Aurretik erabaki zuen Auzitegi Gorenak berak zerga horiek bankuek ordaindu behar zituztela eta ez bezero xumeek. Baina bankuko handi-mandiek eta IBEXeko handizkiek belarritik tira zieten Auzitegi Goreneko epaileei horrekin beraiek izugarrizko diru-galerak izango zituztela eta erabaki hori aldatu beharra zegoela. Ez zuten esaten orain arte neurriz kanpoko irabaziak izan dituztenik. Eta epaileek beste behin goragoko botere batzuen txotxongilo direla agerian utzi dute beren duintasuna eta izen ona kakaztuz.
Baina ez zaie asko axola. Lehen ere hainbat bider Europako Epaitegiek ipurdi agerian utzi dituzte hemengo epaileak, erabaki okerrak hartuta zeuzkatela eta zuzentzeko eta kalte-ordainak ordaintzeko eskatuz. Baina badirudi lotsarik ez dutela ezagutzen eta berdin-berdin jarraitzen dute prebarikazioaren harian dantzatuz. Eta kalte-ordainak estatuak ordainduko dituenez, haiei bost inporta.
Hor dauzkagu Lamela emakume epailea, “la mala” deitu beharko geniokeena, Altsasuko kasuan injustizia ikaragarriak egin zituena eta kale-istilu bat “terrorismo” ekintzatzat hartu zuena, nahiz eta gero epaiketan hori ez zen aurrera atera. Baina lortu zuen Iruñeko epaitegian epaitu behar zen kasua, tabernako istilua, Audientzia Nazionalera (Francoren Tribunal de Orden Publicora) eramatea, han zigor izugarriak, injustuak eta ankerrak ezarriz. Berdin ibili da Llarena epailea Katalunyako agintariak eta Omnium Culturaleko buruzagiak atxilotuz eta izugarrizko astakeriak egotziz: altxamentu bortitza biolentzia erabiliz, sedizioa eta diru xahuketa. Eta Llarenak eta beste guztiek badakite hori gezurra dela eta han egon zen biolentzia bakarra eta diru xahuketa itsasontzi handietan ekarri zituzten “Piolinena” eta eskuin muturrekoena izan zela.
Eta oraintxe gertatu berri da: Estrasburgoko Epaitegiak aitortu du Bateragune kasuko guztiek ez zutela epaiketa justu bat izan. Hor zegoen tartean Angela Murillo epaile madarikatu eta lotsagabea, epaiketa injustu horren buru izan zena eta zigor krudela jarri zuena: sei urte batzuei eta sei urte eta erdi besteei. Eta zigor osoa bete ondoren etorri da Europako erabakia, epaiketa hori ez zela zuzena izan. Harrapa ezak astoa hil eta gero. Bateraguneko akusatuek epai-mahaia errefusatu zuten aurreiritziz betea zegoelako eta aurreko kasu batean ere errefusatua izan zelako Angela Murillo malapartatua. Baina bai Epaitegi Gorenak eta bai Epaitegi Constituzionalak (ez al da izango prostituzionala?) ontzat eman zuten epai-mahaiaren konposizioa, orain Europak atzera bota duena. Nork hartzen dizkie kontuak ustezko gaizkile hauei? (epaileei buruz ari naiz). Nork itzultzen dizkie sei urte eta erdiak espetxean egon direnei. Eta Europako epaileak ere ez dira oso txukun ibili, espetxean modu injustuan egon direnei kalte-ordainik ez zaiela ordaindu behar erabaki baitute. Bat izan da bere duintasuna mantendu duena eta kalte-ordaina ordaindu behar zaiela eskatu duena, beste guztiek beren kideko epaile ustelekin errukior azaldu baitira, kalte-ordainak ordaintzetik baztertuz. Europa ere ez da askoz hobea, baina hemengo trogloditak baino hobeto gordetzen ditu formak, injustizia garbi direnak salatuz.
Otegiri oraindik ez diote inhabilitazioa kendu. Eta epaiketa ez bazen zuzena izan inhabilitazioaren erabaki hori ere ez zen zuzena izango, ezta? Baina ez daukat itxaropen handirik hemen justizia egingo denik eta inhabilitazioa berehala kenduko diotenik. Automatikoa behar luke izan, baina hemen badakigu mendekuak eta euskaldunen kontrako edozein amarruk balio duela. Presoen kasuan bezalaxe. Gure agintariek ere ahotsa ozen altxatzen ez duten bitartean ez dugu aurrerapauso handirik emango. Bada garaia denok batera injustiziari aurre egiteko. Belarriak dauzkanak entzun beza!