Gehiegitan errepikatu izan dugu inauterietan urte osoko txarrak ahazten ditugula; oasi emozional bilakatzen direla ostegunetik astearterako egunak. Baina, festa gehiegi idealizatzea da hori: inauterietan ere, txakurrak hanka-hutsik.
Aurtengoetarako Janire Iraolak egindako kartela aurkeztu eta hiruzpalau egunera eraman nuen Tudurirenera, marko bat jar ziezaion. Gure etxeko hormetan bada gure genealogia biologikoaren lekukotasunik, eta baita iazko sanjoanetako kartela ere; ideia ona iruditu zitzaidan, beraz, hormen zuriuneetako bat koloretako balkoi horiekin atontzea.
«Gurasoei zor diedan zaletasun hau —gustuko kartelak markotan sartzearena— askoz ere gehiago baita erabaki dekoratibo bat baino: jatorriei aitortza da»
Gurasoei zor diedan zaletasun hau —gustuko kartelak markotan sartzearena— askoz ere gehiago baita erabaki dekoratibo bat baino: jatorriei aitortza da. Erroz betetzen ditu etxeko pareta zenbait, nondik gatozen ahazten zaigun egun hipotetiko horretarako.
Gogoratzeko, herri honetan izan zirela hainbat eta hainbat inauteri-urte kartel egile bakarrarekin; gogoratzeko, herri honetako inauteriak urtetan eta urtetan ilustratu, kontatu eta gozatu zituztela batzuek, beste batzuek sukaldeko lana latz egiten zuten bitartean; gogoratzeko, Isabelitaren euskarazko letra ez zela askoz hobea gaztelerazkoa baino; gogoratzeko, herri honetan emakumeak objektu eta erregina bilakatzea izan zela batzuentzako festa gorena.
Herriko balkoi identifikagarri eta ezagun horiekin osatutako mosaikoa zintzilikatu dut etxeko sarreran. Bederatzi oihal, bederatzi balkoi itxuraldatzen; urtero luze-zabal berberekin, baina urtetik urtera higatuago; urte batetik bestera aldarte desberdinez zintzilikatuak. Mundua irensteko gogoz, munduak irensteko beldurrez, munduari ezer eskatzeko nekatuegi edo, besterik gabe, munduari urtean astebeteko oasia lapurtzea egin dezakegun ariketarik itxaropentsuena dela pentsatuta.
Jantzi Tolosa, halaxe diosku kartelak, eta guk jarraituko dugu mozorrotzen, zomorrotzen, txantxotzen, ileordetzen, betaurrekotzen, itxuraldatzen, herri honek izan ditzan urtero inauteri berriak, inauterizale berriak, kantu eta oasi berriak. Herri honek izan ditzan erro berriak, paretetan itsatsiak.