Kostaldea Tolosara ekarrita

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko eka. 3a, 14:41

Bederatzigarren urtez jarraian, asteburu honetarako, Bisiguaren festa antolatu du Tolosako Txinparta elkarteak, Tolosako zerkausian. Orioko Xixario eta Katxiña jatetxeko parrilleroak ere bertan izango dira.

Tolosan beste asteburu lodi bati ekin diote. Gaurkoan Bisiguaren festaren hasiera ekitaldiaren txanda izan da. Bertan izan dira, besteak beste, Olatz Peon Tolosako alkatea, Nerea Letamendia zinegotzia, Joxe Migel Zendoia Katxina jatetxeko jabea, Luis Mari Uranga Xixarioko jatetxeko parrilleroa, Txinparta elkarteko kideak, eta Tolosako Ekinbide Etxeko eta Udaberri dantza taldeko kideak, 50. eta 60. urteurrenak betetzeagatik omenduak. Beraiek izan dira gainera zinta moztu dutenak, eta aurretik Udaberriko bi dantzarik dantzatu dute agurra, ekitaldiari behar bezalako hasiera ofiziala emateko.

Gaur hasi eta bihar amaituko bada ere, ehundaka bisitari jasoko dituzte bertan, eta gaur eguerdian hasi dira lehen otorduak banatzen. Bezeroak, gainera, Espainiako lurralde ezberdinetatik etorriko direla adierazi du Luis Oruezabal Txinparta elkarteko bazkide eta festaren antolatzaile denak. "Horrek poztasun berezi bat ematen digu, eta benetan eskertzekoa da Tolosaldea Tour egitasmoko langileek horretarako egiten duten lana".

Izan ere, bi egunetan, bisigu onenaz gozatzeko aukera ederra eskainiko dute bertan, eta jaki ezberdinez osatutako menua dastatzeko aukera izango da: tomatea, zainzuriak, antxoak, bisigua eta azkenburukoa. Oraindik ere otorduetarako txartelak salgai daude bertan. "Bazkarietarako 13:30ean irekiko dugu gunea, eta afarietarako, berriz, 20:30ean", adierazi du Oruezabalek. Aipatu beharra dago bertako lana azken urteetako bera dela, "bazkideok ez dugu arazorik izaten guztia antolatzeko garaian".

Baina, guztia ez da bisigua soilik izango. Zerkausiaren alde batean, Galiziako produktuez gozatzeko aukera ematen duen postu bat jarri dute, 'Aingura' izenekoa, pasa den urtean zizka-mizka postua jarri zuten gune berean. "Galiziatik etorri direla aprobetxatuz, igandean ere egun osoan izango dira hemen pintxoak eskaintzen", azaldu dute. Bertan, olagarroa, muskuilua, otarrainska, brotxeta edota txibi razioak dastatzeko aukera izango da. "Badira batzuk, agian hemengo prezioa garestia iruditzen zaienak, eta horiei bigarren aukera bat eskaintzea da horren helburua; horrez gain, bazkal edo afal aurretik zerbait jateko aukera ona ere badela iruditzen zait".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!