Denak lo-zorrotik esnatuko dira eta bizitzaren premiari erantzungo diote: ugalketaren premiari, bizi berririk gabe ez baitago espezieen jarraipenik. Eta senak ematen dien indarrarekin eta jakinduriarekin saiatuko dira bizi berriak ekartzen.
Hor entzungo duzu kukua bere dei berezia luzatzen eta bere agur berdingabea guri eskaintzen. Hor ikusiko dituzu tximeletak pirueta akrobatikoak airean marrazten. Hor sentituko duzu azpitxorien eta enaren hegaldi supertsonikoa, “kiii-kiii-kiii” betiko beren garraxi zorrotza bazterretan zabaltzen. Hor ikusiko dituzu txoriak eta mota guztietako hegaztiak kabi goxoak atontzen, beren kumeek erregeen pareko ohe goxoa izan dezaten. Eta ibaian ere hor ikusiko dituzu laster ahateak eta uroiloak beren kumeen flotarekin nabigatzen.
Eta zuhaitzak ere kimu berriak bota, hosto jaioberriz jantzi eta lore ederrez apainduko dira udaberriari ongietorria emateko. Belardiek lorez eta larre finez bete dituzte beren zoruak, zomorroak, intsektuak, kirkilak, tximeletak... bertako biztanle harrigarriak pozik senti daitezen.
Mendietako elurrek beren mantu txuria ur bihurtu dute beheko haranetan lurrak egarriz ito ez daitezen. Dena alai, dena argi, dena bizi... bihurtzen da udaberrian, eta gu ere pozikago sentitzen gara. Neguko iluna, hotza, egun laburra... joan dira eta orain giroa argiago, epelago, gozoago nabaritzen dugu. Neguko gripe, katarro eta ajeak urrundu dira. Eta udaberrian osasuntsuago eta indartsuago sentitzen gara.
Eta nork ez ditu nahiago txorien txorrotxio alaiak trumoi zaratatsuak baino; nork ez du nahiago zeru goibelaren ordez egunsenti epel argitsua; nork ez ditu maiteago zuhaitz hostoberriz jantziak zuhaitz biluziak baino; nori ez dizkio begiak gehiago alaitzen loreen edertasunak zoru antzuak baino...
Udaberria naturaren berpizkundea da eta hotzari aurre egin ezinik egon den aitonarena edo amonarena. Hauek ere alaiago sentitzen dira eta sugandilak bezala eguzkitara ateratzen hasiko dira. Gazteak arropak kentzen joango dira eguzki izpien beroa eta brontzearen kolorea hartzeko.
Eta gero dena eraldatuko da: loreak fruitu bihurtuko dira, gari landarea galburu bihurtuko da, mahats adartxoak luzatu eta mahats alez eta mahats mordoz beteko dira. Belazeak kirkilez, zomorroz, matxinsaltoz eta ipurtargiz beteko dira. Inurriek beren faktoria martxan jarriko dute inurritegi handiak sortuz eta bertako almazenak janariz eta elikagaiez hornituz. Erleek loreen nektarra xurgatuko dute eta polena bilduko, beren erlauntzak eztiz gainezka jartzeko.
Natura harrigarria da eta jakintsua eta ederra. Gu ote gara hemen tonto bakarrak. Diru piloa kontu korrontean edukitzeagatik kapaz gara natura zikintzeko, hondatzeko, hilzorian jartzeko. Eta gero non biziko gara gu eta non biziko dira gure ondorengoak? Ama Lurra bakarra da. Hau hondatzen badugu, geure etorkizuna hondatzen ari gara.
Azkar aberastu nahi dutenei ez zaie axola natura izorratzea, isurkin zikinak botatzea eta natura hiltzea. Horregatik esaten dute Aznarrek eta Trumpek eta beste tranposo guztiek klima aldaketarena eta kutsadurarena komunisten kontua besterik ez dela. Azkar aberastu nahi dutelako, kutsadura garbitzeko ahaleginetan dirurik gastatu gabe. Irabaziak bakarrik nahi dituzte.
Eta udaberria naturaren edertasuna begien aurrean jartzera dator. Hau daukazue baina hau dena gal dezakezue axolagabe jokatzen baduzue. Mirets ezazue edertasuna dirua baino gehiago eta saia zaitezte urtero udaberri eder eta garbi batez gozatzen. Zuen eskuetan dago.