Eta ikasleek ere ikasturte berria hasi dute. Eta hasiera hauek denak pixka bat kosta egiten dira, bereziki ikasleei kostatzen zaie, beti egoten baita asignaturaren bat edo gairen bat erdi trabatuta geratzen zaiena buruan.
Baina hala ere hobe da animoarekin eta jarrera baikorrarekin hastea, triste hasteak eta lur jota hasteak ez bai gaitu eramaten inora depresio antzeko egoera ezkor eta goibelera ez bada.
Horregatik ona da gauzak pixka bat “katxondeoan” hartzea eta geure buruari ere barre egitea. Eta ikasleen kasuan hitzekin jolas egitea, umorezko jarrera izatea eta bizitza poesia bat balitz bezala hartzea. Horretarako Joxe Antonio Ormazabalen “Hitzak jostailu”tik hartu ditut ondorengo errimak, hitz-jokoak, hizkuntz-jolasak, Joxe Antonio poeta handi bat baitzen, bertsolari sena zuena, eta umorea gainezka. Hemen dituzue umorezko perla hauek, hitzak jostailutzat hartuta:
Kamamila
mantzanila
mendian gabiltza
bila eta bila.
Hara hemen zerbait
biribil-biribila!
Zer ote da?
Zer ote da?
Behi baten
kaka pila!
******************
Eurimiri xirimiri
igela migela kantari
karakol bat karakol bi
bibotea busti zaio
gure katutxoari.
tantto-mantto
plisti-plasta
blai.
*****************
Euria bai
aterkirik ez,
busti baietz!
Bizikleta bai
frenurik ez.
Kontuz, Anttoni,
Kontuz, Anttoni!
Baietz erori!
Ziztu fiztu
euritan
plisti-plasta
bizikletan.
Zer gertatu zaio
Anttoniri kopetan?
*****************
Ez nauzue ezagutuko
aurtengo Inauterietan
erraldoi bihurtuko naiz
egun horietan.
Kilometroko zapatak
jantziko ditut oinetan.
Hodei puska txuriak
hartuko ditut eskuetan.
Eseri egingo naiz
mendi gainetan
eta ilargiari musu
emango diot gauetan.
*****************
Zergatik ez dute
izarrek bizarrik?
Zergatik ez dute izaten
zuhaitzek sukarrik?
Zergatik ez du ematen
haritzak intxaurrik
eta urkiak sagarrik?
Izarrek bizarra balute
eta zuhaitzek sukarra
emango luke haritzak intxaurra
eta urkiak ere bai sagarra.
Baina orduan...
txingurriak edukiko luke
elefantearen indarra.
Besoa izango litzateke iztarra,
astoak joko luke kitarra,
barre egiten hasi eta
aterako litzaiguke negarra.
Zure aitona gazte-gaztea izango litzateke
eta zu zahar-zaharra.
Eta hori zergatik?
Neuk ere oraindik
ez dakit.
Honelaxe, umore onarekin eta irribarre zabal batekin hasiera eman diezaiogun ikasturte berriari eta lanean berriro hasteari. Horrela gure inguruko jendearengan zoriona banatuko dugu, bizitza askoz ederragoa baita irribarre eder batekin. On egin, Amezketan eta Alegin.