Gauari loa ausardiaz kendu eta egunari mozorroen omenaldia egiteko garaia. Brinkoka, musika-piezarik ederrenaren erritmoan, adiskideak eta ezezagunak gertu sentitzekoa. Tolosar inauterizale peto askorentzat, urteko sasoirik hoberena.
Zale sutsuenok Hausterre egunean bertan hasten gara atzera kontaketa egiten eta, aurreko egunetan tolosartasunaren aparra gora igotzen zaigun bezala, gehitzen zaigu txilaba eta mozorroak soinean janzteko gogoa. Irrikaz itxaroten diegu, aurtengoek emango dutenaren pentsamenduan, eta irudi eta istorio pila etortzen zaizkigu gogora.
Txupinazo aurreko urduritasuna festa, lehertu ondorengo dantzarekin nahasten deneko unea maite dute askok. Ostiral meheko parranda beste batzuk. Zaldunita egunean taldeen dantzak ikustearekin gozatzen dute hainbatek. Txarangan saltoka ibiltzea, konpartsaren tzunda, konfeti festa… Mila modu ditugu festaz gozatzeko, une berezi asko daude, eta norberak badu bere kuttuna.
Aurten, ilusio bereziz joango naiz dianara, 28. urtebetetzea ospatzen hasteko ez baitago kalera pijaman ateratzea baino modu hoberik. Goizean goiz esnatu eta erabiltzen ez dugun pijama hori jantziko dugu, panpina edo erruloak hartuta. Kaleko isiltasunean zoro zoragarri batzuk ikusiko ditugu, pauso azkarrarekin, zoriontasunaren manifestazioa dei dakiokeen jende multzora hurbilduz. Haur, gazte eta helduak besotik helduta eta saltoka jartzen ditu Dianak, elkarrekin era jatorrean inauteriez gozatzea erabakita. Nahi izatea da taldekide bilakatzeko baldintza bakarra.
Toki guztietara berandu iristen direnak Dianara punttu-punttuan iritsiko dira, eta errepide ertzetik begiratuko digute, larunbata Tolosan ospatzera etorri diren kanpotarrek. Eta berdin dio norekin eta nola, baina guk saltoka jarraituko dugu. Gure tokia aurkituta, aurrera eta atzera arituko gara saltoka, korrika tarteka. Bertan egotea izango da desira bakarra eta, sari bezala, taldean gosalduko dugu. Horren sinple, baina horren eder.
Jeiki guztiok goiz kantaren doinuan, eta ez galdu ondoren datorrena! Sano joka eta asko goza dezazuela!