Hauteskunde usaina

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2019ko ots. 19a, 09:17

Udaberri usain honekin batera heldu da baita ere hauteskunde usaina. Alde guztietan barreiatu da urduritasun kutsua, eskuin muturreko zaldunak milaka kataklismorekin batera, beren zaldien eta beren ezpaten indarra eta ustezko salbazioa aldarrikatu nahi baitigute jende motz eta inozoa engainatzeko.

Eta Hispanistan ustel honetako birkonkistatzaile eskuin-muturreko apokaliptiko hauek “Valle de los Caidos” lotsagarri hartan datzan diktadore zital, hiltzaile eta odol-gose haren jarraitzaileak dira, haren kume malapartatuak, pertsona arrunten eskubideak lapurtzera eta horien poltsikoak hustutzera datozenak. Eta dirudienez okerrena da boto-emaile dezente izango dutela: zaldi-irabaztailearen aldeko asko izaten da tontoen artean eta ez dira konturatzen beren ongizatea lapurtzera, beren pentsioak murriztera, beren lan-baldintzak kaxkartzera, beren askatasuna gutxitzera eta aberatsak eta boteretsuak zaintzera eta gizentzera datozela profeta faltsu horiek guztiak.
Ezjakintasuna demokraziaren etsai handia da, eta pertsona batek bere iritzi propiorik ez duenean, besteek esandakoa eta batez ere boteretsuek esandakoa kontraste kritikorik gabe irensten duenean... gezurrik handienak eta lotsagabeenak ere bene-benetakoak balira bezala sinesten ditu eta handizki horien alde egiten du, konturatu gabe ongizate publikoa babestu ordez, lapurren agintea, mafiosoen boterea indartzen ari dela, beretzat eta bere familiakoentzat, lagunentzat eta herrikoentzat guztiz kaltegarria eta zorigaiztokoa izango dena. Horrela Bertin Osborne, Pakirrin eta Belen Esteban izango dira bere eredu, eta haien ahobero-keriak sinestuko ditu eta haien programa tenteltzaile eta txepelak ikusiko.
Baina gatozen datorkigunaz zertxobait esatera: zer eskaintzen dute Apokalipsiko hiru jineteek edo hiru zaldunek? Ikus dezagun:
Pablo Casado edo fra-casado gezurti bat da, unibertsitateko titulu bat atera ezin eta faltsutu zuena ustez. PP partidu mafioso ustel lapur horretako indar eskuindarrenekin elkartu da: Aznar, Maria San Gil, Cospedal... Eta PPk badakigu zer ekarri zigun: bilioitik gorako zor publikoa, ia mila inputatu ustelkeria kasuetan, lapurreta galantak, milioiak eta milioiak Suitzan eta paradisu fiskaletan eta misera gorria lantegietan; gehi mozal legea, eskubide zibilen murrizketa beldurgarria, injustizia izugarriak (Altsasuko gazteak, preso gaixoak, preso politiko katalanak...)
Albert Rivera ere ez dabil urruti. Hau garbizaletasunaren izenean zetorrela saldu ziguten: PP ustelduta zegoen, baina ba omen zen eskuin garbi bat. Eta jendeak sinetsi egin zion, baina gero beti ustelkeriak estaltzearen eta gordetzearen alde egin du. Frankismoaren eta falangearen jarraitzaile sutsu bezala agertu da eta ez du aurrerapausorik ekarri. Dena gezurra da eta horregatik sudurra hazten ari zaio Riverari: egunero sudurra igurtzi eta igurtzi ari da, Pinotxori bezala hazi ez dakion eta badirudi horretarako norbaitek hauts zuri magikoak errezetatu dizkiola. Agintari kaxkarra hau, sinesgarritasun arrastorik ez duena.
Eta Apokalipsiko zaldunik beldurgarriena Arabatik dator. “Santiago Abascal y cierra españa”, ematen du dela bere goiburua. Faszisten artean nor faszistago demostratu nahian dabil eta botatzen dituenak beldurgarriak dira: Kontzertu ekonomikoa eta autonomiak kendu, gay eta lesbianak zirkulaziotik baztertu, langileen eskubideak pikutara, hizkuntza nazionalak (euskara, katalana, galegoa) horiek ere pikutara, pertsonen eskubide zibilak, askatasuna... zabortegira... Honek amoniakoa edo salfuman azidoa bota eta bazterrak erre nahi ditu bera bezalako faszistak eta horiek diruz laguntzen dituzten aberatsak babestuz eta guztion eskubideen jabe bihurtuz.
Gora demokrazia, esango digute eta Amurizak zioen bezala “hori bada demokrazia, bota dezagun txerri askara” faszista eta frankista kutsuko diktadore txiki hauekin guztiekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!