WATTARIA

Bateria kuantikoak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2026ko maiatzaren 4a

Bi mila eta hogeita seian albiste izan da lehendabiziko bateria kuantikoaren sorrera. Posible al da zientzia eta teknologian izen salgarriago bat aurkitzea? Bogan dauden bi elementu osagai bakar bat osatzen. Batetik, bateriak: erregai fosilak alde batera uztea ahalbidetuko digutenak. Bestetik, kuantikoa: inor gutxik daki zer den, baina a zer nolako abizena fisika, ordenagailu edota bateria batentzat. Agian hobe abizenetik hastea gaurko azalpena, Wattariaren irakurle leialek dagoeneko izango baitituzue baterien inguruko zantzu batzuk.

Kuantikoa zer den azaltzeko, lehenik eta behin kuantikoa zer ez den azalduko dut. Taula periodikoa hartu eta elementu ezberdinak ikus ditzakezue: hidrogenoa, helioa, litioa, eta abar luze bat. Hauetako bakoitza esfera bat bezala irudikatu. Atomoa litzateke hori. Atomoak elkartzean molekulak sortzen dira, adibidez, ura: bi hidrogeno atomo eta oxigeno atomo bat H2O molekula sortzeko. Molekulek zelulak osa ditzakete, edota gai inerteak (adibidez, mineralak), esaterako. Atomoen arteko elkarrekintzek molekulen izaera baldintzatzen dute, molekulen elkarrekintzak makro eskalan ikusteko gai garen hori baldintzatzen duen bezala. Eskalan txikitik handira goaz, atomoa gutxieneko unitatea izanik. Bada kuantikak kontrako noranzkoa azaltzen du: atomotik beherako osagaien elkarrekintza. Elektroiak, fotoiak, protoiak eta halakoak. Agian izen ezagunak zaizkizu, irakurle; funtsean, atomoaren osagaiak dira. Osagai hauen elkarrekintzak energia mailen arabera daude zehaztuta. Esaterako, elektroi batek geruza batetik bestera pasatzeko energia kopuru zehatz bat behar du. Maila horren azpitik energia jasotzen badu, ez da batetik bestera pasatuko. Kuantifikatuta dago behar duen energia. Kuantika. Fisikari edo kimikariren bati nire azalpenarekin eragindako tripako mina areagotu aurretik bateria kuantikoekin jarraituko dut.

«Izen salgarriaz gain, badirudi bateria kuantikoek etorkizun esperantzagarria dutela»

Bateria klasikoetan molekula mailako erreakzioak erabiltzen dira energia biltegiratzeko. Bateria kuantikoetan, atomo mailatik beherakoak dira erreakzioak. Izan ere, energia biltegiratzeko atomoen elektroiek (karga negatibodun azpipartikulak) eta argiaren partikulak (fotoiak) xurgatzean gertatzen den energia-transferentzia baliatzen dute kargarako. Berezitasun bat ere badute bateria hauek: gero eta tamaina handiagoa, orduan eta karga azkarrago egiteko gaitasuna daukate, teorikoki. Kablerik gabe ere kargatu ahal izango direla eta haien bizi iraupena ere handiagoa izango dela aurreikusten da. Egun, laborategi mailan egiaztatu dira eta apurka pilotu eta produkzio mailara iritsi daitezkeela dirudi… arazotxo bat konpondu ondoren. Izan ere, oso azkar kargatu bai, baina zailtasunak dituzte energiari bere baitan eusteko, oso sentikorrak baitira kanpo eraginekiko. Alegia, autodeskarga daukate. Ikertzaileak arazo honetarako irtenbide bila dabiltza. Efizienteak izateaz gain, material jasangarriak eta merkeak erabili beharko dira bateria mota hau egikaritzeko. Dena den, ezbeharrak ezbehar, eta izen salgarriaz gain, badirudi bateria kuantikoek etorkizun esperantzagarria dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!