Kale Kantoitik

Bihotza Thailandiakoekin

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2018ko uzt. 9a, 12:00

Gehien harritzen nauena jendearen solidaritatea da. Bi urpekariak Ingalaterratik eta mundu guztiko beste ehunka espezialista eta hainbat eta hainbat boluntario galdutako horiek bizirik ateratzeko ahaleginetan. Ez al da gizakiongan itxaropena mantentzeko argi izpi dizdiratsu bat?

Badakizue duela ia pare bat aste hamabi mutil (11 eta 16 urte bitartekoak) eta euren begiralea (26 bat urtekoa), Tailandian, Tham Luang-go leize-zuloan harrapatuta geratu zirela. Hasieran denak estu eta larri ziren uraren maila leize barruan oso goraino igo zelako. Beldur ziren urak harrapatu eta eramango ote zituen gazteak, duela urte batzuk, Tailandian bertan, beste leize-zulo batean sei turista eta haien gidaria eraman zituen bezala.

Aurreneko bost-sei egunak ez ziren oso atseginak izan. Jendea leize-zuloaren ahoan bildu zen, galdutakoen alde otoitz egiten, espezialista pilo bat ur bonbak eta hodiak garraiatzen, ura leizeko barrunbeetatik atera ahal izateko. Gurasoak, espezialistak, militarrak, suhiltzaileak, urpekariak, inguruetako nekazariak... denak helburu berberarekin: gazte horiek bizirik eta onik ateratzea haitzulo malapartatu hartatik.

Esan behar da Tham Luang haitzuloak 10 bat kilometroko luzera duela eta mutilak galduta dauden lekua sarreratik lau bat kilometrora dagoela, gela handiren baten erdian dagoen uharte antzeko harri handi bat izan behar du. Inguru guztian ur korrontea edo lurpeko ibaia daukate eta zorte handia izan dute uharte itxurako toki lehor hori topatzen, bestela ziur asko urak eramango baitzituen. Ilunpea erabatekoa izango zen hasieran, argia gorde egin nahi izango baitzuten eta tenperatura entzun dut 26 gradu ingurukoa ote den, baina ez dut inon irakurri. Guretzat harrigarria da, Euskal Herriko kobetan 9-10-11 gradukoa izaten baita tenperatura urte osoan. Baina, Tailandian egun hauetan 32-33 graduko tenperatura daukate, nahiz eta montzoien garaia izan eta eurite handiak izateko arriskua egon oraindik. Agian honek azalduko luke barruko tenperatura hain altua izatearen zergatia. Lurrak ere beroak egongo dira eta euria ere nahiko epel edo bero iritsiko da leizeko galerietara.

Bada, gurasoen eta koba inguruan bildutakoen larritasuna ia-ia jasanezina zenean, mutil horien aingeru goardakoak azaldu ziren, Ingalaterratik etorrita. Rick Stanton, suhiltzailea eta John Volanthen, ingeniaria, biak ere urpekaritzan eta leize-zuloetako salbamentuetan eskarmentu handikoak. Eta kostata, baina lortu zuten mutilak galduta zeuden uharteraino iristea. “Zein egun da?” galdetu zuten barrukoek. Eta “oso adoretsuak zarete”, erantzun zieten bi salbatzaileek. “Jende asko dator zuen bila”, animozko hitzak.
Orain itxaropena piztu da, baina lan izugarria dago egiteko: ura atera milaka eta milaka metro kubiko, baina montzoiak milioika litro bota ditzake gainetik. Edo beste zuloren batzuk egiten ahalegindu, arrisku gutxiagorekin ateratzeko. Edota buzeatzen erakutsi denbora gutxian eta lehenbailehen atera. Baina bada esaten duenik bi edo hiru hilabete joan daitezkeela erreskate lan horretan. Lehenago ateratzeko moduren bat aurkituko ahal dute...!

Baina ni gehien harritzen nauena, jendearen solidaritatea da: bi urpekariak Ingalaterratik, baina mundu guztiko beste ehunka espezialista, suhiltzaile, urpekari, salbamentuetako aditu, ur bonbak eta hoditeriak maneiatzeko profesional eta beste hainbat eta hainbat bolondres, galdutako horiek bizirik ateratzeko ahaleginetan. Ez al da gizakiongan itxaropena mantentzeko argi izpi distiratsu bat, ez al da enpatiaren eta elkartasunaren esenplu harrigarri bat? Eta zeinen gutxi zabaldu den mezu hau teleberrietan eta albistegietan.

Oraindik ere badugu bihotz handiko jendea, lagun hurkoarenganako sentimenduak, maitasuna eta solidaritatea pizturik mantentzen duena. Egia esatea nahi baduzue, niretzat oso albiste pozgarria da gizateri osoaren elkartasun hau sentitzea eta gazte horiek salbatuko ditugun itxaropena mantentzea.
Neu ere galduta egondakoa naiz Arrikruzko leize-zuloan, hiru kilometroko sakontasunean, hamabi ordu, ia gau osoa, eta badakit zer den estu eta larri egotea. “Aterako ote gaituk hemendik bizirik?” eta ideia hori bueltaka ibiltzen zaizu buruan harik eta kanpora irten arte. Kasu hartan ere atera egin gintuzten.
Ea ba Tailandiako gazte hauek ere zorte horixe bera izaten duten eta berehala irtenbideren bat bilatzen duten hainbesteko kemenarekin ahaleginetan ari diren espezialista eta borondate oneko pertsona horiek galdutako gazteak lehenbailehen kanpora ateratzeko.

Horixe izango litzateke uda honetako albisterik ederrena! Borondate onarena eta solidaritatearena nahiko albiste baikor eta pozgarria da, baina poza erabatekoa izango litzateke gazte horiek bizirik eta onik aterako balituzte. Beren gurasoek eta musutruk lanean ari direnek horrenbeste merezi dute.
Uda on eta lasaia pasa ezazuela zuek ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!