Kale Kantoitik

Erreakzioa

Erabiltzailearen aurpegia Irene Arin 2017ko eka. 23a, 17:20

Instant batean, denbora geldituta: suak argiztatu eta itzalean uzten duena, Zortzikoaren notak, dantzariek egur taulen kontra sortarazitako burrunbak, kanpaien bibrazioak, koroaren ahots kordak, eta ileak tente, azala borborka.

Miren Amurizak herenegun idatzitako artikulu batean suak deskribatzen zituen: “ez da materiaren egoera bat, erreakzio bat baizik: gorputz solidoek eta likidoek, berotzen direnean, gasak askatzen dituzte eta horiek, oxigenoarekin nahastean, su hartzen dute” eta “gorputzek, berotzen direnean, desirak askatzen dituzte eta horiek, emozioekin nahastean, maitemina sortzen da”.

Eta suak eta suak daude, suntsitzen dutenak, berotzen dutenak, beldurtzen dutenak, kaosa pizten dutenak, begiradek sortzen dituztenak.. Baina San Joan sua, askoz ere gehiago da: emozioa da, sinesmena da. Erre dezake, argitu dezake, sentiarazi dezake. Isil isilik gaudela urduritasunak dira gorputz solido, zirrara likido, eta suaz berotzen direnean.. badakizue, bai, zer den senti bai baina azaldu ezin den hori.

Zorte ona bilatzeko, uztak betetzeko, natura sentitzeko, izpiritu eta gaixotasunak uxatzeko, edo sinpleki, hainbestetan zurea sentitu duzuna berriz ere bizitzeko. Txiki txikitatik izan da berezia: elkartzeko aitzakia bat baino gehiago, elkarrekin ospatzeko behar bat. Herentzia bat. “Ea noiz saltatzen dugun guk”, azkar hazteko grinaren erakusle.

Eta emozioa ere, erreakzioa: biharamuna. Ekainaren 23koa gaurik motzena izango ez bazen ere, ez genuke lo gehiagorik egingo. Suak itzali baina emozioaren keari alde egiten utzi aurretik janzten ditugu espartinak. Alkandora, gona, gorbata, txalekoa, zapiak, txapela.. Oraindik zu baino lehenago esnatu direnik bada eta begiratzen dituzu irribarrez, babestuko gaituzten lizarrak banan bana jartzen.

Ihintzak txukundutako Tolosa batetik pasiatzen, ondoren urrutitik ikusiko dituzun trajedunak agurtzen dituzu eguzkia ateratzen den bitartean. Lehenengo tiro hotsak, txiribituak, martxak, animoak, polbora usainak eta koloreak nabaritu arte, antzinako milizien modura. Bordondantzariak, krabelinak, korporazioa. Musika banda eta erraldoiak.. sentitzen dituzun kilimak bezain erraldoiak.

San Joan eguna bezperarik gabe ulertzen ez bada.. nola ulertuko da esaten dudana, bizitzen ez bada?”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!