Kale Kantoitik

Argi pixka bat

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Asensio 2018ko uztailaren 12a

Ez nuen esperantza gehiegi, eta badakit aldaketak ez direla erabatekoak izango, baina Espainiako estatuaren gobernu berriak baditu eragin batzuk.

Ez dira erabatekoak, ez du Espainiako estatuaren jarrera eta idiosinkrasia bat-batean aldatuko, eta horren adibide da aste honetan Manadako militarrari buruz jaso dugun berria. Baina kutsu frankista soinetik kendu ezinik dabilen Espainian, Pedro Sanchezek ekin dio, bederen, bidearen zatitxo bati.

Epaitegi frankisten eta hauen epaien baliogabetzeko proposamenak badu bere mamia. Ez hainbeste pragmatikoki, agian. Baina erabaki honek atzean duen balio morala garrantzitsua da. Zapalduen duintasuna bermatzeko pausotxo bat, besterik ez, baina garrantzitsua. Horren atzetik badatoz beste hainbat neurri... Frankismoaren gorazarrea egiten duten fundazio edo elkarteen ilegalizazioa, erregimenak lapurturikoa ordaintzeko diru laguntzak... Eta batez ere lurpean diren hainbat eta hainbat gorpu ateratzeko plana.

Europako Parlamentuak ere azalpenak eskatu dizkio Espainiako gobernuari. Izan ere, Maria Servini epaile argentinarrak Espainiako hainbat delitu ikertzeko eginiko eskaera ukatu baitu Espainiako gobernuak behin eta berriz. Pentsa, ikertuetako bat Gallardon Justizia Ministro ohiaren aitaginarreba da...



Memoria historikoaren inguruko pauso hauek berandu iritsiko dira, Zapatero presidentearen garaian proposatu eta gauzatu ez zirenak dira asko. Agian ez dira nahikoa izango, eta esanda bezala, hamarkaden ondoren, kosta egingo da Espainiako estatuak bere DNAn inokulatua daraman diktaduraren arrastoa desegitea. Baina bada zerbait. Argi pixka bat, azken finean...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!