Ez dakit zer den kezkagarriagoa zalantza ala baieztapena. Zalantza diodanean hauxe esan nahi dut . Ez dakidala bilatzaileek plazerragatik, bortxaketaren bideo batek sor diezaieken plazer sexualagatik egiten ote duten, ala epaiketaren entzutea kontuan izanik hau norberak epaitu eta froga nagusietako bat, bideoa bera, ikusi nahi ote duten.
Hausnarketa honen ostean konstatazioa dator, baieztapena. Pornografia atari batean bortxaketa baten bideoa bilatzen duenak, zer demontre ulertu du honen guztiaren inguruan? Glaukomako lagunek dioten moduan, pornografia izan da gure heziketa sexuala. Are gehiago, gure sexualitatearen pertzeptzioa hondatu edo nahastu duten eredu horiek, zinemagintza pornoaz ari naiz, hainbeste murgildu dira gizarte baten imaginarioan non gizabanakoek fikziozko zinema pornografikoen atarian aurkitu nahi duten bortxaketa baten bideoa. Tamalgarria da.
Baina hausnarketa harago eraman beharra dago. Bortxaketaren atzean, erailketa matxistaren atzean bezala, oinarri moral bat dago. Egunero, konturatu gabe elikatzen duguna. Kode penalaren erreforma eztabaidatzen ari diren honetan, ikuspegi legaletik bada zerbait atentzioa ematen duena. Gure gizartean lapurreta bat ikusi eta hau salatzen badugu, justiziak horren aurkako neurriak hartu eta dagokion tratamendu legala emango dio. Ofizioz jardungo du sistema judizialak. Ondarea defendatzen dugu ofizioz, ez baina askatasun eta indemnitate sexuala. Salaketa tartean ez bada, ez da epaiketarik izango eraso sexual baten aurrean. Esango nuke gizarte bezala, edo hobe esanda, estatu bezala, espainiak ez duela gainditu “etxeko pareten barruan” gorde beharreko gatazken pertzeptzio eta kultura. Eta noski, horrek beste behin ere emakumearen eskubideen aurka egingo du, jasandakoa salatu eta justizia exigitzean, bere burua fokopean jarri beharko baitu berriro, gizarteak bere burua biktimizatu, edota bere hitza zalantzan jartzen duela ikusiz.
Eta honaino iritsita atzo irakurri nuen zalantza bat nere egingo dut. Ez ote gara ari gizarte bezala sustatzen duguna orain gaitzesten?