Lehenik eta behin, zera argitu nahi dut: nik Europar Komisioak finantzatutako proiektuei buruz hitz egingo dut. Hala ere, badira beste hainbat erakundek finantzatutako proiektuak, hala nola diputazioak, Eusko Jaurlaritzak, edota Espainiako ministerioak.
Demagun proiektu ideia bat daukagula: zuzenean jo dezakegu erakunde hauetara? Ez, erakundeek deialdiak egiten dituzte. Gainera, deialdiak tematikoak izan ohi dira. Esaterako, Europar Komisioak Batteries 2030+ plataformaren bidez egiten ditu baterien inguruko proposamenak. Eta agian pentsatuko duzue: «Bateriak bere horretan ez al dira gai bat?». Ba ez, deialdiak oso espezializatuak izan ohi dira, eta teknologia motaz ez ezik, garapen mailaz ere sailkatzen dira. Horrelako TRL —technology readyness level edota teknologiaren heldutasun maila— balioak erabiltzen dira: 0tik 9ra. Adibidez, gai berri eta eraldatzaileek —bateria mota berri bat sortu nahi badugu, adibidez— TRL txikiak izaten dituzte. Ziurrenik laborategi mailan amaituko da proiektua. Bestalde, pilotu planta baten eraikuntza, edo prototipo ia komertzialen garapenak TRL balio handia dauka. Teknologia mota bat garatzen doan heinean TRL txikitik handietara igarotzen da, eta deialdi batzuetan zehazten duten proiektu proposamenak zein eremutan bidaltzea nahi duten, adibidez, 4tik 6ra. Ez da sinesgarria proposamenean 2tik 8ra pasako zarela esatea, eta zaila izango da proiektu hori finantzatzea.
Proiektuak, normalean, taldean eskatzen dira. Koordinatzaile bat izaten da, lan zama handiena izan ohi duena, eta herrialde ezberdinetako bazkideak izatea eskatzen da. Bazkideen artean unibertsitate, zentro teknologiko eta enpresak izatea lehenesten da. Eta ez pentsa proiektu eskaera bat prestatzea gauza txikia denik: ikertzaileon ehunka ordura arte ere eska dezake. Kontutan izan gure lan hitzarmenaren arabera 1.700 ordu inguru egin beharko genituzkeela. Gure lanorduek kostu bat dute enpresarentzat, eta sarritan ez da Europatik bueltan zentimorik etortzen! Izan ere, deialdi bakoitzeko proposamen ezberdinak aditu talde batek ebaluatzen ditu. Puntuazioak argitaratu eta balio handienak lortzen dituzten proiektuak soilik finantzatzen dira. Eta orduan hasten da zailena: proiektua gauzatzea! Askotan norabidea aldatu behar izaten da, ekaitz batek harrapatutako itsasontzia balitz bezala. Aldaketa horiek guztiak Europar Komisioak onartu behar izaten ditu, periodikoki ebaluatzaile batekin proiektuaren jarraipena egin behar izaten baita.
«Lan nekeza da finantziazio publikoa lortzea proiektuak gauzatzeko, baina sarritan ezinbestekoa da zenbait garapen proiektu aurrera ateratzeko»
Lan nekeza da finantziazio publikoa lortzea proiektuak gauzatzeko, baina sarritan ezinbestekoa da zenbait garapen proiektu aurrera ateratzeko, eta talde eta lurraldeen arteko lankidetza bultza dezake.