Kale Kantoitik

Oilo Ipurdiaz

Erabiltzailearen aurpegia Irene Arin 2016ko aza. 11a, 18:14

“Oilo ipurdia”. Erakarri egiten du. Titular bezela irakurri dut gaur, eta morboagatik (edo), irakurtzera sartu naiz, horrelako zerbait zerk eragin ote duen aurkitu asmoz.

Esaten duguna baino garrantzitsuagoa omen da egiten duguna. Balio handiagoa dauka; ausardia tarteko delako, agian. Egin, edo azaleratu; noski. Hortxe ba: oilo ipurdia. Ba al dago gauza inprobisatuagorik? Ezusteko handiagorik? Azken finean.. ausartagorik?

Hatz bat mugitu nahi dugunean, mugitu egiten dugu. Toki batera joan nahi dugunean, hankek erantzun, eta grazia gehiago edo gutxiagorekin, gure helmugara eramaten gaituzte. Eta horrelako batean begiz keinu egin nahi dugunean, hala egiten dugu; botere hori daukagunok, behintzat. Baina badaude okasioak, non gorputza ez den geure nahien erantzule. Eta konturatu gabe, kontrola galdu dugu, eskuetatik joan zaigu azala.. eta ileak puntan dauzkagu.

Erreakzio honek ustekabean harrapatzen gaitu beti, eta guztiak zergati bat daukan tokira trasladatzen gaitu. Izan ere, honek ere badauka berea: hotza daukagunean, azalaren gaineko haize geruza handitu eta babestu egiten gaitu. Izutzen garenean berriz, azalaren helburua ez da berotan mantetzea; handiagoak eta arriskutsuagoak garenaren planta egitea baizik. Horixe da Wikipediak ematen duen azalpena, behintzat.

Baina zer gertatzen da hotza edo izuaren aitzakiarik ez daukan oilo ipurdiarekin? Oraindik eta sakonagoa da hori: EDOZER SENTITZEArekin, nahikoa da. Baina hori; SENTITZEA, larriz. Emozio fuerteei diegun beldurra uxatu beharra daukagu. Hori baita politena.  Kilimak sabelean, dizdira begietan, … Bai, zuk dakizun hori ere bai. Sentitu, eta erreakzionatu. Eta ahal bada, kontagiatu. Azala, gertakariekiko sentibera baita.

Eta barkatuko didazue gaurko iritzi zutabea. Aste honetan Hillary eta Donald izan beharko nituzke mintzagai…

baina horrekin bai oilo ipurdia!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!