Bigarren txarangarekin joatea gustatzen zaigu, ez aurretik eta ez atzetik, erdian; behinola egindako hautu ausazko hura ohitura bilakatu dugu honezkero. Ordu eta urte-garai honetan, eguzkiak parez pare jotzen du Gorriti plazatik Korreo kalean gora igoz gero, eta, beste urte batez, pozik begiratu diot zeruak Alde Zaharreko teilatuen artean osatzen duen ibaiari. Haizearen kilimei erantzun nahiko baliete bezala, dantzarako pronto daude balkoietako oihal eta sobrekamak ere, eta, Praxkuarena doinuaz, zirrara ezagun batek hartu nau oin-puntetatik kopeteraino.
Ez dakit zezenetarako igoera inauterietako nire momentu kuttunetako bat ote den edo ez, baina bada urtero gorpuzten saiatzen naizen une bat. Akaso, parez pare jartzen didalako denbora, urteen joana, eta ederra da. Atzo gertatu izan balira bezala oroitzen ditudalako, amona Juanitaren etxeko pasilloan gurasoekin eta anaiarekin egiten genituen korrika saioak, txaranga Korreotik edo Solanatik ote zetorren asmatu nahian.
Orduan, uste nuen nire inauteria betirako izango zela horrelakoa. Uste nuen ez nuela zezenetako igoera amonaren balkoitik bezainbeste gozatuko kaletik, Udaberriko lagunekin, mozorro koreografiatutan. Uste nuen ez nintzela aje-gorputzaldiarekin baino inauterizaleago sentituko, txarangarekin sabelean haur bat kulunkatuz. Uste nuen ate-joka ditugun egun horien harra itzaltzen joango zitzaidala, edo lausotu behintzat bai, parrandarako aukera errealen proportzio berean. Baina, urteak joan, urteak etorri, inauteriak joan, inauteriak etorri, bizitzak beti zabaltzen dio zirrikitu bat zirrara hau sentitzeko aukerari. Eta ederra da.
«Baina, urteak joan, urteak etorri, inauteriak joan, inauteriak etorri, bizitzak beti zabaltzen dio zirrikitu bat zirrara hau sentitzeko aukerari. Eta ederra da»
Ez dakit zenbat aldiz galdetu ote didaten ea aurtengoetarako zer gorputzaldi dudan: gogotsu ote nagoen ala nagiaz hartuko ditudan, festa eta haur txikien zaintza uztartu behar izateagatik. Nik «itzuliko naiz» sinple batekin erantzun ohi dut, aurten eskiatzera banindoa bezala, baina, beharbada, aldatu beharko nuke erantzun horretara naraman gogoa: agian ez gara sekula itzuliko behin batez izan ginen inauteri hartara, baina beti zabalduko diogu zirrikitu bat malenkonia eta euforia koktel honi. Gora inauteriak!