Lore sorten xalotasuna

Erabiltzailearen aurpegia Jone Alberdi 2019ko ots. 3a, 08:59

Urtarrilak 21, ez da egun berezia. Ingelesetik atera eta aterkia ireki dut, izugarrizko euri zaparrada ari baitu. Aurikularrak konektatu mugikorrera eta, musikaren lehen notak entzutean, betiko bideari ekin diot.

Jendearekin bat egin dut, egunerokotasunaren zurrunbiloan sartuz. Automata baten antzera mugitzen naiz, irudi batek atentzioa eman didan arte; ez da ezer berezia, haur bat ama besarkatzen, besterik ez. Hala ere, harrigarria da nola irauten duen, hain ohikoa izan beharko lukeen ekintza batek, nire pentsamenduen artean: ama.

Azterketekin eta parrandekin aspaldian ez diot behar bezainbeste denbora eskaini. Ez dut besarkatu, pare bat segundo baino gehiago irauten duten besarkada horietako batekin. Ez diot galdetu zer moduzko eguna eduki duen lanean, berak purrustada batekin erantzuteko eta konfidentzialtasun kutsua duen isilpeko elkarrizketa bat hasteko. Aldi berean, bada denbora bat txantxen artean sortzen den solas konplize horietako bat eduki ez dugula. Eta sofan elkarrekin ikusten ari garen pelikulak deus balio ez duenean, lo hartzera bultzatzen gaituzten gauek, urruti diraute.

Ez da bere urtebetetzea. Ezta santua ere. Baina, ez daukat zertan arrazoi baten bila ibili. Gaurko honetan berari egin nahi diot oparia. Berak hainbeste gustatzen zaizkidan zapatilak erosten dizkidan moduan. Gaizki nagoenean nire umorea jasaten duen eran. Edo ordu biak arte lo egiten uzten didanetan bezala, kontziente delako ederra izan dela, aurreko eguneko gaua.

Lore dendan sartu eta sorta txiki bat erosi dut. Opari pertsonalizatua da, etxeko ohiturak jarraituz. Atarikoak jada lehortu dira, eta badakit zenbat gustatzen zaion etxera sartu eta ikusten den lehenengo gauza kolore biziko loreak izatea.

Eskertzeko keinua da, batzuetan ez dagoelako gaizki, maite dituzunei horixe bera esatea. Denok ziurtzat ematen dugu, ordea, badakitela; eta, ondorioz, ez dugu pausoa ematen. Baina amari loreak ematean jaso dudan irribarre zintzoa, ez dit inongo suposiziok emango. Eta nik bueltatu diot, amak ere merezi duelako bere lana eskertzea.

Urtarrilaren 21a da, ez da egun berezia. Etxean dena beti bezala doa: gelan nago, lanak egiten eta, bide batez, Netflixen serie berriren bat bilatzen. Ahizpa komunean sartuta dago, mugikorrarekin; eta gurasoak sukaldean, hizketan. Dena den, usain berezi bat dabil etxean, udaberriko lurrinaren tankerakoa. Dena beti bezala dago, baina afaltzera joatean, amak begirada konplize batekin galdetu dit ea eguna zer moduzkoa izan den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!