Berarekin bat ez natorren arren, ona da erretorikan eta gustatu zitzaizkidan bere argudioak. Erretorikan baino burugogorkerian naiz bera baino hobea. Horregatik, gaiari tiraka jarraitzen dut, eta hemendik erantzungo diot energia metaketa eta natura bizia uztartzen dituen adibide batekin. Hasterako, eskerrik asko artikulurako gaia emateagatik ;).
«Ez da deskargatu ondoren berriro karga daitekeen bateria, erregaiz elikatu eta korronte elektrikoa askatzen duen erregai pila bat baizik»
2025ean Suitzako ikertzaile talde batek onddo pila aurkeztu zuen. Kasu honetan ez da deskargatu ondoren berriro karga daitekeen bateria, erregaiz elikatu eta korronte elektrikoa askatzen duen erregai pila bat baizik. Horretarako, 3D inprimagailu bidez onddoz osatutako bi elektrodo sortu zituzten: Saccharomyces cerevisiaez osatutako anodoa (legamia mota bat) eta Trametes pubescensean (ustelketarekin erlazionatutako onddo bat) oinarritutako katodoa. Onddo mota hauetako bakoitza beste osagai batzuekin nahastu zen elektrodoak osatzeko, tartean zelulosa eta azukrea (argi, irakurle, hau garrantzitsua baita). Lehenago Wattarian azaldu moduan, bi elektrodo hauek elektrolitoz (ioiak mugitzeko) eta elektroiak mugitzeko zirkuitu elektrikoaren bidez konektatuta daude. Baina ez kezkatu, irakurle, ongi gogoratzen ez bazara, erraz azaltzen saiatuko bainaiz.
Zertan oinarritzen da bateria mota hau? Anodoko nahiz katodoko onddoak azukreaz eta zelulosaz elikatzen dira. Alegia, elikagaiz inguratuta daude, elektrodoa osatzen. Ulertzeko, pertsonak (bizirik) txokolatezko tableta batean sartuta (urra zatiak bailiran) izatea bezalakoa litzateke elektrodo hori (gutxi gorabehera). Pertsonek haien inguruko txokolatea jan dezakete, ezta? Ba onddo hauek haien inguruan dagoen azukrea eta zelulosa ura erantsiz gero jaten dituzte. Gakoa hau da: anodoko onddoak elektroiak sortzen ditu elikatzerakoan, eta katodokoak elektroiak biltzeko gai diren entzima batzuk sortzen ditu jaten hasten denean. Izan ere, pilen funtsa elektroiak elektrodo batean sortu eta bestean jasotzea da. Horrela, elektroi fluxua eta, ondorioz, korronte elektrikoa, sortzeko. Match perfektua, beraz, anodoan sortutako elektroiak kanpo zirkuitutik joaten baitira anodotik katodora. Baina, esan bezala, pila honek ura behar du lan egiteko: lehorra biltegiratu daiteke erabiltzen hasi arte. Behin martxan dela, pila honek ia hiru egunez jarduten da, azukrea agortu arte; eta biodegradagarria da erabat.
Badaezpada argi esango dut: pila hauek ez dute zure auto elektrikoa ibiliaraziko, irakurle. Ezta sakeleko telefonoa ere. Energia kantitate txikiak sortzen ditu, ustez egokiak dira naturguneetan jartzen diren tenperatura sentsoreak energiaz hornitzeko, biodegradagarriak eta ez-toxikoak direnez, ingurune haietan lasai asko deskonposatzen utz daitezkeelako, ingurumen inpaktu txikia eraginda.