Behintzat

Erabiltzailearen aurpegia

Egunkaria alde batera utzi eta hasperen batek ihes egin dit: inauteriak bertan behera geratu dira. Ulergarria da, noski baietz, baina albisteak jota utzi gaitu. Horrela beharko du bai, baina errutina apurtzen duten planak egiteko ezintasun hau jada nekagarria bihurtzen ari da.

Urtarrilean 2020ari hasiera eman genion ilusioz. Otsailean inauteriak ospatu genituen eta beti bezala, hurrengo urtera arte agurtu genituen. Martxoan harridura izan zen nagusi, ezin genuen sinistu gertatzen ari zena. Apirilean begiak kliskatu eta ezer egin gabe, hilabete osoa pasa zitzaigun. Maiatzean beste hainbeste.

Ekainean aldiz, berriro ere bizitzara bueltatzeko nahia genuen, hala ere dena ezberdina zen; San Joanik gabeko urtea izan dugu hau. Uztailean bidaiatxo motzak antolatzen saiatu ginen, nahiz eta beldurra naharekin nahastuta zegoen. Eta abuztua pixka bat lasaiagoa izan zen agian, oraindik ere planak halamoduz eginez, baina pixkanaka ohituz. Irailean kurtsoaren hasiera izan dugu, zoramena nagusi. Eta urrian… 2021eko inauteriei agur esan behar diegu.

Ez gaizki ulertu, ez naiz kexatzen ari, izan ere, ez nau parrandan ateratzeko ezintasunak gogaitzen; festa hauek ematen dizkiguten atsedenaldi eta zoriontasun momentuen falta da. Noiz edukiko dugu berriro ere herriko festak lasai ospatzeko aukera? Eta zinean edo antzerkian bata bestearen ondoan esertzekoa? Bidaiaren bat egitea ere ondo legoke, gero bueltan, etxekoekin elkartzean, kutsatuko ote ditudan pentsatzeko beharrik gabe.

Eta nahiz eta musukoa jarrita utzi ala ez erabaki beharko dugun elkartzean (hauek komeriak hain plan xumearentzako!), irribarre txiki batek ihes egin dit, plan txikiak egiteko aukera badugu behintzat…


Egunkariari begira geratu naiz, nahikoa berri kezkagarri irakurri dut gaurkoz. Mugikorra hartu eta lagunei idatzi diet; goiz da oraindik eta agian norbaitek geratu nahiko du Netflix-eko pelikula kaxkarren bat ikusteko. Eta nahiz eta musukoa jarrita utzi ala ez erabaki beharko dugun elkartzean (hauek komeriak hain plan xumearentzako!), irribarre txiki batek ihes egin dit, plan txikiak egiteko aukera badugu behintzat…

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!