Duela gutxi, ETA, erakunde desarmatua, desegin egin da modu ofizialean, gatazketan aditu diren nazioarteko hainbat kideren aurrean. Pozteko eta ospatzeko albistea, baina betiko igel kroak-gile karrakariak "kroak-kroak-kroak" aspergarrian aritu dira Madrileko gobernu frankista eta ustelari men eginez: ez dira damutu, ez dute barkamenik eskatu, ez dute aitortu gaizki aritu zirela... Inoiz eskatu al diozue hori bera tortura, bahiketa, hilketa anker eta basatiak egin dituen gobernuari eta beroien aparatuei. Galindo, Barrionuevo, Vera, Elgorriaga etabar atera zirenean inork "kroak-kroak" egin al zuen hain ozenki? Egia esan nazkatuta nago filosofo, idazle ospetsu, psoe-kide, eskubiko-ezkerreko iritzi emaile, gobernuko karrakari guzti hauen karraka-hots hipokrita eta monotonoarekin. Orain bakea behar dugu eta "errelatoak" edo kontakizunak nahi adina izango dira hemendik aurrera, batzuek kontakizun ofiziala inposatu nahi izango badigute ere. Baina bakoitzak badaki bere egia. Horregatik gaur kiratsa darion ustelkeria hau dena baztertuz, ipuin alai bat kontatuko dizuet.
Mila eta bat inurri
Arabia Saudiko basamortuan inurrien izurrite handi bat sortu zen. Inurriak milaka eta milioika zabaltzen hasi ziren alde guztietan. Lehenbizi, artzainen jaimatara iritsi ziren, harrapatzen zuten guztia janez. Gero, basamortuko oasietara, han zeuden palmondo eta zuhaixkak amen batean irentsiz. Laster ailegatu ziren herri eta hirietara ere. Etxeetan, supermerkatuetan, hoteletan sartzen ziren lotsagabe, harrapatzen zuten guztia aurrean eramanez.
Riyadh, Arabia Saudiko hiriburura ere iritsi ziren eta hango luxuzko etxeetan eta erregearen jauregian ere sartu ziren ausart eta oldarkor.
Petroleo putzuetako eraikinak ez ziren libratu inurrien eromenezko eraso hartatik. Petroleo hodietan, makineriaren engranajeetan, alde guztietan sartzen ziren inurri malapartatuak.
Bilioika izango ziren jadanik Arabia Saudin zehar barreiatutako inurriak eta erregeak bere jakintsuak bildu zituen izurrite hari nola edo hala bukaera emateko asmoz. Pozoina erabiltzea, plagizidak erresuman barrena zabaltzea, fosforoa eta sua erabiltzea… denetik proposatu zioten, baina erremedio horiek erabilita ondorioak izugarriak izan zitezkeen urtetarako.
Azkenik, jakintsuetako batek proposatu zuen hartz inurrijaleak erabiltzea. Mexikon, ba omen ziren hartz inurrijaleak. Berehala deitu zuten Mexikoko enbaxadara eta handik bideratu zituzten hartz inurrijaleak bidaltzeko kudeaketak. Mexikon berehala jarri ziren harremanetan Segismundo Hormiguera, milaka hartz inurrijaleren jabearekin. Bere abizena zela eta, Ertamerikako eta Hegoamerikako hartz inurrijale mota guztietatik bilduta zeuzkan Campecheko Estatuko bere lur zabaletan.
Enkarguaren garrantziaz jabetu orduko, pentsatu zuen bere hartz inurrijale guztiak barauan jartzea, kudeaketa lanak aurrera zijoazen bitartean. Aste beterako, enkargua eta kontratua bere eskuetan zeuzkan. Berrehun mila hartz inurrijale bidali beharko zituen Arabia Saudira, itsasontzi erraldoi batean. Inurriak jandakoan, bueltan bidaliko zizkioten hartzak eta 2 milioi dolar.
Gustura hartu zituzten Arabia Saudin hartz inurrijale gosetu haiek. Itsasontzitik jaitsi orduko hasi ziren hartzak inurriak ehundaka eta milaka irensten. Gosea zeukatenez, ez ziren gelditzen atseden hartzera ere. Arabia Saudiko lur gehienetan ikusi zituzten animalia berezi haiek jan eta jan, eta inurriak gutxitzen joan ziren, bigarren asterako inurri bat bera ere ikusten ez zelarik, ez basamortuko hareatza amaigabeetan, ez hirietako lorategi desitxuratuetan, ez etxeetan edota petrolio putzuetako makinerien artean.
Lur azaleko inurriak bukatu ahala, hartzek beren mutur luzeekin lurrean zulatzen jarraitu zuten, lurrazpiko zuloetan gordeta egon zitezkeen inurrien bila. Eta zulatuaren zulatuz, azaletik hurbil zeuden petrolio putzuetaraino sartu zituzten beren muturrak eta petrolioa xurgatzeari ekin zioten. Laster konturatu ziren arabiarrak hartz haiek potxolo-potxolo jartzen ari zirela eta kiratsa zeriela haien muturrei. Petrolioa zurrupatzen ari zirela ohartutakoan, laster bildu zituzten hartz guztiak, itsasontzian sartu eta Mexikora bidali zituzten bueltan.
Mexikon hartzak jaso orduko, konturatu zen Segismundo Hormiguera hartz haiek sabela petrolioz beteta zekartela eta bere negozioetarako sena esnaturik, petrolio hura hustiatzeko sistema bat asmatzeari ekin zion.
Albaitari baten laguntzarekin, berehala lortu zuen hodi mehe bat ahotik sartu eta sabelean zeukaten petrolioa upeletara ateratzea. Milaka eta milaka petrolio kupel lortu zituen horrela eta Arabia Saudiko erregeak bidali zizkion 2.000.000 dolarrez gain, beste diru mordoa atera zuen petrolio hura dena salduta.
Lehendik ere aberatsa baldin bazen Segismundo Hormiguera, ordutik aurrera bere aberastasunak biderkatu egin ziren, eta hartz inurrijaleei ere, sabel barruak ondo garbitu ondoren, janari berezia emango zien handik aurrera.