Kale Kantoitik

Gizarteak gizarteari sinestarazi dio posible dela

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Asensio 2016ko aza. 15a, 12:52

Edonoren eskubideak urra ditzakeen gizakia presidente aukeratua bada, gizarteak erraz pentsatuko du maila ezberdineko gizakiak daudela.

Ameriketako Estatu Batuetan ekimen arrazistek gora egin dute azken egunetan. Arrazakeria gainditu gabeko gaitza dela argi utzi dute. Ibilgailuak Nigger hitzarekin margotuta agertu dira, kaletan «zoazte zuen etxera» edota «zureak egin du» bezalako mehatxuak egiten dituzte hainbat herritarrek, Hijab-a edo euren kulturaren adierazgarri den edozein zapi lehenengoz etxean utzi duten hiritarrak ere badira... Azken hauek etorkinak noski. Trumpen garaipenaren ondorioak dira, ez politikoak, sozialak baizik. Gizarteak, arrazoiak arrazoi, gizarteari sinistarazi dio posible dela, emakumeen, homosexualen, arraza txurikoak ez diren... edonoren eskubideak urra ditzakeen gizakia presidente aukeratua bada, gizarteak erraz pentsatuko du maila ezberdineko gizakiak daudela, eta horren adibide egun Ameriketako Estatu Batuetan gertatzen ari dena.
Askotan entzun dut kultura dela gorrotoaren aurkako sendagaia. Askotan pentsatu dut kultura eskolan eta liburutan bereganatzeaz gain, bidaiatzean ere lortzen dela. Edo behintzat gizabanakoak berdintasunean maitatzen erakutsi eta horrela behar duela gogorazten digula.
Baina arazoa kultura, enpatia, sentsibilitatea edota dena delakoa dela, arazoak beti jarraitzen du gure artean. Izan ere, bada hau guztia kontuan hartu nahi ez duen gizarte zati bat, eta gero eta gehiago, tamalez, eredu bihurtu dena.
Aste honetan Espainiako telebistako (eta Euskal Herrian audientzia handia duen) saio batean, neska gazte batek Berlingo Harresiari buruzko azalpena eman zien bere saio kideei. Ameriketako Estatu Batuetan kokatu zuen harresia, txiroak eta aberatsak banatzen zituen harresia zela, txiroen aldean langileriak nazkatuta harresia botatzea erabaki zuela...
Kontakizuna negargarria izan zen, eta negargarria bere lehiakideen onarpen aurpegia. Pasa den astean bertan hil zen Leonard Cohen, eta noski, Berlingo Harresiaren kontakizunaren protagonistak ez du penarik hartu, jakin ere ez duelako jakingo Cohen nor zen. Berak ez jakiteak tristura sor lezake, baina benetan lotsagarriak direnak Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Kultura Ministroaren Coheni buruzko hitzak dira. Espainiar askok «dantzatu» omen dute Leonard Cohenen erritmora. Ez dakit ba, ministro agurgarria ez ote den Georgie Dannekin nahastu.
Hau da dagoen maila, irakurle agurgarriok, eta dagoenarekin moldatu beharko dugu mundu hau gorrototik urruntzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!