Kale Kantoitik

Zaintza, zientzia eta pazientzia

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2019ko urt. 21a, 16:54

Negu honetan gogor jo du gripeak. Negua bera ez da hain gogorra, baina eztula, neumonia eta gripearen eragina bazter guztietara ailegatu dela dirudi. Inguru hauetan jende asko dabil gaitzak jota, eztul lehor gogaikarriaren mende.

Albistegietan esan dutenez  Kantabrian jo du gogorren, 100.000 pertsonatik laurehundik gora gaitzak jota daudela eta Euskal Erkidegoan 100.000tik hirurehundik gora. Badirudi Ebrotik behera gutxiago jo duela oraindik, baina kontuz ibiltzea daukate, hemengo birusak eta mikrobioak gai baitira liztor asiatikoa bezala beherantz abiatzeko.
Nik neuk eztul malapartatua eduki dut, lehorra, ia zikinik gabea, baina gauetan estu eta larri esnatzen ninduena, birikak eta eztarria puskatu beharrean arituarazten zidana. Eta esan behar dut akupunturarekin, infusio beroak edanez, ezkaiaren (tomillo) eta oreganoaren olio esentzialak hartuz eta beste tratamendu berezi batzuekin gainditu dudala —(uste dut)—. Badakit hainbat jendek medikuntza tradizionaletik kanpoko tratamendu hauek gaitzetsi edo mespretxatu egiten dituela, baina niri bost axola funtzionatzen didan bitartean. Homeopatia, medikuntza txinatarra (gorputzeko meridianoetan oinarritua), ayurbeda medikuntza (Indiako medikuntza tradizionala), Andeetako txamanen eta sendagileen medikuntza... mendebaldean gutxietsi egiten dira zientziaren eta sendakuntzaren jabe gu bakarrik bagina bezala. Baina horiek ere funtzionatu egiten dute eta batzuetan mendebaldeko harroputzon sendakuntza sistemak baino hobeto. Baina ez naiz hasiko gure Osakidetzaren aurka, neu ere behartu izan bainaiz eta oso ondo tratatua sentitu izan bainaiz.
Esan nahi dudana da zientziak asko aurreratu duela eta sendatzeko modu asko daudela eta ni ez naiz horietako inoren aurka joango. Zeren eta zientziak eta medikuntzak ezinbesteko dute zaintza, hau da, gaixoak gozo, arretaz eta begirunez artatzea eta tratatzea. Eta uste dut gaur egun asko aurreratu dela arlo honetan. Orokorrean esan daiteke erizainak, laguntzaileak, sendagileak, kamileroak, garbitzaileak... denak, saiatzen direla amultsuak izaten, jendeari tratu gozoa eskaintzen eta gaixoen familiari ere informazioa ematen eta hurbileko sentiarazten. Eta horretarako pazientzia handia behar du lan horretan ari denak. Lan gogorra da, nekosoa, eta askotan jende lotsagabearen ahoberokeria ugari entzutea tokatuko zaie. Horregatik behar da pazientzia, autokontrola, gaixo daudenekiko eta hauen familiar kezkatuekiko enpatia. Inoiz ikusi izan dut erietxeko langile aspertua, gogaitua, nazka aurpegia azaltzen duena... Baina pentsatu izan dut horrelakoetan egoerak eragindako gorputzaldi txarra izango duela une horretan: lan asko, jende gutxi atenditzeko, bronkaren bat entzunda lehentxeago edo mila motibo aldarte txarreko egoteko bai bizitza pertsonalekoak edo lantokikoak... Baina profesionalak horiek gainditzen jakin behar du (badakit erraza dela esaten), eta gehienetan aurpegi alaiak eta jarrera jatorrak eta atseginak nabaritzen dituzu. Eta hori da Osakidetzaren lorpenik handienetako bat, zientzia aldetik eta tresneria aldetik eman diren aurrerapenekin batera.
Nire eskerrik beroenak zaintzara eta sendagintzara bizitza eskainita dauden heroi anonimo horientzat guztientzat. Uste dut gizarte honetan mailarik altuenetakoan baloratuta daudela hauek denak. Izan ere, hauen lana, dedikazioa, pazientzia, zaintza, gertutasuna... neurtu ezinezko baloreak dira gizarte moderno honentzat. Nire miresmena eta esker ona badaukazue besteen osasuna sendatzera, zaharrak eta elbarriak zaintzera bizitza eskaintzen duzuen guztiok. Eta gogoan izan ezazue gaixoak, elbarriak, ezinduak... goxotasun handia behar duela, aurpegi alaia, jarrera baikorra eta belarri batetik besterainoko irribarre jator eta zintzoa. Beno, hori beste guztiok ere behar dugu. Beraz, saia gaitezen ingurukoei gure irribarrea eskaintzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!