Kale Kantoitik

Eskuin muturraren gorakada

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2018ko urr. 29a, 14:56

Fenomeno kezkagarri baten aurrean aurkitzen gara Europa osoan eta ausartuko nintzateke esatera, mundu osoan. Ez baita Espainiakoa edota Europakoa bakarrik, hor ditugu AEBak Trumpekin, Kolonbia, Argentina, Paraguai, Brasil, Ekuador...

Ameriketan, eta Turkia, Israel, Arabia Saudi, Maroko,  eta beste hainbat eta hainbat estatu non eskuina edota eskuineko diktadura ankerrak agintean dauden amerikarren eta NATOko nazioen bedeinkazio guztiekin. Eta eskuinak ia beti ustelkeria dakar eta pertsonon eskubideen murrizketa gutxi batzuen eskubideak, diru-bideak eta gehiegikeriak ziurtatzeko.
Gurera etorrita hainbesterainokoa da ustelkeria non Rodrigo Rato sartu da espetxean, baina nahiko isilik pasatu da. Pentsatu Kataluniako gobernukideak sartu zituztenean zer nolako zintzarri hotsak, albisteak, tertuliak, gehiegikeria jasan behar izan genuen, baina Urdangarin edo Rato sartu dituzte eta saldutako prentsa osoa ia isilik geratu da, albistea letra txikian eta ezkutuko txoko batean azalduz. Erregearen gehiegikeriak ere estali egin dira, jendeak horretan pentsa ez dezan eta horretaz hitz egin ez dezan. Eta ez hori bakarrik, Pablo Casado bezalako txoropito titulu-faltsutzaile batek ozen aldarrikatu digu «gora gure erregea» esan behar dugula, PPn ez dela sekula ustelkeriarik egon, partidu zintzoa eta garbia dela... Norbaitek Pedro Fra-Casado deitu dio. Nahiago nuke egia balitz. Eta non daude Espainiako kazetariak, telebistetako esatariak, tertuliakideak, intelektualak... esateko hori gezur handi bat dela, PPren agintaldia eta Rajoyren gobernua ustelkeriaren muturreraino iritsi zirela, epaileak eta fiskalak ere manipulatzeraino eta beren kidekoak jartzeraino Epaitegi gorenean.
Eta okerragoa dena oraindik OPUS erakunde erdi-klandestino eskuin muturrekoa sartuta dago PPren barruan eta sistema judizial osoan. Diotenez Espainiako epaileen heren bat, hirutik bat, OPUSekoa da eta jakina da Jorge Fernandez Diaz, barne ministerioko kide ohia, De Guindos, Federico Trillo, Juan Cotino, Jesus Cardenal fiskal ohia, Ana Palacio, Jose Mª Michavilla... eta beste asko ere OPUSeko kide direla eta eskuin muturraren ustelkeriaren aurrean isilik egon direla edota ustelkeria hori probestu dutela beren karguetan egoteko eta beren gobernukideekin aberasteko eta eskuineko politika zital eta zapaltzaileak inposatzeko.
Bitartean, PPk jarritako epaile horiek Altsasuko gazteak espetxean dauzkate injustizia izugarria eginez, euskal presoak zigor eta mendekuaren pean dauzkate, etxetik urrun, beren zigorraren zatirik handiena beteta eduki arren. Eta ez hori bakarrik baldintzarik gogorrenetan dauzkate, 20 ordu edo gehiago gela itxietatik atera gabe, giza-eskubideak eta pertsonaren eskubide zibilak urratuz eta gorrotoa eta mendekua aplikatuz. Hori al da OPUSek eta Eliza katolikoak beren kardinal eta gotzainekin bedeinkatzen dutena? Munilla non dago ankerkeria hauek kondenatzeko? Nola arraio ez dute beren ahotsa altxatzen injustizia kriminal honen aurrean? Estatuaren agindura terrorismoa praktikatu zuten kriminalak, Galindo, Barrionuevo, Vera, Elgorriaga, Amedo eta beste hainbat aske daude, beren zigorraren zati ñimiño bat bakarrik beteta eta hori baldintzarik bigunenetan, espetxea baino gehiago hotelak ziruditen egoitzetan, mariskoa janez eta xanpaina edanez.
Hauxe da eskuin muturrak ekartzen duena: ezkerrekoentzat eta beren etsaientzat mendekuz beteriko injustizia eta zigorra, herritarrentzat pobrezia, etxegabetzeak, soldata miserableak, eskubideen urraketak, eta bere jendearentzat eta batez ere agintean edo boterean daudenentzat lapurreta librea, ustelkeria, neurriz kanpo eta modu tranposoan aberastea, jende xehea miseria gorrian utziz.
Noizbait konturatuko al gara eskuin muturrak eta agintari ustelek daukaten arriskuaz eta ekartzen diguten miseriaz eta eskubide murrizketaz. Beraiek salbatzaile gisa agertzen dira, gu edo miseria, gu edo kaosa, bezalako sloganak erabiliz, baina benetan gertatzen dena da haiekin datorrela miseria, kaosa eta giza eskubideen murrizketa, pertsonak eta hauen morala eta duintasuna zarpailduz eta balio gabeko trapu zahar gisa utziz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!