Eta, horiez gain, baita estrontzioa (Sc), itrioa (Y) eta lutezioa (Lu) ere. Orduan, zergatik dira lurrak? Elementuak izanagatik, mineral moduan aurkitzen direlako naturan, beste elementu batzuekin nahastuta. Hortik lur izena. Meatzarien lana beharrezkoa da elementuak banatzeko, hortik lur izena.
Eta, zergatik deitzen zaie arraro? Arrarotasuna urritasunarekin lotzen badugu, ez dira horren arraroak. Lurrean ez baitaude gutxi baina haien banaketa aztertuz gero, ulertu daiteke arraro izenlagunaren erabilera. Lur arraroak Txinan aurki daitezke gehienbat: mundu osoko lur arraroen %60 inguru bertan daude.
Eta Txinaren nagusitasun hau ez da soilik presentziara mugatzen. Aipatu bezala, elementu hauek beste batzuekin nahastuta aurki daitezke naturan. Haietatik banatzeko, prozesu kimiko gogorrak eta kutsagarriak erabiltzen dira, eta Txinaren ingurumen arau lausoagoek estatu honen hegemonia bermatzen dute ekoizpen arloan ere: lur arraroen %95a baino gehiago han ekoizten da. Ondorioz, Txinaren kontrola erabatekoa da.
Eta guri zer axola elementu hauek Txinan egotea? Erabiltzen al ditugu? Asko eta ikaragarri, hurrenez hurren. Lur arraroak egungo bateria komertzialetan erabiltzen dira haien errendimendua hobetzeko. Imanak (ez pentsatu super-imanetan; gure telebistetan ere badaude), beirak (bai, zure leihoetan ere egon daitezke), laserrak, txipak, edota LEDak ere ekoizteko erabiltzen dira. Beraz, horren arraroak ere ez dira, ezta? Guztion etxeetan daude.
«Lur arraroak egungo bateria komertzialetan erabiltzen dira haien errendimendua hobetzeko»
Baina hau Wattaria denez, baterietara itzuliko gara. Lur arraroek eraginkortasuna ematen diete bateriei, eta, ondorioz, tamaina txikiagoa duten bateriak ekoiztea ahalbidetzen dute, hauen ahalmena edo kapazitatea murriztu gabe. Lan berbera gailu txikiagoarekin. Kapazitatea ez ezik, baterien potentzia handitzen ere laguntzen dute. Ez dira soilik erabilgarriak bateria «arruntetan», auto elektrikoen baterietarako ere erabilgarriak dira. Beraz, haien inguruko interes ekonomikoa handia da, eta handitzen ari da erregai fosiletan oinarritutako autoei epemuga jarri zaienetik.
Gainontzeko estatuak ataka batean daude. Txinarekiko dependentzia murriztu nahi izanez gero, bi aukera dituzte: haien erabilera mugatzea edo birziklapena bultzatzea. Lur arraroek gailuen errendimendua hobetzen dute eta zaila da pareko zerbait lortzea haiek gabe. Hortik dugun lotura edo menpekotasuna. Halere, lor daiteke produktua merkeagoa izatea haien erabilera murriztuz gero. Birziklapena, bestalde, ez da prozesu merkea izaten, baina lur arraroen eskuragarritasuna murriztuz gero, aukera ona izan daiteke alternatiba teknologiko hobeen faltan. Egoera konplikatua da, eta are gehiago zailtzen du zure kartak parean dituzunak aukeratzen baditu.