Ardiak ihesbide

Erabiltzailearen aurpegia Jone Alberdi 2020ko mai. 2a, 16:59

Une historiko batean bizitzea ez da izenak irudikatzen duen bezain liluragarria, ondotxo dakigu guk hori. Etxeko lau paretak ez dira inoiz hain antzekoak izan eta alde handia dago Frantziako iraultzaren parte izatearen eta hilabete pasatxo etxean eramatearen artean. Hala ere, badira oraindik, monotoniaren barruan, irribarreak loratzen dizkiguten gertakariak.

Ez daukat itxialdiak ekarri dituen alde onak zerrendatzen hasteko asmorik, lehenik eta behin, ez dudalako pentsatzen ezer onik ekarri duenik: ez dut uste gazteek etxean giltzapetuta egoteko beharra genuenik aitona-amonei maitasuna adierazteko; bizilagunekin topo eginez gero, lehenago ere agurtzen genituen; eta gurasoak bananduta ditugunok, ez genuen aitarengandik (edo amarengandik) urrunduta egoteko premiarik zeinen garrantzitsuak diren jakiteko.

Eta hala ere, badira egunerokotasunari kolorea ematen dioten gertakariak. Askorentzako orduak iraun ditzaketen bideo-deiak dira, beste batzuentzat egunkaria erosteko kalera irten behar diren momentua, eta badira eguneko une sakratua ohean bota eta serie bat ikusteko garaia dela iritzi dutenak.

Bakoitzak bere trikimailuak ditu ez aspertzeko; hala, esan dezaket Izaskungo maldan ardiak agertzen direnekoa dela azken aste hauetako nire une gogokoenetako bat. Ondo irakurri duzue bai, ardiak dira nire konfinamenduko izarrak!

Egunero, non dauden begiztatu ondoren, hasten da amona eta bion artean kalaka. Ezer baino lehen, eguneko gaia zein den aztertu behar da, ondoren, sakabanatuta badaude, haserre dauden edo harrapaketan jolasean dabiltzan erabaki behar da. Azkenik, nola ez, nik ikasketetara bueltatu behar dut eta amonak bazkaria egiten jarraitu.

Hamabiak aldera egiten dugun etenaldia da, elkarrekin barre batzuk botatzeko aurkitu dugun bidea. Txorakeria irudituko zaizue, huskeria, agian, inguratzen gaituen eromenaren aldean; baina eguneko hogeita lau orduak etxean sartuta igarotzen ditugunez, agian ez da ideia txarra ardien arteko elkarrizketak imajinatzen hastea (nahikoa seriotasun bada telebistan). Batek daki! Beharbada, hau dena bukatzean haiekin elkartuko gara eta, azkenean, jakingo dugu ea haserre zeuden edo jolasean ari ziren!

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!