Baina badirudi aurten intxaurra, sagarra, hurra nahiko urri datozela, eta onddoak eta perretxikoak ere ez direla gehiegi izango, lehorte luzearen ondorioz. Udatiarrentzat eguraldia ederra, eguzkitsua, beroa... izan da, baina lurretik eta nekazaritzatik bizi behar dutenentzat, agian, lehorregia eta beroegia. Ezin denen gustuko eguraldia egin. Lurraren egarria aseko ahal du Euskal Herriko klima heze honek, berriro belazeak eta mendiak berdetzeko eta ganaduarentzako larreak oparo izateko. Baina klima ere erotzen hasia zaigunez, ez ahal digu gehiegikeriarik edo triskantzarik egingo. Eskatzen hasiz gero, onena eskatuko dugu.
Eta udazkeneko gorritze eder eta sanoaz gain, beste gorritze kaltegarri eta madarikatuak ere hasi zaizkigu: pinuaren gorritze beldurgarria, gure pinu populazioaren zati handiena hondamendira eraman duena. Gaitz malapartatua sartu da eta adituek diotenez, une honetan ez dago gaitz horri aurre egiteko antidoto egokirik. Pinudiak errotik moztu beharko omen dira izurrite horri ateak ixteko. Zeinek esango zuen garai batean, gure mendiak eta zelaiak pinudi bihurtu zirenean, eta Euskal Herriko geografiaren zati handi bat kolore berde ilunez bete zenean, horren era tragikoan eta azkarrean bukatuko zela pinuaren hegemonia.
Orain agintariek, nekazariek, mendi ustiatzaileek pentsatu eta erabaki beharko dute azkar eta zuhur zein zuhaitz mota komeni den aldatzea. Gure mendiek, pinuaren tirania jasan ondoren, zein zuhaitz mota onartzeko eta hazteko prest egongo diren aztertu beharko dute. Diru-laguntzak ere lortu beharko dituzte Europatik eta aurrekontuen zaku handi horretatik gure mendiak Castillako lur antzu eta lehor bilaka ez daitezen edo okerrago oraindik Monegroseko basamortuaren itxurarik har ez dezaten edo sasi, lahar eta sastrakez bete ez daitezen, zaindu gabeko oihan ibiliezin bihur ez daitezen.
Gorri gehiago ere ekarri ditu udazken honek: Trump EEBBetako agintari eskizofrenikoaren mehatxu eta gerra hotsak alde batetik, eta talde eta nazio terroristei eskaintzen dien laguntza bestetik: Israel eta Saudi Arabia bezalako estatu genozida eta hiltzaileei bere babesa eta armak eskaini dizkie, Palestinaren aurkako hilketa eta lur lapurreta sistematikoekin jarrai dezan batek, eta Yemengo gerran jeke arabiar anakroniko eta satrapa horiek garaile atera daitezen berea ez den nazio bateko barne arazoetan. Horrez gain Iran eta Venezuela mehatxatu ditu eta azken honi inbasio mehatxuak ere egin dizkio. Siriako gerra bukaezin horretan muturra sartzen jarraitzen du, Israeli eta ISISeko terroristei armak, laguntza logistikoa, janariak eta sendagaiak oparituz eta aholkularitza militarra eskainiz.
Eta lotsaz gorritzea zer den ez dute ezagutuko hispanistango eskuinak, agintariek, epaileek eta estolderietan eroso ibiltzen diren pertsonaia nazkagarri eta ustel horiek guztiek ere. Estatuaren estamentu guztiak daude nahastuta ustelkerian eta Espainiatik iristen den kiratsa jasanezina da. Juan Karlos Erregea izeneko unibertsitateak tituluen trapitxeoan dabilen txiringito itxura du eta Pablo Casadoren ustezko delitua aztertu nahi ez duen fiskaltzak eta epaitegi gorenak beste horrenbeste. Eskuin muturra, PP eta Ciudadanos, frankismoaren defendatzaile sutsuak, besteei demokraziaren eta garbitasunaren lezioak eman nahian dabiltza. Kataluniako eta Euskal Herriko presoekin daramaten jokabidea nazio koldar, mendekuzale batena da, justiziari eta zuzenbide estatuari barre eginez.
Negu gorriak izoztuta utziko ahal ditu agintari, epaile eta politikari ustel horiek guztiak eta noizbait iritsiko ahal da udaberri garbi, demokratiko eta justiziazkoa gure herri nekatu honetara.