarazko hedabideen eskaintza oso bat, baina, aldiz, gaztelerazko komunikabideek indar handia dute. Eta datuek berresten dute baieztapena: «Euskaldun kopuru esanguratsu batek erdarazko prentsa kontsumitzen du: El Diario Vasco %43k eta Gara %82k».

Hala ere, Berria egunkariak Tolosaldean du Euskal Herriko harpidetza ratiorik hoberena: 67 euskalduneko, harpidetza bat. Kazetariak Egunerotik eta Hitzatik letorkeen tradizioari egozten dio, besteak beste, datua.

PAPEREAN, EGUNKARIA

Ikasleei egindako inkestan, galdera sorta bat eskaini dio lanak, papereko medioei. Horrela, gurasoek etxean zein egunkari izaten duten galdetuta, honakoa da emaitza: %52k El Diario Vasco izaten dute, eta %26k TOLOSALDEKO ATARIA. Etxeko agerkari horietatik zein irakurtzen ote duten galdetu zieten gero: %30ak El Diario Vasco irakurtzen dute, baina beste hainbestek irakurtzen dute ATARIA.

Zenbakiei begira, Garikoitz Goikoetxeak azaldu zuen etxeko hizkuntzaren erabilerak eragin nabarmena duela gaztetxoek kontsumitzen duten prentsan. Horrela, euskaldun elebidunen %42k ATARIA irakurtzen dute astean hirutan, eta elebidun orekatuen gehiengoak (%40) El Diario Vasco irakurtzen dute. ATARIA erdal elebidunen %10,2rena iristen da.

Azkenik, aipatzekoa da inkesta erantzun duten gaztetxoen gehiengoak (%72) ohitura handiagoa duela egunkariei heltzeko, aldizkariei baino.

IRRATIA, TRESNA BALIAGARRIA

Gaztea da 17 urteko 366 neska-mutil horietako gehienek (%69,1) entzuten duten irratia, Garikoitz Goikoetxeak egindako inkestaren arabera. Bigarren postuan legoke Europa FM (%54) eta hirugarrenean (%26) 40 Principales.

Gainerako euskarrietan bezala, irratian ere, euskaldun elebidunek entzuten dute gehien, euskarazko irrati musikala. Kontua da, Gaztearen kasuan koskak ez direla hain nabarmenak, hizkuntza mailaren arabera: euskaldun elebidunen %80k, elebidun orekatuen %60k eta erdal elebidunen %50ek entzuten dute.

Hori horrela, Garikoitz Goikoetxeak baliatu beharreko tresnatzat jo zuen, aurkezpenean, Gaztea irratia: «Euskaraz gaitasun txikiagoa duten neska-mutilak ere erakartzen ditu, eta hori baliatu egin behar da».

TELEBISTAN, ERDARA NAHIAGO

Graduondoko lana osatzeko, hiru telebista kate izendatzeko eskatu zien, Goikoetxeak, gaztetxoei; era berean, gehien ikusten zutenetik gutxien ikusten zutenera ordenatu behar izan zituzten. Bada, euskarazko kontsumoak nabarmen egiten du behera, Tolosaldeko gaztetxoen artean, telebistari dagokionez.

Etxeen erdietan ETB1 ikusten dutela diote gazteek, baina beraiek ez dute kate hori beti aukeratzen: gazteen %37,4k ikusten dute ETB1. Gainerako kateetan ere badago koska txiki bat gurasoen kontsumotik gazteenera, baina ez halako aldearekin.

Azkenik, bitxikeria moduan, Garikoitz Goikoetxeak azpimarratu zuen ETB2 euskaldun elebidunek ikusten dutela gehien, eta gazteek FDFren gisako kate tematikoak asko (%19,9) kontsumitzen -eta euskarazko kateetarako eskatzen dituztela.

'ATARIA', ERREFERENTE SAREAN

Euskarri tradizionalen inguruko datuak atera eta gero, ezinbestean, euskarazko hedabideen interneteko kontsumoa ere neurtu nahi izan du Goikoetxeak.

Horrela, aipatzekoa da TOLOSALDEKO ATARIA-ren erreferentzia izaera, gazteen artean: «%37,4k irakurtzen dute ATARIA interneten, astean gutxienez hirutan, eta hurrengoa EITB da, %22ko datuarekin. Jarraian leudeke Berria (%11), 28 Kanala (%6) eta Argia (%5).

Areago, kontuan hartuta galdetegia erantzun dutenen %29,2k ez dutela euskarazko webgunerik kontsumitzen, datua hobea litzateke TOLOSALDEKO ATARIA-rentzat, Goikoetxearen arabera: «Finean, interneten dabiltzanen erdienganaino iristen da ATARIA».

IKERKETA ZABALTZEKO BEHARRA

Hainbaten ustearen aurka, Garikoitz Goikoetxearen hausnarketa nagusietako bat izan da euskal komunikabideen elkar-elikatzea: korrelazio nabarmenak frogatu ditu datuetan, ATARIA, Berria eta Euskadi Irratiaren artean. Alegia, euskaraz kontsumitzeak euskaraz kontsumitzen jarraitzea dakar.

Ondorioztatu du, era berean, hizkuntza gaitasuna erabakigarria dela kontsumoan, baina Gaztearen arrakasta izan litekeela errealitate horri buelta emateko giltza: «Gaztea iristen da, euskarazko gainerako hedabideak iristen ez diren lekura», dio.

Graduondoko lanaren bitartez irekitako bidea egiten jarraitzeko beharraz ere ohartarazi zuen kazetariak, TOLOSALDEKO ATARIA-n egindako aurkezpenean eta, aurreratu zuen, Galtzaundiren eskualdeko izaerak emango diola bultzada, Tolosaldera egokitutako ikerketa lerro horri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!