Kale Kantoitik

Laino artetik hodeietara

Erabiltzailearen aurpegia Irene Arin 2017ko urr. 5a, 15:48

Hodeietan bizi gara batzuk. Edo esan, nahiago baduzue ero optimista batzuk garela. Baina egunero osteguna dela pentsatuz igarotako aste batean, osteguna benetan iritsi dela jakiteak ematen digun poz berbera ematen digute txikiak diruditen gainontzeko huskeriek.

Zirkurik zirkuena bizitzen ari garen honetan, esperantza badela ikusi ahal izan dugu. Ezinezko guztien gainetik egiten ari direlako gauzak. Andoni Egañak idatzi zuen pasa den astean: “zerbait egiatan nahi denean, abian jartzea bezalakorik ez da. Grinak eta ausardiak maizago behar lukete bikote.”
 
Inoiz egin ez diren gauzak egiten hasi arte erokeria etiketa izan dute zintzilik. Utopia, ilusio. Baina begira, hortxe, Handia handienetan, 2’27 metro baino erraldoiago. Euskal Zirkua zezen plaza batean, pailazo izateari utzi ezin dion ameslari batekin, pilotak euskaraz kontatzen dituzten malabaristekin. Herri oso bat, paperak harrien aurka jartzen ari direla jakinda ere, ausardia bere eginik. Ikastola bat bere urteurrenean, hitz egin ezin zen hizkuntza bat hedatzen jarraitzeko deseinuarekin. Norbaitek, behin, euskarak ere merezi zuela erabaki izango ez balu, ni ere, desobeditzen ariko nintzatekeelako.  
 
Zurekiko eskubiderik ez daukan norbaitek hesiak ezartzen badizkizu, zuk, salto egin diezaiekezulako. Azken finean, ezin dela esaten dizutenean ere, baietz erabakitzen ari zarenean, beldurra alfonbra azpian ezkutatu eta aireratzen ari zarelako.
 
Eta laino artean nahi gaituzte, baina guk… nahiago dugu hodeietan bizi.
 
“Ametsik politenak ez omen dira behin soilik bete daitezkeen haiek, luzaroan ekinean aritzera behartzen zaituztenak baino” (A.Egaña)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!