[Zia edo boga] "Moila bat arkupean"

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko maiatzaren 19a

Haurtzaroko udak baporeetatik saltoka pasatzen dituzte txoko horietan; hizketan baino lehenago ikasten dute herriko traineruari oihu egiten, eta erromantizismoz begiratzen diote kresala darion edozeri. Ezin uka: kostaldea postalak sortzeko fabrika bat da.

Urak gatzik ez dueneko bailaretan, ordea, inork gutxik ezagutzen du itsasontzien kareletik uretara jauzi egin ondorengo zirrara. Hemen, baso eta gailurrak dira idiliko eta, lurrari lotuak daude, haurtzaroko oroitzapenak. Baina hemen ere begira dakioke modu erromantikoan bizitzari.

Hemen ere badugulako moila bat. Ez du baporerik, baina arkupeak ditu eta, begiak gehiegi altxatu beharrik izan gabe, inguruko tontorrik altuena ikus daiteke, zaindari. Hemen, aspaldi bota genion erronka ur gezari, haren gainean dantza egiteko eta, lehen baltsa lauzpabost arraunekin dantzatu bagenuen ere, hasiak gara hamalau palako koreografiak berrikasten.

Sekula berriro errepikatuko ez diren argazkiei begiratzen zaien nostalgiaz, urtetan puztu izan da Tolosaldeko trainerua berriro uretaratzearen ametsa, eta azkenean bai: TAK Kantauri gainean dantzan ariko da aurten. Bederatzi hilabeteko lana motxilan dutela, zain eta begira dute eskualdea, haur jaioberriei nola.

Lehen aldien aurreko urduritasuna, ilusioa eta ikasteko gogoa ordezkatuko ditu lepoko zapi urdinak, eta sormena dantzan jarri beharko dute, zaleek, lehorreko traineruari oihu egiteko. Aurkia eta ifrentzua izatea baita tostako arraunaren xarma, eta TAK-eko emakumeek denetik marraztuko dute datorren udan: irribarrez zein malkoz jantzitako postalak.

Izan ditzatela uhera eta ispilu, orain hamar urte estreinakoz itsasoratu ziren haiek. Eta, babarrunak eta piperrak nola, hala zaindu dezatela palada, ziaboga eta hogeiko bakoitza: mimoz, eguneroko lanaz eta pazientziaz. Kresalduko da-eta, Zerkausiko ametsa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!