WATTARIA

Espazio-ontzietako bateriak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano

2026an zeruak presentzia handia izan du albistegietan (eguraldiaz harago). Artemis II misioaren ilargirako bidaiak lehendabizi eta abuztuko eguzki eklipseak ondoren, Lur planetatik harago erakarri dute gure interesa. Horren inguruan pentsatzen ari nintzela, zera otu zait: zein bateria mota erabiltzen dute espazio-ontzietan? 

Bada, agian erantzunak harrituko zaitu, irakurle, baina ez da energia erreakzio elektrokimikoen bidez biltegiratzen duen bateria (edo ez hau bakarrik, behintzat). Baina agian, lehendabizi, kontzeptu hau azaltzea komeni da.

Energia biltegiratze elektrokimikoa. Goazen pausoz pauso! Korronte elektrikoa bateriara iristen denean (kargan) edo askatzen denean (deskargan), elektrodoak osatzen dituzten materialen erreakzioa gertatzen da. Erreakzio txikiak, ez kezkatu; egitura aldaketa txikiak. Erreakzio kimikoak. Eta aldi berean, elektroien fluxua gertatzen da. Korronte elektrikoa dago. Elektro. Elektrokimikoa. Horrelakoak dira Wattarian deskribatu izan diren litio ioi, sodio ioi edota elektrolito solidodun bateriak. Bateria ohikoenak.

Espazioan, ordea, beste bateria mota bat ere erabiltzen dute: bateria inertziala. Hauen kasuan, interesgarriena zera da: bertakoa baliatzen dutela. Edo hobe esanda: bertan ez dagoena. Izan ere, espazioan ez dago ezer. Ez dago ezer, hutsa dago; eta, beraz, ez dago marruskadura indarrik. Lurrean, atmosferako aireak marruskadura eragiten du, eta adibidez, errota bati eraginez gero, apurka aireak gerarazten du. Espazioan ez, eta bateria inertzialek hori dute oinarritzat: energiaz elikatzen direnean (kargatzen direnean) disko bat birarazten da. Disko horrek, espazioan marruskadurarik jasaten ez duenez, etengabe biratzen du. Energia zinetiko (mugimenduan oinarritutako energia mota) bezala biltegiratzen da hasieran elektrikoa zen energia. Beraz, diskoa daukagu biraka, eta halako batean, energia behar dugu. Bada, diskoa gerarazi eta energia zinetiko hori energia elektriko bilakatuko dugu berriz.

Honaino eszenatoki ideala: espazioan ere, bateria inertzialen osagaien arteko kontaktuak marruskadura eragiten baitu. Marruskadura txikia daukaten eta azkar biratzeko aproposak diren materialak aukeratzen dira, baina ez dira perfektuak. Eta espero daitekeen bezala, geroz eta material efizienteagoa aukeratu, orduan eta garestiagoa izan ohi da. Bateriak garestiak dira. Baina nik dakidala espazio-ontziak ez dira merkeak. Orokorrean, nahiko efizienteak dira, eta potentzia gehigarria behar denean erabiltzen dira: korronte handiak jaso/eman ditzakete eta karga azkarrerako egokiak dira. Dena den, teknikoki konplexuak dira eta mantentze lan handia behar dute.

«Espazioan, energia elektrikoa ez ezik, mugimendua ere erabil daiteke energia biltegiratzeko»

Wattarian orain arte deskribatutakoa energia biltegiratze elektrokimikoa bazen, bateria inertzialena energia biltegiratze mekanikoaren adibide bat da. Baina bada biltegiratze mota honen adibide lurtarrago bat: energia hidroelektrikoa. Kasu honetan, bi ur putzu daude, bata bestearen gainean. Energia behar denean, ura goitik behera jausten utzi eta turbina elektriko bat birarazten da energia elektrikoa sortzeko. Aldiz, energia biltegiratu nahi izanez gero, energia hori erabiltzen da ura azpiko putzutik goikora eramateko. Sinpleagoa, ezta?

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!