Kale Kantoitik

Espainiako justiziaren porrota

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2018ko api. 16a, 11:43

Aspalditik genekien, frankismo garaitik eta Garzonen auto judizial destartalatu haietatik, Espainiako justiziak ez zuela justiziaren izenik merezi, berariaz egindako aldrebeskeriaz eta zentzugabekeriaz beteta zegoelako. Delituak nahierara izenda eta asma zitezkeen, eta gertatutakoak puztu guardia zibilak edo poliziak sortutako narrazio burugabe eta gorrotoz beteriko haiekin.

Baina neurri eta muga guztiak gainditzen ari da orain Espainiako estatua, justiziaren administrazioa botere mafioso baten mende eta mesedetan jarrita. Ustezko ustelkeria kasu larrienak, gobernuko jendearen eta botere faktiko eta ekonomikoen inguruko pertsonek egindakoak, ez dira epaitzen edo ikerketa tramiteak eta izapideak ez dira sekula bukatzen, eternitateraino luzatuz, denbora pasa dadin eta delituak preskribatuta gera daitezen: hor dauzkagu Urdangarinen eta printzesaren kasua, Blesa, Barcenas, Gurtel, Andaluziako EREak, Pujolen kasua, Valentziako ustelkeria kasu guztiak, Alcasser-eko neskatilen hilketa makabroa (non botere ekonomiko, politiko eta judizialeko jendea egon omen zitekeen nahasita), Iruñeko San Ferminetako manada-ren kasua eta beste hainbat eta hainbat. PPk eta PSOEk botere judizialean eskua sartuta daukate, beren gustuko eta konfiantzazko epaile eta fiskalak ezarriz goi karguetan. Eta horiek nahi diren kasuak gerarazi egiten dituzte eta beste kasu batzuk izugarrizko abiaduran aurrera eramaten dituzte, batzuetan benetako astakeria juridikoak eginez, Altsasuko gazteen epaiketa burugabea edo Katalunyako goi-karguen delituen tipifikazioa kasu.

Altsasuko gazteei taberna bateko edandako jendearen arteko borroka “terrorismo delitu” bezala izendatzen zaie, baina eurei bakarrik, guardia zibilei ez. Eta Katalunyako kasuan, buruzagiak denbora guztian biolentzian ez erortzeko eta probokazioei kasu ez egiteko jendea konbentzitzen aritu zirenak, orain rebelioa edo matxinada, sublebazioa, biolentzia, terrorismoa, diru-xahuketa edo malbertsazioaz akusatu nahi dituzte, biolentzia ankerra eta basatia erabili zuten bakarrak Piolinetan eramandako indar armatuak izan zirenean, gobernuaren aginduz. Europa osoak ikusi zuen zentzurik gabeko biolentzia izugarri hura eta eskandalizatu egin ziren Holandan bezalaxe Erresuma Batuan, Belgikan edo Alemanian, eta Espainia ia-ia Turkiarekin parekatu zuten giza-eskubideen urraketan.


Gaur bertan hasiko da Altsasukoen aurkako juizioa edo aberrazio juridikoa, Lamela epailea, goiko agintariek ematen dioten inpunitatearekin lasai ari baita gazte batzuen eta goardia zibilen arteko borroka itsusia terrorismo ekintzatzat jotzen. Eta gazte horiei izugarrizko zigorra ezarri nahi diete, euskaldunoi beldurra sartzeko eta gure herriaren konpromisoari mendeku neurrigabekoa emateko.


Katalunyan ere antzera jokatzen ari dira. Uste zuten katalanen konpromisoa independentziarekiko erraz menderatuko zutela, eta afera eskuetatik joan zaienean, diren eta ez diren delituak asmatzen ari dira, rebelioa (altxamendu armaturik eta biolentziarik egon ez denean), sublebazioa, diru-xahuketa (diru-xahuketak hemen PPk eta PSOEk egin dituztenean milaka milioi lapurtuz eta burugabe gastatuz), biolentzia, terrorismoa... Denak balio du etsaia menderatzeko, asmatutako gezurrik handienak ere bai. Horregatik Europa ustelak gehiegikeria hauek ezin ditu onartu eta atzera botatzen ari da Espainiako gobernuak eta epaitegiek bidalitako estradizio eskaerak. Lotsa sentitzen dute Europako kide den nazio batek justizia horren modu lotsagabean erabili nahi duelako. Belgika, Danimarka, Suitza, Alemania, Eskozia... lotsatuta daude Espainiako boterearen jarrerarekin. Guk ere azal dezagun gure haserrea eta gure protesta aurrera eraman nahi dituzten injustizia anker eta gorrotoz beteriko hauekin. Egon gaitezen erne berearekin atera ez daitezen eta justizia, proportzioz eta neurritasunez betetako justizia irabazle atera dadin kasu hauetan eta euskal presoen auzian ere bai.


Eta bitartean, benetako justizia egin dezatela eta azkar, Manada-koekin, Cifuentes-ekin, Juan Carlos Erregearen Unibertsitatearekin, Urdangarinekin, EREkoekin, eta PPk dauzkan ustelkeria kasu guztiekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!