94. urtean entrebistatu zituzten gizon unibertsitarioen %42ak, nahiago zuen beraien emazteek etxea eta umeak zaintzea. Egun portzentaia hori %58ra igo da. Eta ezin sinetsita nabil. Gainera onar nezake emakumeak bere askatasunean umeen zaintza aukeratzea lehentasun gisa, eta ziurrenik ondo aztertu beharko genuke mekanismo kapitalistak zein puntutara eraman gaituen, non gurasoak maiz ezin iritsita dabiltzan lana, etxea eta familiari eskaini beharreko denbora uztartzeko. Konsumoaren makinaria horren baitan, langile eskubideen borroka gaitzetsi da, eta inor gutxik aldarrikatzen ditu konziliazio politikak beharrezko eskubide gisa. Ez naiz honen inguruan luzatuko, luzerako eman badezake ere... Arazoa ez da, edo ez hainbeste, emakumezko eta gizonezkoek euren ardurak nola banatzen dituzten, eta emakumea etxean geratzearen erabakia zein puntutaraino den eztabaidagarria... Beste baterako utziko dugu hau ere. Arazo nagusia honakoa da: Galdera hain zuzen ere gizonezkoei egiten zailea, berriz ere, patriarkalismoaren koordenadei jarraiki, gizonaren iritzia haintzat hartuz gizon-emakume edota bestelako bikote ereduetan ere, bizitza nola antolatu pentsatzerakoan. Konturatu gabe, egoera salatu nahi duen ikerketak berak, gizonaren iritzia, iritzi matxista hori, kokatu duela eztabaidaren erdigunean.
Gurera jota, Euskal Herriko Itzulia amaitu berria da eta lehenengoz ez dugu azafatarik izan podiumean. Ez dut zalantzan jarriko ondoan urtetan izan ditudan profesionalen duintasuna eta lana egiteko gaitasuna. Baina harrigarria deritzot jende askorengan somatu dudan azafatak kentzeko erabakiaren aurkako jarrera. Euren lan egiteko eskubidea edota dirua irabazteko eskubidea lehen argudio bilakatuz, eta gainontzekoak, ni neu barne, radikal burugabetzat joaz... Kosta zait han eta hemen nire iritziari tinko heltzea baina benetan uste dut aldaketa beharrezkoa zela. Eta askok, nik neuk esatari lanetan maiz, konturatu gabe ere, emakumea sari bihurtzen genuela jarrera txiki askoren bitartez. Haren irrifarreak, muxuak, eta ezpain gorri politak garaikur bihurtuta. Itzulian zehar emakumezko gazte bat ere entzun nuen, kazetaria bera, esanaz edozein egunetan kazetari izatea ere galeraziko zietela, garai batean bezala kazetari guztiak gizonezkoak izango zirela eta... feminismoa bere arerio sentituko balu bezala. Konturatu nintzen lan asko dagoela egiteke. Askotan lortutzat jotzen den "berdintasun" fiktizio hortara heltzeko. Tamalgarria iruditu zitzaidan.
Eta amaitzeko Valentziako unibertsita giroko festa bateko kamiseta lehiaketa aipatu nahi nuke. Lehiaketaren funtsa honakoa: nork kamiseta matxistagoa jantziko. Abiapuntua lazgarria da. Karrera bakoitzak bere gaiarekin loturiko esaldia erakus zezakeen bularrean idatzita. Zuzenbidekoen esaldia hauxe zen "Gaur larru jo, bihar epaiketa", edota Magisteritzakoa, "Magisteritza errexa balitz, zure neskalagunaren izena izango luke". Ekonomiakoena ez zen gutxiago, "Nire zerga (impuesto) bakarra, zure arropa kentzea da"... Eta horrela itzulpenean zentzua galduko luketen esaldi askoz gehiago zeuden. Gizonezkoen kamisetetan ageri ziren, eta baita festan euren askatasunez kamiseta matxista horiek berak jaztea erabaki zuten neska askoren soinean ere. Umorea omen, eta hala ulertu behar. Askatasuna ote, eta hala errespetatu behar. Umorea eta askatasunaren mitoek nazkatu naute aspaldi. Kosta egiten da askotan esperantza mantentzea. Espezie honek, gizakiak, ikasiko al du inoiz bide okerra baztertzen...