Kale Kantoitik

Cervantesen hizkuntzan: Hispanistan de los corruptos

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2018ko mai. 4a, 11:30

Manada izeneko taldearen epaiak hautsak harrotu ditu Espainian eta mundu osoan, EEBBetan, Alemanian, Frantzian, Erresuma Batuan eta Hollywooden ere eskandalutzat hartua izan delarik eta manifestazio jendetsuak eragin dituelarik hiri askotan.

Guardia zibil bat eta militar bat akusatuen artean egoteak eta halako bortxaketa basatia izateak mundu osoko prentsa astindu zuen, baina laster hasi ziren Hispanistan Usteleko sasi kazetariak eta iritzi maneiatzaileak biktima errudun bihurtzen. Epaileak ere biktimari detektibe pribatuak jartzea onartu zien erasotzaileei eta handik ateratako frogak erabiltzea, baina bortxatzaileen mugikorretan azaldu zen informazio aberats eta salatzailea ez zuen onartu epaiketan erabili ahal izatea. Eta hantxe zeuden bortxatzaileen intentzioak: burundanga, rohipnol edo antzeko produktu loarazleak erabiltzea, ahal ziren emakume gehien bortxatzea San Ferminetan, uste dut Pozoblancoko neskari egin zizkioten gehiegikeriak “burundanga” edo antzeko zerbait emanda ere hantxe zeudela. Baina hori dena ezin izan zuten erabili akusazioko abokatuek. Jende horren asmo maltzurrak, izaera arriskutsua, aurreko jokabide kriminalak... ezin dira ukitu epaiketa egiterakoan eta gainera “mutil zintzo” batzuk bezala aurkezten dira. Ondorioa lotsagabea izan da eta uste dut irtenbide zaila daukala jadanik, Nagore Laffageren kasuak bezalaxe. Kasu hartako hiltzailea libre dabil jadanik zigor nahiko arina jasota.
Eta beste muturrean daukagu Altsasuko gazteen kasua: taberna bateko ordu txikitako borroka “terrorismo” delitutzat  jo nahi dute, baina alde batekoen jokabidea bakarrik, beste aldetik ere mehatxuak (tiro bat emango zietela bi begien artean), irainak eta beste hainbat jarrera oldarkor egon baitzen. Gero gezurrezko testigantzak erabili dituzte beste askotan bezala, bideo batek argi utzi duelarik: guardia zibilari alkandora puskatu omen ziotela eta odol orbanak eta zapaten markak zeuzkala salatu zuen eta bideoan hortxe ageri da pantxo-pantxo, alkandora garbi-garbi, inolako urradura edo zikinkeriarik gabe. Hemen ere estatuaren ustelkeria sistema judizialetik etor daiteke Katalunyako kasuan bezala: akusazio izugarriak egiten dira: sedizioa, rebelioa, diru-xahuketa... Eta Europak, oraingoz behintzat, bere lekuan jarri ditu gauzak: ez dago horrelako deliturik eta ez dituzte espainiaratuko Katalunyako politikoak, delitu horiek Espainiako gobernuaren eta justiziaren asmakeria hutsa baitira. Ea Altsasukoen kasuan ere ez den ematen injustiziarik eta ematen bada, ea Europak zuzenarazten duen egin litekeen injustizia hori.
Hori dena horrela dagoen bitartean, Partidu Popularra milaka ustelkeria kasutan zipriztinduta eta zikinduta dago:
Madrilgo komunitateko 4 presidente ohi, Gallardon, Esperanza Agirre, Ignazio Gonzalez eta Cristina Cifuentes ustelkeria kasuetan nahastuta daude eta momentuz horietako bi Gonzalez eta Gallardon, ikertu edo inputatu egoeran daude. Cifuentes-en lapurreta eta “master” faltsua ere hortxe dituzue. Juan Carlos Erregea Unibertsitateko irakasle katedraduna ere justiziak ikertu egingo du prebarikazio zantzurik dagoen ikusteko.
PPko europarlamentari bat, Agramunt, ere bidali dute Europako parlamentutik esanez “lapurretak egitera Espainiara etortzeko”. Nonbait Azerbayango gobernuaren aldetik eroskeria edo sobornoak onartu zituen, eta oturuntza garestietan eta putetan diruak xahutu, gobernu hari buruzko informean gauza arinak bakarrik jar zitzan.
Alemaniaraino ere joan dira ustel hauek, Puigdemont atxilotu zuten poliziak erosi nahian, haiei ekintza horrengatik kondekorazioak emateko asmotan, baina Alemaniako Barne Ministerioak esan die ez duela horrelakorik onartuko, ezagutzen baitute Espainiako ustelkeria eta bazter guztiak gaitz zikin horrekin zipriztintzeko hauen ohitura maltzurra.
Espainiako Mafiak, oligarkiak eta boteretsuek armiarma-sare korapilatsu bat jarri dute instituzioetan, justizian, fiskaltzan, polizian, prentsan... eta oso zaila izango da armiarma-sare hori desegitea, herri ezjakin eta artaburuak botoa ematen dien bitartean. Eta pentsatzen hasita nago guri ere, katalanei bezalaxe, ez ote zaigun gelditzen INDEPENDENTZIAren bidea bakarrik monstruo ustel eta zital honen atzaparretatik libratzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!