Ahularen ausardia

Erabiltzailearen aurpegia Jone Alberdi 2018ko aza. 27a, 08:58

Eskuekin malkoak kendu eta ur txorrota irekitzen dut. Aurpegia freskatu eta ispiluan ikusten dut nire isla. Ezezkoa egiten dut segituan eta beste bi aldiz garbitzen dut aurpegia urarekin.

«Zer ahula naizen».

Gorroto dut negar egitea. Egia da ez nagoela anaiaren lekuan, niri ez baitidate inoiz esan ezin ditudala nire sentimenduak erakutsi. Ez naute mehatxatu negar egiten badut arreba ahularekin alderatuko nautela esanez, eta ondorioz, ahulak izateko aukera duten bakarrak neskak direla pentsaraziz.

Baina aldi berean, nirekiko mespretxuz beteriko esaldia da. Txikitatik saiatu naiz nire sentimenduak ez erakusten, negar ez egiten norbait aurrean badago, indartsuaren plantak egiten. Horrela, atearen beste aldetik entzuten nuen errietan ez nintzen ni izango ahularen adibidea, horrela nire balioa bermatuko litzateke. Bai etxean eta bai kalean. Izan ere emakumeok negar egin dezakegu, baina ahulak bezala ikusten gaituelako gizarteak. Hala ere, pertsona arrunt bat naiz, eta batzuetan ezin dut gehiago. Eztanda egiten dut.

Inpotentziak sortutako sentsazioari ihes egiten saiatzen naiz horrelako momentuetan. Hala ere, begiak malkoz betetzen zaizkit, eta olatuen artetik ezer ikusteko gai ez naizenean atera egiten dira. Begiak gorrituz, arnasa moztuz eta gorputza dardarka jarriz.

Nolanahi ere, amorru gehien ematen didana ez da nire sexuagatik epaitua izatea edo nire anaiak mutila izateagatik bere «maskulinitatea» erakutsi behar izatea. Haserreen neure buruarekin nago, arau tentel hauen menpe bizitzeagatik. Izan ere, ez al da egia neska indartsua naizela frogatzeko saihesten dudala negar egitea?

Badakit aurre egin diezaiokedala, baina hainbeste denboran zehar gezurretan ibili ondoren ez dakit benetan ahalko dudan. Ez dakit jendaurrean negar egiteko ausardia edukiko dudan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!