Kale Kantoitik

Irakurtzearen onurak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2018ko eka. 25a, 11:23

"Zure haurraren hezkuntzan lorpen hobeak lortu nahi dituzula? Txiki-txikitatik irakurle on bihur ezazu". Hori dio Jose Antonio Gonzalez Rios, psikologoak. Badirudi irakurle trebeak gauzen ulermena modu berezian lantzen duela inkontzienteki, eta gai dela disziplina desberdinak hobeto ulertzeko eta bereganatzeko, izan hizkuntza, historia, matematika, literatura…

Egun hauetan, sare sozialetan dabilen esaldia ere oso esanguratsua da: "De tanto ahorrar en educación, nos hemos hecho millonarios en ignorancia".
Horregatik, orain, oporretan dagoelako jende asko, irakurtzearen apologia egingo dugu tribuna honetatik, irakurketa on baterako hainbat irizpide eskainiz:
Zer da ipuin edo liburu on bat?
Bada, haurra “gorantz” bultzatuko duena: irudikapenak egitera, jakin-mina izatera, interesa sortuko diona, afektibitatea, sentiberatasuna, barre-algara, poza, konplizitatea... piztuko dizkiona.
Haurrak behin eta berriz eskatzen duen ipuina ona izango da. Eta baita askotan, miresmenez, burura ekartzen duena, hunkitu, harritu, sentimenduz bete, alaitu... egin zuelako. Ipuineko zerbaitek erakarri egiten du haurra, nahiz eta guk jakin ez zerk. Izan liteke ipuina oso tristea, alaia, hunkigarria, abentura kilikagarria, kontakizun barregarria... Sentimenduen eta barne sentipenen mundua hain da aberatsa eta bariatua... dena izan daiteke umearen egarria asetzeko gai. Ipuin batek haurrari zerbait esaten badio, ipuin hori ona da berarentzat.
Ipuin onak aukeratzeko iritziak
• Aniztasuna.
Bai formato, ilustrazio eta istorioetan.. bai mundu erreferentzialean, bai literatur errejistroetan, bai ipuinen edukietan eta berauek eskaintzeko eran (tradizionalak, modernoak, ludikoak, sentiberatasunez beteak, tristeak, umorezkoak, mendikoak edo ruralak, urbanoak, fantastikoak, errealistak, beldurrezkoak, maitasunezkoak). Haurrari zenbat eta aniztasun handiagoa eskaini, orduan eta aberatsagoa izango da eskaintza eta haurren gustu, afizio eta zaletasunak betetzeko aukera handiagoa edukiko dugu.
Txikienentzat tapa gogorrekoak oso egokiak dira, manipulazio errazagoa dutelako. Eta koloreak bizi-biziak badira eta marrazkia ere oso zehatza eta soila, hobe, horrela begi-kolpe batekin bereganatuko baitu irudia eta honek sinbolizatzen duena.
Ipuinek beti kontatu behar dute istorio bat (hasiera, korapiloa eta amaiera). Haurraren nahiei erantzuten dieten istorioak izan daitezela, haurraren esperientziekin nolabaiteko lotura izan dezaketenak. Haurrari erakargarri egingo zaizkion istorioak.
Testuaren eta ilustrazioen arteko koherentzia eta lotura izatea liburuaren aldeko puntu bat da.
• Irudi hunkigarriak eta ulergarriak.
Estetika desberdinak eskaintzea komeni da, baina ulergarriak izan daitezela umearentzat, esanahiren bat iradokitzen dutenak (zerbait sentiarazi, pentsarazi, erlazionarazi...)
• Testuaren etorria.
Testuak beti ulergarria izan behar du, haurraren adina kontuan hartuta. Testua ez bada ulergarria, goi mailako literatura izan daiteke, baina umearentzat enigma deszifraezina da. Haurrak hitz batzuk ulertzen ez baditu ere, testuingurutik ateratzen du zer izan daitekeen edo istorioa nondik nora doan. Hori zilegi da eta batzuetan komenigarria ere bada, haurraren hizkuntz maila hobetzen joan dadin. Baina, ulertu ezin diren testuak eskaintzea umea des-irakurzaletzeko biderik egokienetakoa da.
• Baloreak.
Haurrak erreferenteak behar ditu. Bere egoera emozionaletan, bere gatazketan, bere hazkundeko kezka eta zalantzetan... soluzioren bat, irtenbideren bat, erreferenteren bat... eskainiko dioten ipuinak gustatuko zaizkio.
• Amaiera.
Haurrari irtenbidea eskaini behar zaio beti. Haurrak nolabait, logikaz, espero duen amaiera eman. Korapiloa askatzen duen amaiera. Lasaitasun sentimendua eskaintzen diona haurrari. Amaiera gaiztoko ipuinek kezkaz eta beldurrez beterik utz dezakete haurra. Horregatik, ipuinean zehar, pista batzuk ematen joango gara, amaiera nolakoa izan daitekeen imajinatzeaz gain, bere aurrehipotesiak egiten joan dadin. Garrantzitsua da etorkizuna era positiboan azaltzea ipuinaren amaieran.
Eta honenbestez, on dagizuela irakurketak eta aberatsago bihur gaitzala jakindurian!


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!